
Mendiko eskiko edo skimoko lehien denboraldia amaitu edo amaitzear da. Andres Regil zeharkaldiarekin euskal lasterketek ateak itxi zituzten. Joan den igandean, berriz, Eskaladako eta Mendi Kiroletako Espainiako Federazioak (Fedme) azken-aurreko hitzordua izan zuen Espoteko eski-estazioan. Hain zuzen ere, eremu horretan Taldekako Espainiako Txapelketa jokatu zen.
Zoritxarrez, proba ofizial horrek egoera oso tristea izan zuen; izan ere, eskiatzaileen aldetik parte-hartze oso txikia izan zuen. Eta Espotera hurbildu zirenek ere egoera horri azpimarra jarri nahi izan zioten. Seniorretan, adibidez, hamahiru talde lehiatu ziren: gizonezkoen 12 eta bakarra emakumezkoena. Gazte maila ezberdinetan ere, antzeko irudia ikusi zen.
Bederen, Fedmeren hitzordu garrantzitsu horretan parte hartu zuten eskiatzaileek eguraldia lagun izan zuten.
Bertaratutakoek 13 kilometro eta 2.120 metroko desnibela zituen ibilbidean jardun zuten. Irteera zein helmuga 1.900 metroko kotan izan zuten. Ibilbideak zazpina igoera eta jaitsiera izateaz gain, taldeek pare bat eremu oinez egin behar izan zuten. Euskal ordezkariek, denera, lau podium erdietsi zituzten: bina nagusien mailan, beste bat 20 urtez azpikoen mailan eta azkena 16 urtez azpikoen kategorian.
Inguru ederra
Espoteko eski-estazioan hasi eta Aneuko haranean zehar ibili ziren bikoteek onartu dute ibilbide oso ederra prestatu zutela. Mutilen seniorren kategorian, Miguel Caballerok eta Antonio Alcaldek osatutako taldea aise gailendu zen. Oso sasoiko iritsi ziren Fedmeren hitzordu nagusi horretara eta 13 kilometroko ibilbidean 2:20:10 denbora egin zuten. Ia bederatzi minutura lehen euskal taldea heldu zen. Nafar selekzioko ordezkari Ander de Miguelek eta Asier Labairuk bigarren postua sinatu zuten. Loic Thevin eta Asier Alonso (Euskal Mendizale Federazioko eskiatzaileak) hirugarrenak izan ziren, baina talde hori postu horretatik kendu zuten Thevinek espainiar nazionalitatea ez duelako. Parte hartzen utzi bai, baina, diogun bezala, araudiak ezabatu zien brontzea. Top-10ean beste euskal talde bat sailkatu zen. Julen Errandoneak eta Ibai Primiciak seigarren postua sinatu zuten.
Arestian aipatu dugun parte-hartze eskasak emakumezkoen mailan isla izan zuen. Izan ere, soilik talde bat aurkeztu zen irteera puntuan. Hots, nafar selekzioko Uxue Loizu eta Andrea Zarranz. Eskiatzaileok 3:17:47 kronoa markatu zuten.
20 urtez azpikoen mailan, mutiletan, bigarren euskal urrea lortu zen. Hain zuzen ere, bi taldeen artean, Markel Barriok eta Hugo Robelesek osatutakoak oso erraz irabazi zuen. Euskal bikoteak bigarren talde sailkatuari 30 minutuko aldea atera zion.
18 urtez azpikoen mailan, berriz, ez zen euskal ordezkaririk izan. Bai, ordea, 16 urtez azpikoen nesken kategorian. Bi talde lehiatu ziren, eta Ane Rubio eta Nagore Azanza nafarrak zilarrarekin egin ziren.

Eraso sexistengatik Jon Maya dantzariaren aurkako salaketak argitara atera dira

La respuesta ciudadana aborta otra actuación de Desokupa, ahora en Irun

EITB Focus constata el auge de EH Bildu, el retroceso de UPN y la caída de PSE y PSN
Errenteriako Xenpelar bertso-eskolako irakasle batek egindako eraso matxistak salatu dituzte
