
Artium Museoak azkartu egin du inguruko jardun artistikoekin lotutako artxiboak eta funts dokumentalak berreskuratu, inbentariatu, katalogatu eta zabaltzeko ahalegina. Bi funts jaso berri ditu dohaintza bidez, ahalegin horretan «urrats bat» direnak. Ricardo Iriarteren argazki artxiboa «funtsezko multzoa da Euskal Herriko jardun artistiko garaikideen memoria bisuala osatzeko». Bigarrenak, Joxerra Melguizok bere anaia zen Emilio Melguizo eta Carmen López Castillorekin batera sortu zuen CM2 espazioaren artxiboak, 90ko hamarraldiaren lehen erdian espazio hark Gasteizen egindako «jarduera bizia» biltzen du.
Astelehen goiz honetan eman dute horren berri Ana del Val Kultura ahaldunak, Beatriz Herráez Museoaren zuzendariak eta Elena Roseras Museoren Liburutegi eta Dokumentazio Zentroko arduradunak. Iriarte eta Melguizo ere bertan izan dira. Azaldu dutenez, Artium Museoaren helburuetako bat da Bildumari eta museoaren programei loturiko artisten dokumentu ondarea kontserbatzea. «Artxibo eta funts dokumentalek osagai dituzte artistek eta kultura-eragileek sortutako materialak, eta, hala, haien ibilbideak eta Euskal Herrian arte garaikidearen eremuari egindako ekarpenak dokumentatzen dituzten material antolatuak dira».
Funts horiek «aztertu, katalogatu eta digitalizatu ondoren, espezialisten esku jartzen dira, ikerketa eta prestakuntza proiektuen garapena bultzatzeko, eta museoaren erabiltzaileen artean eskatzen duen orori eskaintzen zaizkie», esan dute.
Iriarteren artxiboa
Ricardo Iriarte argazkilari eta artistaren (Donostia, 1954) artxiboak ia 400 irudi ditu, gehienak zuri-beltzean, 1980ko eta 1990eko hamarraldietan Euskal Herriko jardun artistiko garaikideen memoria bisuala osatzeko balio handikoak. Iriartek modu sistematikoan dokumentatu zituen Artelekuren jardunarekin eta garai hartako ekoizpen artistiko esperimentalarekin lotutako jarduerak eta espazioak.
Iriartek esan duenez, bera ez zegoen Artelekuko argazkigintza departamentuan, baina zuzendariak eskatuta zenbait argazki egin zituen, eta azkenean bere lan propioa egin zuen, inondik inora ere pentsatu gabe inoiz Artiumi utzi dion artxiboa osatuko zuenik. 2011n Artelekun izan zen uholdean hainbat material galdu ziren, tartean bertan zeuden diapositiba gehienak; Iriartek, zorionez, gordeta zeuzkan argazkien negatiboak.
Artxiboa «Artelekuko lantegi, estudio eta topaketa artistikoetako lan prozesuen zuzeneko testigantza izango da»: artisten irudiak gordetzen dira, haien sortze-prozesua, obren muntaketa, mintegiak, mahai inguruak, tailerrak, hitzaldiak, performanceak… Orain dokumentuen tratamendu-fasean dago funtsa, eta prozesu horretan identifikazioa eta sailkapena egin behar dira museokaren datu-basean txertatzeko.
CM2 espazioaren artxiboa
Joxerra Melguizo artistak ere, esan duenez, ez zuen horrelako funtsarik sortuko zuenik espero 23 urterekin bere anaia Emilio eta Carmen López Castillorekin batera CM2 espazioa zabaldu zuenean. CM2 sorkuntza modu berrietara jotzen zuten artista, komisario eta kultur eragileentzako topagunea izan zen, proposamen esperimentalak eta truke artistikoa bultzatu zituen, arte garaikidearentzako egitura instituzionalik ia ez zegoenean.
CM2k 30 erakusketa inguru antolatu zituen zabalik egon zen lau urteetan, baita hitzaldiak, aurkezpenak eta topaketak ere, eta Artiumi utzitako funtsak bildu ditu erakusketa haien kartelak, liburuxkak eta postalak, jardueren programak eta plangintza dokumentuak, erakusketen, inaugurazioen eta muntaketa prozesuen argazkiak eta prentsa aipamenak...
Funts dokumental hau, digitalizatu, inbentariatu eta katalogatu egin behar dena, 90eko hamarkadan «Araban arte garaikideak izan zuen garapena ulertzeko proiektu autogestionatu eta estrategiko honen testigantza zuzena da», museoko arduradunek diotenez.

Aparece el cadáver de una mujer en la playa de Itzurun de Zumaia

Vuelve a desaparecer el tropezón en recuerdo de Xabier de Frutos, repuesto esta mañana

García Loza, la policía... y el héroe de San Mamés

Palau Sant Jordi bete eta milaka bihotz konkistatu ditu ETS taldeak

