NAIZ

Denboraldi amaieran txirrindularitza utziko duela iragarri du Pello Bilbaok etxean

«Zortea izan da txirrindulari profesionala izatea, euskal herritarra izanik, zalego honekin, lasterketa hauek izanda», adierazi du Pello Bilbaok Euskal Herriko Itzuliaren seigarren eta azken etaparen atarian, denboraldi amaieran agur esango duela iragartzeko.

Tourrean lortu zuen bere garaipen onena Bilbaok.
Tourrean lortu zuen bere garaipen onena Bilbaok. (ANNE-CHRISTINE POUJOULAT | AFP)

Gaur amaitzen den Itzulia izango du Pello Bilbaok azkena. Izan ere, gernikarrak azken etapa abiatu aurretik iragarri duenez, denboraldi amaiera txirrindularitza profesionala utziko du. 

«Etxean esan nahi nuen, niretzako bereziena den lasterketan. Nire azken urtea izanen da», esan du Bahrain taldeko txirrindulariak. «Zortea izan da txirrindulari profesionala izatea, euskal herritarra izanik, zalego honekin, lasterketa hauek izanda eta beste batzuek ez duten zorte hori edukita», adierazi du dauden txirrindularitza eskolak eta entrenatzeko «paradisua» den geografia goraipatuz.

Uztailean Tourrean egonen da eta ondoren Donostiako Klasikan eta Getxon, «txirrindularitza ahalik eta modu onenean uzteko».

Erabakia aspaldi hartuta zuen, baina etxeko lasterketan eman nahi zuen albsitea, «emozionalki bereziena» delako berarentzat. Eta erakusten ari da egun hauetan, etengabe saiatuz.

Tourrean lortu zuen bere garaipenik handiena bizkaitarrak, 2023an Issoiren ihesaldi bat errematatuta. Izan ere, errematatzaile ona izan da. 17 garaipen bildu ditu osotara, eta horietako asko maila handikoak. Aipatutakoaz gain, 2019ko Giroan bi etapa poltsikoratu zituen, eta besoak altxa ditu ere Euskal Herriko Itzulian, Dauphinen, Down Under Tourrean, Alpeetako Tourrean edo Zornotzako Udaberri sarian.

Itzuli handietan, etapa ehizan ibiltzeaz gain, postu bikainak eskuratu ditu ibilian-ibilian. 2023an seigarren izan zen Tourrean eta bederatzigarren 2021ean, bosgarren 2020 eta 2022ko Giroan eta seigarren 2018an.

«Badakit txirrindularitzaren falta sumatuko dudala, baina ulertzen dut, halaber, zein zorrotza den urterik urte etekinik handiena mantentzea. Energia handia eskatzen du, eta belaunaldi berria inoiz baino indartsuago dator. Niretzat, txirrindularitza % 100ean bizi beharreko zerbait da, eta % 100a eman ezin duzunean, aurrera jarraitzeko eta kapitulu berri bat hasteko garaia da», esan du euskal txirrindulariak larunbat honetan.

Aitortu duenez, «denboraldi honetan, lasterketa batzuetan, normalean baino urduriago» sentitu da. «Azken aldiz erakutsi nahi dut zer egin dezakedan. Denboraldi berezia izango da. Ahalik eta ondoen amaitu nahi dut, emaitza berezi bat lortuz edo nire lana ondo eginez eta karrera handiak sortzen lagunduz», gehitu du.

Belaunaldi bateko azkenaurrekoa

Bilbaoren iragarpen hau ez dator bakarrik. Abenduan Ion Izagirrek jakinarazi zuen 2026koa izango dela bere azken denboraldia. Aurreko sasoiaren amaieran ere Jonathan Castroviejok eta Omar Frailek utzi zuten bizikleta profesionala eta larunbat honetan eman du ezagutzera Bilbaok bere erabakia.

Guzti honekin 2010eko hamarkadaren hasieran izan zen goi mailako Euskaltelen azkenaurreko ordezkaria da Bilbao. Azkena, Mikel Landa, zeinek Soudalekin duen kontratua amaitu egiten duen denboraldi amaieran, baina oraindik ez duen iragarri zein izanen den bere etorkizuna.