Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Iñaki Viñaspre, finaleko beteranoa, txapeldun

Iñaki Viñasprek jantzi du Arabako txapela gaur Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Unai Anda eta biak iritsi dira buruz burukora. Martxoak 3 Elkarteko Santi Diaz de Espadak eta Nura Elorriagak jantzi diote txapela Viñaspreri. Aretoa zutik, benetan hunkigarria izan den txalo zartada indartsuan. 

Iñaki Viñaspre, txapela jantzita.
Iñaki Viñaspre, txapela jantzita. (Raul BOGAJO | FOKU)

Arabako aurtengo txapelak badu burua: Iñaki Viñaspre. Hortaz, Abetxukuko bertsolariak bere bigarren txapela etxeratu du, 2019an ere lortu baitzuen. Martxoak 3 elkarteko Santi Diaz de Espadak eta Nura Elorriagak jantzi diote txapela. Bertsozaleek zutik eta hunkituta bizi dute unea, txalo zartada sentituarekin. Aurten justu 50 urte bete dira martxoaren 3ko sarraskia gertatu zenetik eta garbi geratu da mende erdian egin den lanak bizirik ekarri duela memoria gaur egunera arte. 

Txapeldunak ere hunkituta amaitu du txapelaren eskaintza. Hauxe bere bertsoa: «Ze publiko ederra dugun ta ze boskote itzela/ egitan pentsatzen nuen aukerarik ez nuela/ Martxoak 3 gogoan denok gaur arte bezela/ ta behin hasita hobeto bota ezkero kartzela/ ama etorri zait burura ezin zen izan bestela/ maite dut bere bisita, maite dut bere epela/ ta nahiz aspaldi dugun beste erdia joan zela/ aitarentzat ta zuretzat izan dadila txapela». 

Unai Andak eta biek jokatu dute buruz burukoa, finalista berria bata eta finaleko beteranoa bestea. Andak freskotasunetik eta ausardiatik osatu du saioa eta buruz burukora pasatzea izan da saria. Viñaspre bost puntu aurretik sartu da saioaren azken txanpara eta ganbarakoan atera dio koska handiena. Eskarmentuak badu bere pisua horrelakoetan. Finaleko lehen lau sailkatuen, Txapelketa Nagusian kantatzeko txartela lortu dute. 

Euskara, olatu gainean

Korrikaren taupada sentitzen zen Gasteizko Europa Biltzar Jauregian. Ordu batzuk lehenago pasatu zen Korrika Gasteiztik eta euskara olatu gainean zetorren. Eta horrela osatu dute finala bertsolariek, aparretan. Aretoa lepo beteta, bizi-bizi joan da saioa. Iñaki Viñasprek hasieratik erakutsi du baduela ofizioa, ez alferrik 14. finala izan du. Ariketa guztietan fin eta tarteka puntada oso zorrotzak emanez, buruz burukorako hautagai begitantzen zen. Alboan izan du saioaren azken txanpan Unai Anda, Zuiako bertsolaria eta finalista berria. Andari ez zaio igarri finalaren zama eta freskotasunetik eta ausart aritu da. Sari ederra lortu du buruz burukoarekin.

Segidan geratu dira Peru Abarrategi eta Aroa Arrizubieta. Biek ala biek egin diote marka propioa finalari eta kinieletan ez zebiltzan oso urrun. Lau horiek lortu dute Txapelketa Nagusirako txartela. Bosgarren eta seigarren tokiak Maddi Agirrerentzat eta Martin Abarrategirentzat izan dira, hurrenez hurren. Postuak postu, asmatu dute plaza gozatzen eta goratzen.  

Beteranoaren eskarmentua

Viñaspre izan da finaleko beteranoa, bai adinean eta bai final kopuruan. Ariketa guztietan puntuazio onena lortu du, seiko motzean izan ezik. Ariketa horretan Unai Anda nabarmendu da eta segur aski hortxe lortu du buruz burukorako txartela. Buruz burukoan, eskarmentuaren eta ofizioaren patxadarekin, Abetxukukoa gailendu da. 

“Iparragirre abila dela” doinuan abiatu dute buruz burukoa. Arabako finalaren ezaugarri da ariketa hori. Hauxe zuten gaia: «Duela gutxi hasi zineten elkarrekin lanean. Gaur, bazkarian elkarrekin hizketan, konturatu zarete pertsona beraren bikotea eta maitalea zaretela». 

Viñasprek bikain ekarri du aurreko bakarkako lanaren haria. Bikoteari giltzurruna eman dio aurreko ariketan, maitasun erakustaldi eder batean. Bertsozaleak hunkitzea lortu du gainera. «... baina segitu nahi dut eraikitzen gu bion etorkizuna/ bihotza aspaldi eman banion zer dugu ba giltzurruna» amaitu du lehen bertsoa. Eta buruz burukoan, hauxe lehena: «Lehengo zerua gaur bapatean bilakatu da infernu/ buru barruan ze amorrua, zenbat kezka, zenbat mamu/ asko maite nuela/ esaten nun bezela/ orain guztia da damu/ giltzurruna ez nioke emango guzti hau jakingo banu». Unai Andak ere dotore josi du ariketa hori. Umoretik asmatu dute biek plaza pizten. Azken ganbarakoan, berriz, Viñaspre goragotik aritu da. 

Finalista berriaren freskotasuna

Unai Andak freskotik osatu du finala, aske aritu da. Seiko motzean osatu duen ariketa horren adibide da. Martin Abarrategi eta biak lankideak dira, laneko bilera batean daude bakoitza bere telefonoarekin eta Tinderren match egin dute. Bilera amaieran biak bakarrik geratu dira. Abarrategik ireki dio bidea: «Eskuina eta ezkerra/ horixe dugu tinderra/ apur batean bilatu nahian norbere plazerra/ mezua ez da okerra/ ta hasi dagigun gerra/ lehen zitarako Unai ez dugu hau toki ederra». Eta Andak erantzun, «Ze toki match izateko/ baina hemen dagoeneko/ bakarrik gaude ta nire ustez gabiltza ederto/ astea ondo ixteko/ behar denera iristeko/ niri gogoa sartu zait ordu estrak egiteko». 

Lehen bakarkakoan ere ederki asmatu du Andak. Gai jartzaileak azaldu dionez, droga mendekotasuna gainditu zuen berak, baina bere lagun minak ez. Hauxe Andaren lehena: «Herrian horrenbeste jai ta horrenbeste taberna/ goizean resaka baino etorri ohi zen galerna/ horixe zen gaztaroa ustez genuen onena/ eskutan hartzen genuen guk biok baso gardena/ kokainarekin hasi eta sartu behar dena/ beti ibili ohi ginen gu komunetan barrena/ genioen zer da gerta dakigukeen txarrena». 

Peru Abarrategi, hirugarren 

Hirugarrena Peru Abarrategi izan da. Goitik osatu du saioa eta buruz burukorako kinieletan bere izena ere entzuten zen. 17 puntuko aldea atera dio Andak saioaren lehen zatian. Seiko motzean perla ederrak utzi ditu Maddi Agirrerekin batera. Hauxe zuten gaia: «Lagunak zarete. Gazte garaian asko tatuatu zineten. Jada jubilatuta, kresta galduta eta azala flojo xamar. Gaur hondartzan horri buruz hizketan hasi dira». 

Maddik ederki abiatu du bidea: «A ze gaztaro polita/ baina aldatu dut txipa/ lehengo ekintzen egin behar zaie gaur egun kritika/ denbora pasa da ti ta/ ikusiak ikusita/ iztar barnean beltz-beltza daukat Peru idatzita». Hauxe Abarrategiren erantzuna: «Kristauen fedeak fede/ tatuatzea zen xede/ lehen ginenak gorputz lirainak, lehen ginenak trebe/ zahartzaroa bizilege/ ez dizu egin mesede/ nahiko lan daukat jartzen duena irakurtzeko ere». Eta bigarrenaren amaiera: «... nago aitortu beharrean/ kamisetarik ez dut kentzen nik iloben aurrean». 

Laugarrena Aroa Arrizubieta izan da, 2024ko txapelduna. Lorratz propioa utzi du oholtzan. Hamarreko txikian, Peru Abarrategi eta biak egokitu dira elkarrekin. Gaia, berezia: «Pertsona berdinaren bi zapi zarete. Aroa mukizapia eta Peru zetazko fularra. Oporretarako maletan ezagutu duzue elkar». Aroak abiatu du ariketa: «Oporretara goaz hor biok jotasu/ ta ez diogu elkarri egin enbarazu/ zalantza bat sartu zait eta egin kasu/ mukizapia ni naiz edota zara zu/ ze zuk nik baino muki gehiago dauzkazu». Ez da makala mukizapi baten ahotik aritzea eta Arrizubietak irudimen ariketa oso jostalaria osatu du.
 
Umoreak altxatutako uneak

Hamarreko txikiko ariketan gaiak norabide horretan joan dira eta emaitza ederra utzi dute. Adibidez, Maddi Agirre eta Unai Anda abesti sonatu baten estribilloaren eta gainontzeko estrofen ahotik aritu dira, eztabaidan ea zein den garrantzitsuago. «Hemen estribilloak dira beti moda/ gogoratzen gaituzte guztiek gerora/ ai ta nire kantuan nago hain gustora/ Unai tarteko hori ez doa inora/ baina mundu guztiak daki ‘Aldapan gora’». Unai Andaren erantzuna ere, primerakoa: «Abestian daukazu luzea itzala/ baina amaitzen zara hasi eta berehala/ mezua nik neuk daukat hori da normala/ etorri zara hona zu harro bezala/ baina erdia larala larala». 

Martin Abarrategik lehen finala izan du –Agirrek eta Andak bezala–. Uneren batean trabatu arren, bertsolari puska dela erakutsi du. Bakarkakoan, gai honi abestu dio: «Istripua izan zenuenetik gaur lehen aldiz zutik jarri zara». Lehena: «Aramaioko biztanle orok ikasi ohi du primeran/ Arrasatera joan behar dela maiz larunbat ilunkeran/ ta gu horrela geratu ginen ta pentsa kontua zer dan/ ia gaueko hirurak arte zerbeza genuen edan/ ta gero zuen etxera bueltan autoz zinderamaztedan/ bihurgunean atera arte lau gurpil gainean hegan».

Amaieran, hauxe izan da puntuazioa:

Iñaki Viñaspre 1141

Unai Anda 1124,5

Peru Abarrategi 749,5

Aroa Arrizubieta 749

Maddi Agirre 740,5

Martin Abarrategi 710