A.A.
Elkarrizketa
Joseba Irazabal
Furgoneta arduraduna hamabost ediziotan

«Korrika bakoitzak hunkitzen nau, ez dut gogoratzen negar egin ez dudan bat ere»

Joseba Irazabalek hamabost edizio egin ditu Korrikan furgoneta arduradun lanetan. Gurpil gaineko hiru hamarkada horiek gau luzeak, emozio biziak eta lekukoaz haratago lasterketa bizirik mantentzeko kezka utzi dizkiote.

Joseba Irazabal, Otxandioko plazan, Alberto Barrondo artistak egindako lekuko erraldoiarekin.
Joseba Irazabal, Otxandioko plazan, Alberto Barrondo artistak egindako lekuko erraldoiarekin. (NAIZ)

Nolakoa izan zen zure lehen Korrika eta zer sentitu zenuen amaitzean?

Nire lehen Korrika oso berezia izan zen. Amaitzean, bizitako sentsazio horien falta sumatu nuen, hutsik sentitu nintzen, nolabait. Errepidean oso emozio indartsuak ikusten dituzu eta horrek harrapatu egiten du.

Zer da Korrikak duen zera berezi hori?

Sartu bezain laster adrenalina arraro moduko bat etortzen zaizu. Nekaturik jaikitzen zara, leher eginda, baina beti aurkitzen dituzu egun berriari aurre egiteko indarra eta gogoa. Motibazioa ez zaigu falta.

Hamabost ediziotan era guztietako uneak biziko zenituen. Bereziki gogoratzen duzun bat?

Oso une pertsonalak dira niretzat gorde nahi ditudanak, baina esan dezaket Korrika bakoitzak hunkitzen nauela, ez dut gogoratzen negarrik egin ez dudan Korrikarik.

Nola aldatu da Korrika urteekin?

Antolakuntzan dezente hobetu dugu, teknologia lagun, eta hori eskertzekoa da. Baina ibilbidea ere aldatu da. Hasieran ez ginen herri guztietatik pasatzen: Nafarroako Erriberako, Pirinioetako edo Arabako Mendialdeko hainbat lurraldetatik igarotzea ez zen batere erraza, kilometro asko, biztanle gutxi, eta euskararekiko konpromiso eskasa… Orain, zona bakar bat ere ez zaigu kanpoan geratzen, eta horrek erakusten du euskararen erabilera eta jendearen inplikazioa izugarri hazi direla Euskal Herri osoan.

Hainbeste edizio burutu eta gero, zein da gaur Korrikaren erronka nagusia?

Inertziari eustea lasterketaren ondoren. Horregatik, “Hamabigarren eguna” deituko diogun ekimen bat bultzatzen ari gara, jendeak Korrikarekin eta euskararekin konektatuta jarrai dezan lasterketa amaitutakoan.