Andoni Lubaki
Fotokazetaria / Fotoperiodista

Amesgaiztoaren hasiera sahararrentzat

1975eko azaroaren 6an, Hassan II.a erregeak azken kolonia espainola eta alaui erreinua banatzen zituen hesia zeharkatzeko agindu zien ehunka mila marokoarri Martxa Berdean.

Martxa Berdea Tah herrira iritsi baino lehenagoko errepidean, Tarfayatik hegoalderantz.
Martxa Berdea Tah herrira iritsi baino lehenagoko errepidean, Tarfayatik hegoalderantz.

«Badirudi bi kolore dituen amets batean zaudela, baina, egia esan, zain zaude. Han, munduko basamorturik handienak eskukoa ematen dio munduko ozeanorik handienari. Eskuinean ura, eta, ezkerrean, harea». Ali Fayehk ama sahararra eta aita magrebtarra ditu, eta, munduko alde honetan, bilatzea eta itxarotea gauza bera direla azaldu dit. Edo behintzat emaitza berdinera eramaten dutela, ekintza beraren aurretik. Hots, bilaketak ez duela beti ekintza inplikatzen. «Ala da nahi izate hutsarekin bilatzen dituzun gauzak erakusten dizkizuna, adi egon besterik ez dago», gaineratu du Tarfayako kafetegi batean.

Bihotzeko arazo batengatik erretiratu beharra izan zuen kamioilariak, oraindik ere gogoan du Hassan II.ak zibilei hegoaldeko muga zeharkatu eta bertan bizitza berri bat hasteko emandako hitzaldia. «Denontzako lana eta etxea egongo zela agindu zuen. Amets bat zen txiro askorentzat. Milaka elkartu ziren herri honen irteeran, militarrek bertara iristen eta janaria emanez laguntzen zieten. Ia denek iparraldeko etxe zaharretan zuten apurra zeramaten. Nik 12 urte izango nituen, eta aitak, Alak bere loriatan gorde dezala, ogia, arroza eta azukrea saltzera bidaltzen ninduen. Egun batzuk zain egon ondoren ez zutela ezer izango pentsatu genuen. Eta hala zen, baina oinarrizko elikagaiak erosteko dirurik ere ez zuten. Behartsuak ziren! Erregeak familia horiek babesteko agindu zien militarrei. Gogoan ditut nire adin bereko haurrak, trapu zaharrez jantzita. Militarrek janzten zituzten. Munduak ezin zuen ikusi marokoarrak pobreak zirela. Hegoaldeko irteera bereganatu zuten, orain Afriquiako gasolindegi bat dagoen lekuan. Gero atzerriko kazetariak etorri ziren, gehienak frantsesak, eta soldaduek jada ez ziguten gertu ibiltzen utzi. Kazetari bat gogoratzen dut haurrei gozokiak eskaintzen eta hauek ezezkoa esaten, soldaduek hala agindu zietelako. Etxean, anai-arrebok gozoki horiek eskuratzeko edozein hiltzeko gai ginen!». Azukrez gainezka dagoen teari zurrut egin eta isilik geratu da.

Hegoaldera abiatuko naiz Tarfayatik, antzinako Juby lurmuturretik. Ali Fayehk esan didan lekuan geldituko naiz. «Basamortuaren erdian zegoen inurri-hiri txiki baten antza zuen». Halaxe azaldu zidan inongo turismo-gidatan agertzen ez den kafetegi zikin hartatik atera ginenean. Bozina jo eta ispilutik besoa altxatzen ikusi dut. «Maa Salamah».

Berak aipatutako gasolindegira iritsi naiz. Hegoalderantz metro gutxira eta errepidea gurutzatuz, lautada idor bat dago. Asfaltozko mihi txiki bat ezkerrean eta ondoren ezer ez, harea eta arroka bakarrik.

Sekula ez dut gogoko izan pertsonarik gabeko argazkiak ateratzea. Hemen, aldiz, behartuta nago, ez baitago inor. Marokoko jendarmeriaren auto bat agertu da eta atera nahi nuen argazkia egiterik ez dut izan. Tariq eta Sophienne -horrela deitzen dira poliziak- adeitsu ageri dira, eta basamortuaren alde polita hegoalderago, askoz hegoalderago, Saharan dagoela ohartarazi didate, eta bidean zehar ez dagoela ezer. Hori bai, ezerez horretan zerbait aurkituko dudala ohartarazi didate. «Nire segurtasunagatik» kontrol militarrak eta polizialak egongo dira. Disimulatzeko eta turista despistatu bat naizela sinetsarazteko, alde egin dut gehienentzat ezer ez dagoen baina niretzat guztiaren hasiera den lekutik. Ofizialki oraindik azken kolonia espainola den eremurantz.

Errepideari N1 izen berria jarri zioten 1992an. Aurretik, asfalto zati bat besterik ez zen, eta, batzuetan, hareak irentsita, desagertu egiten zen hainbat zatitan. Erabilerarik ez zuenak ez zuen izenik. Azken batean, inor gutxiri galtzen zitzaion zerbait Tarfayatik hegoalderago; Hassan II.a satraparen aldarrikapenen ondoren bizitza berri bati ekiteko ametsa baino ez zen.

Antoine de Saint-Exupéryk berak ere, “Printze txikia” ipuinaren idazle ospetsuak, Juby lurmuturrean (egungo Tarfaya) hilabete batzuk eman zituenak, honela idatzi zion Conchita maiteari: «Hegoaldean ez dago ezer, eta bertakoak ere ez dira hegoalderago bidaiatzen ausartzen. Erguibat lurraldea da [egilearen oharra: Saharako tribu nagusia iparraldean eta kanpalekuetan], eta, hegazkin istripuren bat baduzu, hobe da lehenbailehen irtetea eta leku hura atzean uztea».

Kontuak kontu, 1992an, funtzionarioren batek pentsatu zuen Nazio Batuen aurrean Sahara Marokoko Erresumaren parte zela frogatzeko, errepideari izena jarri beharko zitzaiola. Rabateko Gobernuaren mapa ofizial asko han amaitzen ziren, errepideak izenik ez zuen lekuan. Gaur egun, izenik ez zuen errepide horrek N1 du izena, eta Tah herritik pasatzen da, garai bateko Espainiako iparraldeko azken herritik, eta ez dago gelditu beharrik, ez baitago ezer ikusteko. Baina gelditu egin naiz.

Esalam kafetegian, Ahmedek tea zurrutaka edaten du. Horrelako leku batean, ezer ez dagoen leku batean hain zuzen, turista bat galtzamotzetan galduta ikusteaz harrituta dago: «Hemen monumentu berri bakarra dago, eta Hassan II.ak, bere aitona Hassan I.ak egin zuen bezala, bertara egin zuen bisita oroitzen du. Hau beti Maroko izan baita eta beti Maroko izango da».

Ahmed Ifraneko (Atlas mendilerroko zona ezaguna) herrixka bateko mutil-koxkor bat baino ez zela etorri zen, «urtero elurra egiten zuen tokitik». Izerdi tantak darizkio kopetatik behera te zurrutada bakoitzarekin. Bertan jaio izan balitz, hobeto jasango zuen beroa mendi hotzetan sortu zen gizonak. Ahmed, baina, pozik dago «espainiar inperialismotik» jada ez delako ezer geratzen, mendebalderago ikusten diren egur batzuk izan ezik, haizeak hareak astintzen dituen heinean agertzen eta desagertzen direnak.

Martxa Berdea geratzeko altxatutako alanbre-hesi inprobisatu baten hondarrak dira. Hain inprobisatua, egun gutxiren buruan altxatu baitzuten; ordura arte, desertuko natura lehor eta idorra baino beste harresirik ez zegoen. Basamortua zeharkatu ondoren, baina, hesi ahul hark ez zuen inor atzera botako, are gutxiago egindako ahaleginaren ondoren. Ahalegin horrek Martxa Berdea izena hartu zuen, esperantzaren kolorea baita berdea. «Lekuko zahar batzuek Espainiako nortasun agiria dute oroigarritzat, baina iraganaren oroitzapena baino ez da. Beti marokoar sentitu zirelako», gogoratu du Ahmedek. Ez da erraza Maroko kritikatu edo Fronte Polisarioarekiko aldekotasuna erakuts dezakeen norbait topatzea.

Informazio blokeoa, kazetari kanporatuak 

Kazetari atzerritarrentzat arrisku handia duen munduko bazter honetan kanporatze aginduak puri-purian daude. Rabatek ezarritako blokeo informatiboa hausten saiatzen den Equipe Media kazetarien elkarteak kazetari kanporatuen kontua galdu du. «Askori ez diete hegazkinetik jaisten uzten», azaldu du Ahmed Ettanji talde horretako kideak.

«Beste batzuk, autoz edo autobusez iritsi bezain laster, jazarriak dira. Ezin dute ekintzaileekin bildu. Hala egiten badute kanporatu egiten dituzte. Are gehiago, turismoa oso zainduta dago, Dakhlaren kasuan bezala. Denak daude kontrolatuta, zu zeu kontrolatuta egongo zara», gaineratu du telefonoz Ettanjik.

Tahtik hegoalderantz, Laayoune hiribururantz atera bezain laster, poliziaren kontrol batek geldiarazi nau. Autotik jaitsarazi naute, atzeko autoko gidariarekin egin bezala. Aurpegia estalita duen emakume batek, amorruz mugitzen ari den neskato bati negar malkoak lehortu nahi dizkio. Poliziek ez dute bereizten nor gelditu eta nor ez. Denak gelditzen dituzte, salbuespenik gabe. Atzerritarra bazara, fitxa bat bete beharko duzu pasaportean ez dauden datuekin: amaren izena, aitaren izena, Espainiako helbidea, bisitaren arrazoia, lanbidea, bisitan zehar non hartuko duzun ostatu eta beste. Fitxa hori betetzen duen poliziak galdetu du ea beste zerbait dudan gehitzeko eta guztia nire segurtasunagatik dela. Nire autoaren aurrealdean jartzera behartu nau eta ni neu eta matrikula ikusten diren argazki bat atera du.

Nire segurtasunagatik zergatik kezkatu behar ote nukeen galdetu diot jendarmeari. «Terroristak», erantzun du. «Zer motako terroristak?», ihardetsi diot sinesgogorrarena eginez. Polizia, ataka batean sartu dela konturatuta, lohitik ateratzen saiatu da, eta delinkuentzia arrunta eta jihadismoa nahastu ditu zentzurik gabeko esaldi sorta batean. Azkenean, munduko alde honetan gaitz guztiak biltzen dituen hitza erabili du: «Aljeria». Aldameneko herrialdea da Marokori gertatzen zaion txar ororen sustraia; lan erreformaren aurkako protesten eta ikasleen greba ororen atzean omen dago, ezegonkortasun ekonomikoaren errulea ere ba omen da, noski. Baina hitz horren azpian bada bat ezin dena aipatu, goi mailako zirkulu militar edo politikoetan izan ezik: «Polisarioa». Autoa abiatu eta hegoalderantz jo dut, gauzek izenak dituzten eta beti izan dituzten eremurantz.