
«Bizitzaren zentzuaren galdera lehen egongo zen eta orain ere egongo da», hausnartzen du Mikel Artolak, eta hain zuzen ere horri tiraka Jon Sarasuarekin elkarrizketan aritu da pasa den hiru urteetan: horren emaitza da ‘Hondoaz galde. Biderako Sintesiak I’ liburua. Donostian aurkeztu dute ostegun goiz honetan Xabier Mendiguren editorearekin batera. Gaien artean tradizio espiritualak, autoeratzea, ekonomia, «eta orokorrean gizarte gaiak» landu dituztela aurreratu dute.
«Haizea kontra datorren liburua» dela aitortu du Mendigurenek aurkezpenean, gaur egun pil-pilean ez dauden gaiak jorratzen dituelako batez ere. Sarasuak ere hala uste du: «Berezi xamarra da eta haizearen kontra ere badatorren gai bati heltzen dio: arlo existentziala, espirtualitatea eta erlijioaren gaiari, nik galdera horren baitan bizitzeko hautua egin dut».
Hamazazpi atalek osatzen dute liburua, eta gai ezberdinetatik heltzen diote. «Euskal gizartean gai horrekiko gertatu denaz ere jarduten dugu», zehaztu du Sarasuak. Beharbada egun gai horiekiko «irekidura zantzu batzuk» badaudela kontatu du, baina era berean euskal gizartean «aurreiritzi lodi xamar» bat badagoela, «eta geruza horretan jarduteak txispa batzuk sortzen ditu», ondorioztatu du.
Artolaren iritziz, nahiz eta oraindik gai horiez hitz egitea kostatzen den, «bizitzaren zentzuaren galdera» presente dago, «eta liburuaren nahia izan da denontzako pentsatutako liburu bat izatea, bizitzaren zentzuaz denok pentsatzen dugulako». Gaineratu du Sarasuaren erantzunak ulergarriak direla, eta «enpatean» uzten dituela «gai honekiko irekidura bat izatea edo gai honi uko egitea, hortik abiatzen da liburua, enpate nahi horretatik».
Elkarrekin eseri eta hitz eginez
Bi belaunaldi jasotzen dira elkarrizketan liburuan, beraz, «jakin min partekatu batetik sortua» izan da liburua idazleen arabera. Duela 15 urte ezagutu ziren, gutxi gora behera, eta handik urte batzutara Artolari egokitu zitzaion egunkari baterako Sarasua elkarrizketatzea: «Bi galdera sortarekin joan nintzen: bata egunkarirako, bigarrena interesez. Eta handik egun batzuetara gogoratzen naiz deitu zidala ea interesik banuen elkarrizketa luzeago bat egiteko, egin genuen, baina ez genuen argitaratzeko pausurik ematen».
Orain dela hiru bat urte, ordea, berriro elkartu ziren, eta elkarrizketa luze hartatik abiatuz beste elkarrizketa batzuk izan dituzte. Artolari iruditzen zitzaion Sarasuarekin elkartzen zen bakoitzean bere pentsamendua mugimenduan zegoela, «gizarte mugimenduetan asko ibilia da eta harako eta handik pentsatzen du, pentsamendua ere mugimenduan dauka». Elkarrizketa eboluzionatzen joan bada ere, elkarrizketatzailearen sentsazioa oraindik bukatu gabe dagoenarena da.
Elkarrizketa horietatik abiatuta urtean liburu bat argitaratzeko asmoa dutela aurreratu dute, «mundua ulertzeko beste gai arlo batzuk» landuko dituztela datozen liburuetan. Horren aurretik, ordea, jendearekin hitz egin nahi dute proposatutako gaiaz. «Iruditzen zait liburu hau aurkezteko baino gehiago dela irakurri eta gero debate bat egiteko», azaldu du Sarasuak. Eta Artolak ere aitortu du gustatuko litzaiokeela galdetzailea bera bakarrik ez izatea, jendeak haria jarraitzea.
«Askotan gehiena ikasten dugu guregandik desberdinen pentsatzen duen horrengandik, eta disonantzia kognitiboa sortuko dute zenbait gauzek», aurreratu du Sarasuak. Eta elkarrizketa horiek emateko irakurlearengan «gosea sortzea» ere badela liburuaren asmoa.

Gasteiz se prepara para despedirse del coso diez años después de la última feria taurina

EH Bildu reclama una mesa para buscar consenso sobre KAS e Insausti pide «dejar el buenismo»

El Ayuntamiento de Donostia prohíbe las cenas solidarias en la calle para personas sin hogar

«Afaltzea ez da delitua», egin du aldarri KASek, herritarren babes zabalarekin

