
Ostegun honetan bertan Iruñeko Zaldiko Maldikon (apirilak 16, 19.00) hasiko da Elkarrek eta Deabruaren Eskolak elkarlanean antolatu duten Jon Miranderi buruzko ziklo zabala; hau da, euskal kulturgintzan eztabaida gehien eragin dituen idazleari buruzkoa. Ostegun honetako hitzorduan Mikel Soto eta Jon Alonso izango dira mintzakide eta helburua Sotok berak Jon Miranderi buruz egindako ikerketa lanaren emaitzak ezagutzera ematea izango da, Sotok berak gidatuko dituen saioen bidez eta iaz argitaratu zuen Miranderi buruzko biografia oinarri hartuta (‘Jon Mirande, herriminez, ezin-minez’, Elkar). Solasaldiaren abiapuntua: Miranderen eragina ondorengo belaunaldiengan.
Saio bakoitzean, Miranderen bizitzaren, pentsamenduaren eta literaturaren alderdi bat jorratuko dute hizlariek, eta saioz-saio lan horretan lagunduko dioten idazleak izango ditu ondoan Sotok. Hurrengo hitzordua Gasteizko Montehermoso kulturuneko Ortuño aretoan burutuko da apirilaren 22an (18.30). Miel Anjel Elustondok eta Sotok hausnartuko dute idazle paristar-zuberotarrari buruzko ikerketen eta eztabaiden egoerari buruz, ‘Miranderen gaineko ikerketak eta eztabaidak: blokeoak, urratsak, beharrak eta erronkak’ hitzaldian. Azken urteotan Jon Miranderen bizitza eta obra zabalen eta trinkoen ikertu duena da Elustondo.
Apirilaren 23an, Donostiako Fermin Calbeton kaleko Elkarren (18.30), ‘Haur besoetakoa: gaurkotasuna eta etorkizuna’ izenburupean, idazlearen obra nagusienetakoaren inguruan arituko da Mikel Soto, azken hamarkadetan Miranderen eleberriari buruz egin den ikerketarik sakon eta berritzaileenaren egile den Amaia Elizalde ikerlariarekin.
Maiatzaren 14an, Bergarako Olaso dorrea da hitzordua (18.30). Olaso Dorrea Fundazioak gordeak zeuzkan 23 urteko Mirande gazteak Telesforo Monzon abertzale bergararrari idatzitako hainbat gutun, idazlearen orduko ideologiaren, asmoen eta lanen berri ematen digutenak. Hala, Fundazioaren patronatuko lehendakaria den Irati Jimenezek eta Sotok ‘Euskera gabeko abertzaletasuna zorokeri hutsa: Miranderen euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna’ saioa emango dute.
Ekainaren 3an, Lakuntzako liburutegian (18.00), Deabruaren Eskolako kide diren Mikel Sotok eta Irati Jimenezek ‘Mirande arazo ala gu? Jon Mirande gure arbasoen gelan’ saioan, idazlearekin ditugun arazoek azaleratzen dituzten geure arazoen inguruan hausnartuko dute.
Ekainaren 14an, Bilboko Bira kulturgunean (18.30) Katixa Agirrerekin eta Galder Perezekin ‘Mirande euskal kulturan: iraunkortasunak eta biziberritzeak’ mahai-ingurua egingo dute.
Hil eta mende erdira, Miranderen eraginak belaunaldiak eta kultur adierazpide ezberdinak zeharkatzen jarraitzen du: idazlea bera protagonista dugu Patri Urkizuren nobela batean (‘Etsipenez’), Karlos del Olmoren antzerkilan batean (‘Jon gurea, Parisen hatzana’), edota Harkaitz Canoren ipuin batean (‘Jon Miranderen balada Jim Morrisonen omenez’). Niko Etxartek aurrenekoz idazlearen poema bat musikatu zuenetik eta Elena Setienek, Grande Daysek eta Xabier Erkiziak ‘Mirande’ diskoa kaleratu artean hamaika euskal kantarik musikatu dituzte Miranderen poemak, eta idazlearen bizitzak eta obrak bizirik diraute euskal sorkuntzan, adibidez, hainbat euskal sortzailek –Galder Perez tartean– taularatutako ‘Mirande kabareta’ ikuskizunean edota Katixa Agirreren ‘Berriz zentauro’ nobelan.
Azken saio bat egingo da Zuberoan, finkatzeke dagoen data batean Jon Mirande, poeta zuberotarra izenburuarekin.

Mexikon hil da Hilario Urbizu Olaztiko iheslaria, 45 urte Euskal Herrira etorri ezinean emanda

La lista de Etxerat llega a 100 presos con la liberación de Julen Atxurra tras 30 años

Denuncian ante la Fiscalía a CAF por su implicación en el tranvía de Jerusalén

Hallan en Logroño el cadáver de una persona desaparecida en Gipuzkoa
