Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

«Asko maite zaitut, aita», herri baten sentipena ume baten hitzetan

Behar zen moduan ospatu zuten Unai Lasok eta Jon Ander Albisuk igandean lorturiko Binakako txapela. Nafarrari azken urteetako aferak eta bere azken lesio larria ahazteko balio izan zion. Ataundarrak, berriz, inoiz baino gertuago sentitu zuen bere herriaren maitasuna.

Laso eta Albisu, aurrez aurre, Ataunen, Binakako Txapelketako finala irabazi eta biharamunean.
Laso eta Albisu, aurrez aurre, Ataunen, Binakako Txapelketako finala irabazi eta biharamunean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Igandeko Binakako Txapelketako finala jokatu aurretik, historikoa izango zela sarri entzun eta irakurri zen hedabide zein pilotaleku edo tabernetan. Pilotari bakoitzak bere merituak zituen txapela janzteko, baina momentu erabakigarrian Unai Laso eta Jon Ander Albisu izan ziren Nafarroa Arenako frontoira eta final handiak exijitzen zuenera hobekien egokitu zirenak.

Altunaren eta Ezkurdiaren aldekoek pentsa dezakete Aspekoek merezi zutela garaipena, Amezketako aztiak palmaresa betetzen jarraitzeko eta Arbizuko aurrelariak iazko edizioko txapelari segida bikaina emateko eta, bide batez, enpresak egindako esperimentuari amaiera itzela emateko: lehenbiziko aldiz atzelari jardunik, txapeldun ateratzeko.

Baina Lasok eta Albisuk bazituzten euren arrazoiak ere merezitako irabazleak izateko. Txapelketa luzeko bikote sendoena izateaz gain, momentu kritikoan –finalerdietan, alegia– burua altxatzeko gaitasuna izan zuten. Ez hori bakarrik, finalean, etxetik ekarritako taktika lotsarik gabe bete eta amaiera arte ezin hobeto atera zitzaien. Astean zehar aurkariei buruzko bideoak ikusteak lana 'erraztu' zien, baina gero kantxa barruan martxan ipini behar izan zuten, eta hori beste kontu bat izaten da. Gauzak hala, jokoa atzean kargatu zuten Joseba Ezkurdia nekatu eta haren bikotekide Altuna III.a jokoan hain erraz ez sartzeko. Horrek finalari ikusgarritasuna kendu zion. Baina nork gogoratzen du benetan final ikusgarri bat?

Bizkarreta-Gerendiaingoak azken urteetan izandako aferak eta azkenaldian izan duen lesio larria atzean uzteko txapela behar zuen; bere bizkartzainak, berriz, 36 urte betetzeko gertu dagoenean, bere lehen txapel handia lortzeko.

Eskarmentuarengatik, nekearengatik edo dena delakoagatik, behin partida amaituta kameren aurrean eskainitako elkarrizketetan oso lasai nabaritu zitzaien garaileei. Emozioa, ziur aski, barrutik joango zen. Hala ere, Txus Villalabeitia fisioterapeutaren hitzak entzutean, Laso hunkitu egin zen. Ez da gutxiagorako! Zenbat ordu pasako zituen nafarrak berarekin lanean lesioa osatu eta indartsuago bueltatzeko... «Batez ere horrek betetzen nau», adierazi du gaur nafarrak «dezenteko» astelehenarekin, Albisurekin batera hedabideen aurrean egindako agerraldian.

«Sentsazio polita»

Hotzean ideiak argiago azaltzen dira. «Nafarroa Arenan berandu bukatu genituen lanak, eta sagardotegian jaten hasterako gaueko hamaikak ziren. Luzatu egin zen kontua. Orain arte ez nekien zer zen txapel bat lortu eta gero afaritan ospatzea, eta oso sentsazio polita da», adierazi du Albisuk.

Aurreko egunean, mikrofonoaren beste aldean, Albisuren alabak «asko maite zaitut, aita» esan zionean, Jon Anderri irribarre zintzo bat atera zitzaion. Zenbat aldiz entzungo zuen esaldi hori etxean, kalean, alaba oheratzean...? Baina igandeko esaldi horrek beste indar bat zuen, herri oso baten sentipena. Ataundik iritsitako senide zein lagunek herrikidea txapelarekin ikusi ahal izan zuten.

Badakizue esaerak zer dioen: 'Txapela buruan eta ibili munduan'. Azkena ez izatea nahiko luke atzelari ataundarrak. Bidea, behintzat, ireki du; inoiz ez da berandu izaten horretarako.

Buruz Burukoa aurkeztuko dute astearte honetan

Igandeko finalisten bideak banandu egingo dira datozen hilabeteetan. Izan ere, astearte honetan bertan Buruz Burukoa aurkeztuko dute Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bertan ezagutuko dira falta diren pilotarien izenak, baina ziurra da Laso, Altuna III.a eta Ezkurdia bertan izatea dagoeneko sailkatuta dauden Dario, Zabala, Peña II.a. Jaka, Artola eta Larrazabalekin batera. Urteko txapelketa garrantzitsuenaren finala maiatzaren 31n jokatuko da, Nafarroa Arenan.