
11.30ak inguru iritsi gara, oinez, Hondarribiko aireportura, eta bertan jendea pilatzen hasia zen, baina oso gutxi oraindik. Desinformazioa nagusi izan da lehen momentuetan; izan ere, Realeko jokalariek hegaldia aurreratu eta, 13.10etan izan beharrean, 12.30erako iritsiko zirela zioten batzuek. «Hobeto, horrela lehenago iritsiko dira eta lehenago izango dugu Kopa gure artean», pensatu dute askok.
Aireportuko lanak igande normal batekoak baino ‘astunagoak’ zirela antzeman da iritsi orduko. Zortzi ertzainez osaturiko talde batek dena kontrolpean nahi zuen bertaratze atean. Korridore bat sortu dute eta zaleak alde batean bakarrik ipini ahal izan dira; beste aldea hedabideentzat izan da. Norbaitek komunera joan nahi bazuen, ertzainen bati abisua eman eta izkin batetik bakarrik egin zezakeen.
Irratietatako eta telebistetako kazetariak zaleengana hurbildu dira finalari buruzko galderak egiteko. Ilea txuri-urdinez margotuta zuen emakume bat izan da hedabide gehien erakarri dituena. Sentsazioak plazaratzeko gogoa zuen; eta ez da gutxiagorako. Zure bizitzako taldeari final bat irabazten ikustea ez da egunero lortzen.
Minutuak aurrera joan ahala, hasieran aipaturiko desinformazioak protagonismo handiagoa hartu du. Beste ahots batzuek zioten hegaldia atzeratuta etorriko zela. Gure atzetik iritsi den emakume bikote bat mugikorrean aritu da behin eta berriro hegaldien joan-etorria jarraitzen. Horiek ere nahaste borraste handia zuten buruan eta inor ez da ezertaz fidatu.
Beti bezala, fidagarriena, Realak bere sare sozialetan adierazten zuena jarraitzea izan da. Hala, klubak Orri Oskarssonek Kopa Sevillako aireportuko metal-detektagailutik pasatzeko ‘arazoak’ zituela jakitera eman orduko, Hondarribiko aireportuan zeuden zale guztiek nolabaiteko lasaitasuna hartu dute. Iritsiera ordua 14.10ak ziren.
Hori bai, Malagatik zetorren hegaldi bat izan da Gipuzkoako herri horretara lehena iristen. Hegazkinaren soinuak salatu du. Txikienek bertan Realeko jokalariak iritsiko zirelakoan esperantza zuten, baina hegazkinetik jaitsi eta terminaleko atea irekitzerakoan, protagonistak turistak izan dira. Realeko bufandekin zetozen eta kolpatzen hasiak ziren realzaleak oihuka, animoka eta txaloka hasi zatzaie. «Aupa zuek!» izan dira gehien entzun diren animoak.
Jokalari ohiak eta mitoak
Baina horiek ez ziren txuri-urdinek ikusi nahi zituzten pertsonak. Realeko jokalariak oraindik Sevillan zeuden ospatzen. Andaluziako hiritik iritsitako beste hegaldi batean, ordea, Cartujako finalean egoteko aukera izan zuten pertsonak iritsi dira. Realak konpromisoetarako zituen sarrerak aprobetxatu zituztenak, alegia. Hortxe ikusi ahal izan ditugu EH Bilduko ordezkariak, Donostiako alkate Jon Insausti eta bere aurrekoa, Eneko Goia, edo Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia, besteak beste.
Atzetik, lehen sorpresa iritsi da: Realeko jokalari ohiak eta mitoak. Hortxe pasa dira milaka zaleen aurretik Juanan Larrañaga, Jesus Mari Zamora, Bixio Gorriz... Gazteenek ez dituzte ezagutu ere egin, baina adin guztietako zaleak zeudenez, askori oilo-ipurdia jarri zaie.
Ordubete pasatxo falta zen jokalariak iristeko. Bitartean, zaleak kantuak bota dituzte airean; baina ezinegona eta urduritasuna nabariak ziren. Komunera joateko baimena ere eman diete ertzainek neska-mutilei. Eskerrak, itxaronaldia luzeegia izaten ari baitzen.
Tarteka, isiltasuna ere sumatu da. Baina eskerrak Andoni izeneko 9 urteko mutiko batek giroa arindu duen. «Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi...» oihukatzen hasten zen bakoitzean, gainontzeko zaleek «Real!» erantzuten zioten. Atezain postuan jokatzen du Hondarribiko futbol taldean, eta egunen batean Marrerok egindako balentria errepikatu nahiko luke.
Honezkero, 14.10ak iritsi dira eta hegazkinak lurreratzerakoan egiten duen zarata entzungarria izan da aireportu barruan eta kanpoan bildutako milaka zaleen artean. Orain bai, jokalariak, heroiak eta Kopa gertuago zeuden. Jokalari txuri-urdinek ohorezko pasilo bat egin eta Mikel Oyarzabal eta Aritz Elustondo hegazkinetik jaitsi dira Gipuzkoa osoari garaikurra eskaintzeko.
Herriz herri
Ondoren, itxaronaldia pixka bat luzatu dute aireportuko langileek ateak irekitzen zituzten bitartean; eta orduan bai, Kopa eskuetan, zaleen oihu eta animoen artean, festak eztanda egin du. «Goazen txapeldun!» leloaren bitartez, jokalariak, presidentea eta entrenatzailea kalerantz abiatu dira bata bestearen atzetik, eta kanpoan Kopa eskaini dute Realaren autubusera igo aurretik.
«Kopa ikusi nahi dugu» behin eta berriro oihukatzen hasi dira zaleak, eta berriro jaitsi dira autobusetik garaikurrarekin beste paseotxo motz bat emateko eta, orain bai, Zubietarantz abiatzeko.
Hondarribia lehen geltokia izan da, baina Errenteria, Pasaia, Herrera, Gros, Zurriola, Boulevarda, Kontxa, Zumalakarregi eta Tolosa Hiribidea zeharkatu dituzte, bidean kolore txuri-urdina nagusi izan dela, Zubietara iritsi arte.

Macrorredada en Iruñea con 28 detenidos por las protestas ante el acto de Vito Quiles

Cinco forales mueren en un accidente en la AP-8 en Elgoibar, en la bifurcación con la AP-1

Zupiria y ertzainas han podido hacer un uso ilegal de las grabaciones de bodycams en Loiu

Parisko Dei Auzitegiak onartu du Urrutikoetxearen aurkako azken euroagindua









