Joseba Salbador Goikoetxea

Badator Korrika euskara garela erakusteko

Atharratze, martxoak 19, arratsaldeko 15.30ak. Ordu horretan abiatuko da «Euskara gara» leloarekin Euskal Herri osoa zeharkatuko duen Korrikaren 24. edizioa. Hamaika egunez, 2.180 kilometro, 3.436 lekuko hartze, 460 herri eta milaka euskaltzale izango ditu zain, hilaren 29an Bilbon bukatu aurretik.

Aurtengo edizioak 2.180 kilometroko ibilbidea osatuko du. Irudian, 2024ko edizioa Nafarroako Castejon herrira iristen, furgoneta barrutik hartutako irudian.
Aurtengo edizioak 2.180 kilometroko ibilbidea osatuko du. Irudian, 2024ko edizioa Nafarroako Castejon herrira iristen, furgoneta barrutik hartutako irudian. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ohiturari jarraituz, aurreko edizioa amaitu zen lurraldean bertan hasiko da hurrengo Korrika, aurtengoan Zuberoan, zehazki Atharratzen. Eta bada arrazoi nagusi bat horretarako, alegia, Korrikaren “itzalguneetako” bat dela Zuberoako Basabürüa eskualdea. Izan ere, Korrika ez da bertatik pasatzen, abiatzeko ez bada. Handik iragan zen lehen (eta azken) aldia 1985ean izan zen; hots, Atharratzetik abiatu zen urtean.

Hortaz, euskara sustatzeko eta kaleratzeko beharra sekula baino agerikoagoa da bertan: Zuberoan eta Basabürüan euskara bizirik dagoen arren, azken inkesta soziolinguistikoaren emaitzek diote etxeko transmisioa eten egin dela, eskola transmisioak ez duela %15 gainditzea erdiesten, eta euskararen erabilera desagertzen ari dela karriketan. Gainera, Zuberoa da, eta bereziki Basabürüa, azken hiru hamarkadetan, biztanle kopuruaren arabera, euskal hiztun gehien galdu dituen lurraldea edo eskualdea.

Lau gune nagusi izango dira ostegun honetako irteera jaian: herriko plaza, pilota plaza, merkatu estalia eta haurren xokoa. Egunari hasiera emango diote txikienek bertako Korrika Txikiarekin, goizeko hamarretan, lehen gunean. Ondoren, gaiteroek alaituko dute plaza, eta, eguerdian, kale antzerkiaren txanda etorriko da. Merkatu estaliak, bestalde, bazkari herrikoia hartuko du. Haurren xokoan, besteak beste, Tor magoa eta puzgarriak egongo dira.

Behin Korrika abiatzen denean, arratsaldeko 15.30ean, festa lekualdatu egingo da, eta arratsaldeko bostetan Maulera egingo du. Han, txarangak, kontzertuak eta DJa egongo dira.

Amaierari dagokionez, eta Korrikaren beste ohitura bati jarraikiz, bukaerak bost hiribururen artean txandakatzen dira: Baionan amaitu zen azkena, eta 24. Korrikan Bilbok izango du Korrikaren azken metroak ospatzeko ohorea, martxoaren 29an, igandearekin. Eguerdian, lekuko barruko mezu sekretua irakurriko dute, euskararen herritik eskuz esku pasatu eta gero. Ondoren, egun osoko amaiera jai handiak hartuko ditu Bilboko kaleak.

Herriz herri, kalez kale, errepidez errepide... euskara garela erakutsiko du Korrikak hamaika egunez eta hamar gauez. 2.180 kilometro eta 3.436 lekuko hartze egingo ditu euskararen herrian zehar.

HIRIBURUAK

Hiriburuen artean, Maule bisitatuko du lehendabizi Korrikak: Atharratzetik atera eta 16.45ean helduko da hara. Donibane Garazin, ordea, martxoaren 20an, ostiralarekin, izango da, goizaldeko ordu txikietan (02.50ean).

Iruñera, aldiz, martxoaren 22an iritsiko da, igandearekin; Alde Zaharrera bazkalorduan helduko da bete-betean, 14.30ean.

Martxoaren 24an, asteartean, Baionaren txanda iritsiko da, 20.30ean. Donostiatik, martxoaren 25ean, asteazkenarekin, ibiliko da: goizeko 08.15ean Altzan, 09.30ean Intxaurrondon, 11.00etan Amaran, Parte Zaharrean eguerdian (11.55)…

Atsedenik hartu gabe, 27an, ostiralean, 21.00ak aldera, Gasteizera helduko da euskararen aldeko ekimen erraldoia.

Azkenik, Bizkaiko hiriburura martxoaren 29an sartuko da, igandean, goizeko 07.20ak inguruan, eta eguerdian irakurriko da lekuko barruko mezu sekretua.

GEOLOKALIZAZIOA

Aurreko ediziotik hona, aplikazioa berrikuntzekin dator. Batetik, eta Korrikaren kantarekin egin bezala, Korrika Laguntzaileak izan dira lehendabizikoak ibilbidearen berri izaten. Haiek hainbat informazio eta albiste jasotzen dituzte primizian, baita aplikazioa deskargatuta dutenek ere. Korrikak iraun bitartean, martxoaren 19tik 29ra, eguneko bideokronika bereziak helaraziko zaizkie aplikazioaren erabiltzaileei.

Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera ere emango du: batetik, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren -erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa- eta, horri lotuta, interesgarria da jakitea aplikazioak bilatzaile aurreratua duela: erraz ikusi ahal izango da non dauden herri, eskualde eta/edo kilometroak; bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko ditu 24 orduz.

Ohiko atalak ere mantentzen ditu: Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren barnean eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen arteko zozketak (eta irabazleak) erakusten dira bertan. Amaitzeko, aplikazioak aukera ematen du Korrikaren inguruko jakinarazpen eta jakingarri garrantzitsuenen berri primizian jasotzeko (orain arteko gertaerak: aurkezpena, abestia, ibilbidea...).

IOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta lasterketak iraun bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruz ere informatuko du; eta, lehen esan bezala, guztiz doakoa da.