«Gustatuko litzaidake jendeak ikustea gauzak aldatzeko ahalmena dugula»
40 urte bete ditu Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak. Lau hamarkadotan asko aldatu da euskal jendartea, baita gazteriaren egoera ere; bere horretan jarraitzen du, ordea, EGKren konpromisoak. Orain arte lortutakoaz eta etorkizunera begirako erronkez hitz egin du Iratxe Uriarte erakundeko buruak.

Duela 40 urte sortu zen Euskadiko Gazteriaren Kontseilua. Zerk bultzatu zuen sorrera hori?
Beharrezkoa da garai hartako testuinguru globalaz hitz egitea: urte horretan bertan Gazteriaren Urtea izan zen Nazio Batuetan eta hortik mugimendu potente bat hasi zen hainbat tokitan honen moduko gazteria kontseiluak sortzeko. Gazte politikak egiten hasi ziren urte horietan, 1985-86an, eta gazteria kontseiluak sortu zituzten.
Gu lege parlamentario baten aginduz osatuta gaude. Izan ere, Ardanza lehendakari zen garaiko gobernuak apustu argia egin zuen kontseiluaren alde. 1986an onartu zen Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren Legea eta martxan jarri ginen.
Baina garrantzitsua da euskal testuingurua ere aipatzea. Trantsizioa pasatu zen eta ETAren indarkeria kaleetan zegoen. Orduan, lehenik eta behin, gazte entitate desberdinen gestora bat sortu genuen. Hor sartzen dira, adibidez, aisialdi taldeak, Euskal Herriko Eskautak, alderdi politikoetako eta sindikatuetako gazte taldeak...
Aniztasun ikaragarria topatu zuten, gestora sortu zen eta legea onartu zenetik hasi ziren lehen asanbladekin. Garai horretan EGK-k egiten zuen lan garrantzitsuena zen kontzientzia eragozpenerako bulegokoa. Gizon gazteak behartuta zeuden soldaduska egitera eta EGK-k, postura antimilitarista horretatik eta, gainera, barruan MOK bezalako entitateak egonda, kontzientzia eragozpenerako bulegoa ireki zuen Bilboko egoitzan eta Donostiakoan. Ilara luzeak sortzen ziren, gazte askok zutelako interesa.
Gaur egun testuingurua guztiz desberdina da. EGKren helburuak aldatu dira?
Kontseiluaren izaerak bere horretan jarraitzen du. Azken finean, gazteen eskubideak defendatzea da gure helburua eta instituzioen eta gazteen arteko zubi lan hori egitea.
Baina, gaur egun, bestelako gai batzuk lantzen ditugu. Migratutako gazteen eskubideen inguruan, berdintasuna lantzen da EGK-ren barruan modu estrategikoan. Gainera, lantzen ditugu, esaterako, etxebizitza eta enpleguaren gaiak. Horiek dira EGKren muineko aldarrikapenak.
Azken urteetan ongizate emozionala jorratzen ere bagabiltza. Joan den urtean egin genuen kanpaina bat, ia 350 gazterekin, eta ondorioztatu genuen ‘kristalezko belaunaldia’ existitzen dela, bai, baina ez hauskorrak garelako, gardenak garelako baizik.
Finean, problematika desberdinak jarri ditugu mahai gainean.
Gaur egun dituzuen lan ildoetatik zein nabarmenduko zenuke?
Etxebizitzaren auziarekin lotuta, Parlamentuan onartutako azkeneko legeari ekarpenak egin dizkiogu. Enpleguaren inguruan batez ere jorratzen ditugun gaiak enplegu duinaren ingurukoak dira. Horrez gain, bekadunen eskubideak eta praktikaldietako eskubideak ere lantzen ditugu.
Era berean, lehen sektorearekin lotuta, belaunaldiarteko erreleboaren inguruan lanketa egiten dugu. Gainera, astialdia beti izan da gure ardatzetako bat eta jarraitzen dugu horretan lanean.
Berdintasun arloan, batez ere gehien beldurtzen gaituzten gaiak lantzen ari gara. Izan ere, azken bolada honetan ikusi dugu gazteen artean diskurtso feministak harrera negatiboa izaten ari direla, eta berdintasuna hauspotzera bideratzen ari gara gure esfortzuak.
LGTB kolektiboaren inguruan ere lanketa izugarriak egin ditugu, batez ere emakume transen arloan.
Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean programa bat daukagu, Etikasi, bakearen eta bizikidetzaren ingurukoa. Hogei beka ematen dira eta helburua da etikaren bitartez giza eskubideen inguruan eta motibazio politikoko indarkeriaren inguruan ikastea. Horren barruan Belfastera egiten dugu bidaia, Ipar Irlandako egoera ezagutzeko eta, hona bueltatuta, Pasaian eta Errenterian egiten dugu ibilbidea. Gainera, izaten da aukera biktimarioekin eta biktimekin egoteko, gazte horiek ikus dezaten gure herrian errealitatea zein den.
40 urteko ibilbidea luzea da. Tarte horretako zein lorpen nabarmenduko zenuke?
Lehenik eta behin, Gazteriaren Legea. 2022an lortu genuen, asko kostata, eta hori da gaur egun dugun lorpen potenteena. Horrez gain, covid-19aren pandemiaren ondoren lortu genuen parte-hartzea mantentzea, kontuan hartuta garai horretan jendeari gehiago kostatzen zitzaiola entitateetan inplikatzea.
Horrez gain, 40 urte betetzea bera oso lorpen handia da. Izan ere, estatu mailan ikusten ari gara Alderdi Popularra eta Vox ixten ari direla gazteria kontseiluak, eta guk, horren aurrean, kontseiluaren defentsa sutsua egiten dugu. Uste dut lortu dugula hemengo instituzioek eta alderdi politiko desberdinek ulertzea gazteria antolatuaren ahotsa ere garrantzitsua dela.
Etikasi programa aurrera eramatea eta mantentzea ere azpimarratzeko moduko lorpena dela iruditzen zait, eta horretan jarraitzeko asmoa dugu.
Zer geratzen zaizue egiteko?
Nik uste dut aurrean dagoen erronka nagusia dela, alde batetik, emantzipazio adin hori jaistea. Ez da gazteen kontu bat bakarrik, baizik eta instituzio eta gobernu ororen kontua eta gizartearena ere bai. Ezin dugu ahaztu jendarteak honetan erantzukizun handia duela. Beste alde batetik, gazteen lan baldintzak aldatzea ere bada beste erronka handietako bat.
Horretaz gain, gazte moduan askotan entzun behar izaten dugu gazteen kontuez hitz egitea besterik ez dagokigula. Baina, guk, gazte moduan, hitz egin nahi dugu ogasunaren inguruan, industriaren inguruan… oro har, etorkizunean eragina duten gai guztien inguruan.
Orduan, gure helburuetako bat da perspektiba hori jendartean txertatzea; hau da, guk gai guztiak jorratzearen perspektiba hori txertatzea. Gero, kontseilu moduan daukagun erronka oso potente bat gazteen ahotsa instituzioetara heltzea da. Horretan ari gara.
40 urtean asko aldatu da testuingurua. Euskal gazteria ere aldatu al da?
Gazteria aldatu beharrean, nik esango nuke gizarte osoa aldatu dela. Hau da, gu euskaldun izanda DNAn daramagu komunitatea eta besteari laguntzeko izaera hori. Baina nik uste dut covidaz geroztik eta gertatu diren aldaketa ekonomiko desberdinekin geroz eta indibidualistagoak garela.
Testuinguruan ere aldaketa handiak gertatu dira. Kontseilua ireki zenean gazteen langabezia maila %40koa zen; gaur egun tasa hori askoz ere baxuagoa da, baina prekaritatea altua da. Etxebizitza alorrean ere, geroz eta zailago daukagu emantzipatzea.
Beste alde batetik, gaur egun gazteek ongizate emozionalaren inguruan kontzientzia handiagoa dute eta gaia agenda publikoan jarri dute.
Gainera, gaur egun eskuin muturraren mehatxua daukagu eta ezin diegu pasatzen utzi. Gazteok asko dugu esateko.
Urteurrenetan ohikoena atzera begiratzea izaten da, baina nola irudikatzen duzu EGK eta gazteria bera 40 urte barru?
Pentsatu nahi dut emantzipatzeko horrenbeste traba ez dugula izango eta lan baldintza duinak izango ditugula. Hori lortzen badugu, kontseiluak bere eginkizuna betea izango du.
Horretaz gain, kontseilua gero eta egitura potenteagoa izatea nahiko nuke, normalean eragin zuzena izaten duelako politika publikoetan, emantzipatzeko laguntzetan, etxebizitza legeetan… Gustatuko litzaidake jendeak ikustea gauzak aldatzeko ahalmena daukagula.

Zupiria y ertzainas han podido hacer un uso ilegal de las grabaciones de bodycams en Loiu

La Flotilla denuncia a los agentes de la Ertzaintza y a Zupiria por la actuación de Loiu

La Polla Records: Reeditando mensajes necesarios de una banda imprescindible

Maya pide «prudencia y respeto» tras hacerse públicas las denuncias por agresiones sexistas

