NAIZ

Martuteneko espetexea memoria-leku bezala oroitzeko eskaera berretsi du Donostiako EH Bilduk

Martuteneko espetxea memoria-leku bezala oroitzeko talde memorialistek egindako proposamenarekin bat egin du Donostiako EH Bilduk, otsailean antzeko proposamena aurkeztu zuela gogoratu ondoren.

Martuteneko espetxea, Donostian.
Martuteneko espetxea, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Martuteneko espetxearen orubean Zubietako irekitzen denean etxebizitzak egiteko plana dela eta, eremu hau memoria-leku bezala oroitzeko proposamena egin berri dute talde memorialistek. Donostiako EH Bilduk eskaera honekin bat egin du eta otsailean Udalean antzeko eskaera egin zuela gogoratu du. Honez gain, duela bi urte Udaleko Memoria Historikoaren Aholku Batzordean ere gisa honetako beste eskaera aurkeztu zuen ere EH Bilduk. 

Markel Ormazabal zinegotziak gogoratu duenez, «Martuteneko kartzela frankismo betean inauguratu zen, 1948an, Ondarretako espetxea itxi ondoren. Beraz, erregimen frankistak eragindako errepresioaren protagonista eta lekuko zuzena izan da. Heriotzak, torturak, era guztietako laidoak... Justiziazkoa ez ezik, ezinbestekoa da gertatukoa gogoratzea, are gehiago totalitarismoen egungo gorakadaren aurrean. Memoria, berriro gerta ez dadin. Ahanzturaren aurkako memoria, memoria antifaxista». 

Kartzela frankista ugari 

Martutenekoa, gaur egun Donostian dagoen espetxe bakarra da, baina ez da beti horrela izan. Donostiak, hiri txikia izan arren, nahi baino kartzela gehiago izan zituen XX. mendean zehar. 1936an Donostia faxisten eskuetan erori ondoren, Ondarretakoaz gain, Kursaala, San Jose de la Montaña ikastetxea, San Jose babes-etxea (emakumeentzako soilik) eta Infernua auzunean Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak eraikitako biltegia ere kartzela izan ziren. Azken horri Zapatari kartzela esaten zioten.

Hirigunean dagoen San Jose babes-etxea memoria lekua da, eraikinaren aurrealdean dago behinola atxilotze-zentroa izan zela oroitzen duen argibide-panela. Baina ez da gauza bera gertatzen Kursaalen edo San Jose de la Montaña ikastetxean, eta Zapatari kartzelari dagokionez, ez dira hilabete asko hondeamakinek auzuneko azken horma eraitsi zutela. «Begiak ezin du gogoratu behin leku hauek izan zirena, ez behintzat gaur egun», tamaldu da Ormazabal.

Infernuko bizilagunek hala eskatuta, Aranzadi elkarteko kideak Zapatariko kartzela izandakora sartu ahal izan zuten eraikina eraitsi aurretik, ebidentzia historikoak jasotzeko. Baina berandu, korrika eta presaka, azken unean eta ahal zutena egiten. «Oraingo honetan, ordea, garaiz gabiltza Martuteneko espetxearen memoria behar bezala landu eta zaintzeko. Eta begiak gogora dezala behin han izan zena, bertan gertatukoa ahaztu ez dezagun», adierazi du Ormazabalek.