
Helmuga bakar-bakarrik gaindituz, ihesaldi baten ondoren eta bere buru eta hanka onei eser. Azken garaipena ospatu eta urte eta erdira, Ion Izagirrek besoak altxatu ditu berriro eta gustuko duen moduan egin du. Miguel Indurain Sari Nagusian azken parte-hartzean, hirugarren aldiz eskuratu du lasterketa, Quinn Simmons iheskidea azken igoeran utzita. Alex Aranburuk, Markel Belokik eta Haimar Etxeberriak aurreko hamarren artean amaitu dute euskal txirrindulariek protagonismo handia izan duten karreran.
Euskaltel-Euskadiko Unai Aznar izan da bere dortsala erakutsi duen lehena, eguneko ihesaldian sartuz. Ohiko gidoiari jarraitu dio lasterketak lehen zatian. Txirrindulari apalen ihesaldia –kasu honetan Garcia Pierna, Sinuhe Fernandez eta Louis Ferreira Aznarrekin batera–, kilometro asko buruan eta bost minututik gorako aldea. Atzetik, Astanak egin du lan gehien. Talde indartsuenetzat jotzen zitzaion irteeran, Lidl-Treken baimenarekin, eta aurre egin dio erantzunkizun horri.
Helmugatik hirurogei kilometro baino gutxiagora, tropela berriro elkartu da eta hortik aurrera ez da lasaitasunik egon metro bakar batean. Etengabeko jauzi saiakerak, orain jada lehen lerroko txirrindulari eta taldeekin, eta ihesaldi guztiak helmugaraino joan zitezkeenaren sentsazioa.
Batez ere, eta horrela izan da, helmugatik azkenaurreko aldian pasatuz gertatu den mugimendua. Batzuk saltoka, beste batzik atzetik, hamaika txirrindulariko ihesa osatu da azkenean. Taldeen aniztasunagatik –indartsuenetatik Movistar eta Red Bull bakarrik geratu dira ordezkaritzarik gabe–, txirrindularien kalitateagatik eta amaitzeko geratzen zen distantziagatik, ona izan zitekeela susmatzen zen. Euskal zalegoaren pozerako, etxeko bost txirrindulari sartu baitira talde horretan: Ion Izagirre, Igor Arrieta, Ander Okamika, Urko Berrade eta Txomin Juaristi.
Baina lasterketa buruko taldean lan egiteko akordioa eta indarrak ez dira homogeneoak izan, tropelak estutu egin du, batez ere ihesalditik talde garrantzitsuetako txirrindulariak erortzen hasi direnean, eta Erauleko azken igoeran abentura amaitzear zirudien. Hamar segundo eskas zeuden lasterketa burutik tropelera.
Distantzia oso txikia zen, baina Ion Izagirre eta Quinn Simmons hanka onekin sentitu dira eta amore ez ematea erabaki dute. Lehenengo estatubatuarrak, gero are indartsuago Ormaiztegikoak, erritmoa bizkortu dute. Bi izan dira ondorioak: lasterketa burua bikote batera murriztu da –nahiz eta Igor Arrieta eurekin bat egiten saiatu den– eta, atzetik, tropelak segundotxoak galdu ditu, jazarpenerako konplikatua zen errepidean.
Irtetzeko indarrak izan ditu, hala ere, Markel Belokik. Erlojupeko motza eta intentsoa eginez, helmugatik bost kilometrora harrapatu ditu Izagirre eta Simmons. Baina azken aldapako zatirik gogorrenean, Cofidiseko txirrindulariak indarrez jo du eta Belokik berehala ordaindu du aurretik egindako ahalegina. Simmons-ek ez dio askoz gehiago eutsi eta Izagirre bakarrik joan ahal izan da helmugaraino, bertaratutako zale guztien txaloak hartzeko eta gozatzeko, 2016an eta 2023an egin zuen bezala.
Garaipen «zoragarria»
«Zoratzen», erantzun dio Ormaiztegikoak ETBko kazetariari nola sentitzen zen galdetzean. «Gogotsu etorri gara, urtero gatoz. Bagenekien irabaztea beti dela zaila, baina denboraldia ondo hasi dugu, intentzio guztiarekin etorri gara eta garaipen bat berriro lortzea, eta gainera etxean, zoragarria da», gehitu du.
Paris-Nizan erakutsi eta gaur berretsi duenez, sasoiko dago Izagirre. Eta bi egunetan, oso gustuko duen beste lasterketa bat hasiko da, aurten bereziki motibatuta ekingo diona. «Banekien ondo nengoela –esan du– eta gaurko garaipena horrela erakusten du. Motibazioa ematen dit Itzulira begira».

El Ejército israelí intercepta la Flotilla y detiene a 175 personas, entre ellas siete vascas

Eneko Andueza sitúa al euskara como «una amenaza más» contra los derechos laborales

«Gerra inperialistaren aurkako» aldarria zabaldu du EHKSk Iruñeko kaleetan

«Gure gorputz xuri eta europeoek dardar egiten dute Israelgo makinaria parean dutenean»

