NAIZ

Hamabi gaztek burutu dituzte aurten ikasketak Arantzazuko Artzain Eskolan

Hamabi ikaslek amaitu dituzte ikasketak Arantzazuko Artzain Eskolan aurten, zortzi mutilek eta lau neskak. Makilak eta diplomak eman dizkiete ostegun honetan.

Gomiztegiko Artzain Eskolan artzain izateko formakuntza jaso duten hamabi ikasleak, eskolako arduradun eta Lakuako ordezkariekin.
Gomiztegiko Artzain Eskolan artzain izateko formakuntza jaso duten hamabi ikasleak, eskolako arduradun eta Lakuako ordezkariekin. (IREKIA)

Artzain Eskolaren ikasturte amaierako ekitaldia egin dute ostegun honetan Arantzazuko Gomiztegi baserrian eta, ohi bezala, esnetarako ardi eta ahuntzen ikastaro trinkoa amaitu duten hamabi ikasleei makilak eta diplomak eman dizkiete. Aurreko urteetan baino ikasle gehiago izan da, eta ikasle gazteak izan direla eta emakume kopuruak gora egin duela nabarmendu dute.

Amaia Barredo Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua zazpi hilabeteko formakuntzaren amaierako ekitaldian izan da, eta nabarmendu du Artzain Eskola «ikasteko gune bizia» dela, non artzaintza «esperientziatik» ulertzen den, «jarduerarekin zuzeneko harremana izatetik».

Gazteei ere zuzendu zaie: «Zuek bezalako jendea behar dugu, prestakuntza, ilusioa eta ikuspegi berritzailea duten pertsonak, artzaintzak etorkizuneko jarduera izaten jarraituko duela bermatuko dutenak. Sektore lehiakorra da, aintzatetsia, enplegua, aberastasuna eta ongizatea sortzeko gai dena gure landa guneetan».

Sailburuak zorionak eman dizkie ikasleei, «etorkizuna duen lanbide bat aukeratzeagatik ez ezik, bizimodu bat ere aukeratu dutelako». 

Aurtengo ikasturtean hamabi ikaslek amaitu dituzte ikasketak, eta Gomiztegi baserrian 29 urteotan prestatu diren 300 ikasle baino gehiagoko taldean sartu dira.

Artzain Eskolan formakuntza zikloa amaitu duten 12 ikasleetatik zortzi mutilak dira eta lau neskak. Horietatik hamaika ikasle 30 urtetik beherakoak izan dira, eta ikasleen batez besteko adina jaitsi egin da ikasturte honetan. Ikastaroan hamabost irakasle aritu dira prestakuntza teorikoan, eta 24 praktikoan. Baserrietara 25 ikustaldi ere egin dira eta, besteak beste, Ipar Euskal Herriko artzain eskolarekin trukea egin da.