Alaia Sierra
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Bere lehenengo eleberria argitaratu du Idoia Frailek, ‘Arranoaren luma’

Idoia Fraile idazle errenteriarrak ‘Arranoaren luma’ nobela argitaratu berri du Elkar argitaletxearen eskutik. Zuberera estandarra eta euskara batua uztartuz, XIX. mendeko emakume baten, Gaxusaren, istorioa kontatzen du. Zortzi urteko lanaren ostean argitaratu du lan hau.

Idoia Fraile, liburuaren aurkezpenean.
Idoia Fraile, liburuaren aurkezpenean. (ELKAR ARGITALETXEA)

‘Arranoaren luma’ eleberria argitaratu berri du Idoia Fraile idazleak. XIX. mendeko Zuberoako landa eremuan kokatutako istorio bat biltzen dute liburuaren orrialdeek. Bere lehen eleberrian, emakumearen bakardadeaz, sutondoan tokia egiteko zailtasunaz, nork bere bidea topatu eta eraikitzeak duen garrantziaz eta denboraren ihesaz aritu da.

Hala azaldu du idazleak astelehen honetan Donostian egindako aurkezpenean. Editore lanak egin dituen Matilda Legardinier ere bertan izan da. Honek adierazi duenez, historikoa eta erromantikoa den nobela hau irakurriz gero protagonistaren, Gaxusaren, mina sentitu daiteke.

Irakurtzera animatzeko asmoz Idoia Frailek gaineratu duenez, «eleberri honen barruan ez dago mina bakarrik, intriga sorraraziko duen istorio bat ere badelako». Gainera, irakurleari protagonista «ahula edo esanekoegia» dela irudi dakiokela ohartarazi du, baina XIX. mendean irudikatu behar dela esan du.

Istorioaren abiapuntua protagonistaren alabak, Kattalinek, amak idatzitako hitzak topatzen dituen unea da. «Xakerteko bortxüetako arranoa niz. 1859ko bedatsea» irakurri zuen segapoto baten barrutik papertso bat atera eta zabaltzean.

«Trazu baldar hartan Gaxusak inoiz esan gabeko egia zegoen, inoiz aitortu gabeko gorputz sendo lumaduna, zeruan galdu nahi zuen hegalera, amarena ez zen mintzo karraskaria, edo, agian, baita ordura arteko bizimoldea urratzea bilatzen zuen garrasi harro-oldarkorra ere; nolanahi ere, bere ama baino gehiago, lurtarra ez zela adierazten zuena», azaltzen du idazleak.

«Zorretan» Zuberoarekin

Nobelak zuberera estandarra eta euskara batua uztartzen ditu. Narratzaileak batua erabiltzen duen bitartean, elkarrizketak zuberera estandarrez idatzita daude, garaiko errealitatearekin bat egiteko.

1990eko hamarkadaren bukaeran Zuberoan egon zen irakasle moduan lanean Idoia Fraile eta han ikasi zuen euskalkia. «Ateak zabaldu zizkidaten», adierazi du aurkezpenean. «Sartzea kosta zitzaidan baina ateratzea ere bai», gaineratu du. Hori dela eta, «zorretan sentitu nintzen» eta Zuberoan gertatzen den istorioa sortu behar zuela sentitu zuen, eta 8 urte iraun duen prozesuari ekin zion.