Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Grandes Jorasseseko ‘Gousseault-Desmaison’ igo du euskal sokada batek

Joan Domingo katalanarekin batera, Ibon Mendiak eta Joseba Iztuetak bi egun behar izan dituzte eskalada mitikoa biribildu ahal izateko. Lerroaren bigarren erdian ez dituzte kondizio onak izan eta azken zatian ekaitz batek ere harrapatu ditu.

Hirukote gazteak bi egunetan eskalatu dute bide gogor hori.
Hirukote gazteak bi egunetan eskalatu dute bide gogor hori. (Joseba IZTUETA)

Grandes Jorasses mendiko iparraldeko horma sona handiko tenplua da alpinismoaren munduan. Jakina, ez da Alpeetako bakarra, baina berezia da oso. Aukera asko eskaintzen ditu: ibilbide klasikoak, maila ertainekoak eta muturreko zailtasunekoak. Bertaratzen direnen sasoiak eta maila teknikoak, lerro batera edo bestera eramaten ditu. Bid horietako bat pasarte historikoetan oinarritzen da: 'Gousseault-Desmasion' mitikoa.

1.200 metroko marra horren 'agerraldiak' gertaera tragikoa izan zuen. 1971. urteko otsaila zen bi alpinista bizkar-zaku astunekin Grandes Jorasseseko hormatzar zorrotz horretara abiatu zirenean. Horietako bat alpinista ospetsua zen: René Desmaison. Bere ibilbidearen gailurrean zegoen, eta esku artean zuen helburuarentzat 23 urteko gazte bat, bere belaunaldiko zailduenetako bat, aukeratu zuen: Serge Gousseault.

Laburbilduta azalduko dugu, pasarte historiko oso ezaguna delako: egin zuten ekinaldian tontorretik ehun metrora geratu ziren. Nekeak hartuta Gousseault zendu egin zen, eta Desmaison erreskatatu egin behar izan zuten. Bi urte geroago, Desmaison berriro itzuli zen zintzilik utzitako tartea amaitu eta ibilbideari forma osoa emateko. Giorgio Bertone eta Michel Claret izan zituen sokakide.

Bitxia bada ere, 'Gousseault-Desmaison' mitikoak ez ditu bisita ugari jaso. Eta hori diogu hogeita hamar igoera baino gutxiago dituelako. Azkenetarikoa, azkena ez bada, euskal sokada batena izan da: Ibon Mendiarena eta Joseba Iztuetarena. Alpinistok Joan Domingo katalanarekin lana partekatu zuten.

Berez, hirukote horrek ez zuen bide mitiko horretara bidaiatzeko asmorik, baina, modu batera edo bestera, zorigaiztoko historia duen zirrikitu zorrotz horretan amaitu zuen. Hori, bederen, baieztatu digu Iztuetak: «Joan, Ibon eta hirurok Chamonixera heldu ginenean bide hori ez zegoen gure helburuen lehen lerroan. ‘No siesta’ eskalatu nahi genuen. Chamonixen bertan lerro horren argazki bat erakutsi ziguten eta ikusi genuen oso lehor zegoela. Aukera hori baztertu eta ‘Esloveniarra’ bidea egiteko aukerak indarra hartu zuen. Teknikoki errazagoa da, baina hainbat soka-talde marra hori igotzen ari ziren. Azkenean, 'Gousseault-Desmaison' bidearen alde egin genuen. Bagenekien errepikapen gutxi dituela. Bidearen inguruko erreferentziarik ez genuen, eta, hortaz, lerro hori egitea ez zen gure lehentasuna, baina azkenean alternatiba bihurtu zen».

Domingo, Mendia eta Iztuetak 'Gousseault-Desmaison' igo dute. (Joseba IZTUETA)

Alpinista gazteon erabakia ondo irten zen, baina aurreratu behar dugu jarduera oso gorabeheratsua izan zela. Bi egun behar izan zituzten 1.200 metroko zirrikitu hori igotzeko. Horman bertan bibak bat egin zuten eta gailurrean bertan bigarrena. Azken horretara heldu aurretik, gainera, ekaitz batek harrapatu zituen. Ibilbidean zehar eroriko batzuk izateaz gain, arroka zati batek Mendiaren kontra jo eta minduta utzi zuen. Eta tontorreko bibakaren ondorioz, izozte batzuk izan zituzten. Irakurtzen den bezala, jarduera gogorra bihurtu zen.

Ekaitza 

Grandes Jorasseseko oinarrira iritsi zirenean hartu zuen hirukoteak 'Gousseault-Desmaison' bideari ekiteko behin betiko erabakia. 'Esloveniarra' bidean lau sokada sartuta zeudenez, 'Gousseault-Desmaison' ikusi, kondizioak aztertu eta hura eskalatzen hasi ziren. Iztuetak aurreratu du ibilbide horren egoerak bi aurpegi erakutsi zizkiela: «Bidearen lehen erdiko kondizioak nahiko onak ziren; ez, ordea, bigarren zatikoak. Oso lehor zegoen. Horren ondorioz, asko eskalatu behar izan genuen; hots, asko eskatu zigun. Azken urteotan, sokada batzuek marra hori egunean eskalatu dute. Guk ere aukera hori ikusten genuen, baina hori lortzeko ez zegoen kondizio egokirik. Diodan bezala, lerroaren bigarren erdia oso lehor zegoen eta asko eskalatu behar zen. Horrez gain, kontuan hartu behar da eskalada oso tentea dela. Nahiz eta ez duen sekulako mailarik, zailtasun teknikoak ez dira samurrak. Luze bakar batek ere ez du barkatzen. Oro har, M5, M6 eta M7 mailako luzeak ditu. Denera, 40 luze dira eta ia gehienak zailtasun horietan kokatuta daude. Konpromisoa ere ezin da aipatu gabe utzi. Hitz gutxitan esanda, oso eskalada serioa da».

Chamonixetik irten eta ohiko hurbilketa bidea egin eta gero, alpinista gazteok horma handi horren oinarrian gaua egin zuten. Lehen eskalada eguna ez zen 'zaratatsua' izan, eta, hogei luze gainditu ondoren, erlaitz bat antolatu eta bibaka egin zuten balkoi txiki moduko batean. Gau ona igaro zuten, eta biharamunean berriro martxan jarri ziren. Bidearen erdia geratzen zitzaien. Aurreratu dugun bezala, hurrengo luzeak, aurrekoak ez bezala, askoz ere lehorrago zeuden. Zailtasun teknikoak samurrak ez zirenez, zuhurtziaz jarraitu zuten teknikoki asko eskatzen zuten luzeetan.

Bat-batean, eguraldia okertu egin zen; izugarri gaiztotu zen. Iragarrita ez zegoen elur ekaitz batek bete-betean harrapatu zituen: «Bigarren eskalada eguna oso-oso gogorra bihurtu zen. Eguraldi iragarpenen artean ez zen ekaitz hori aurreikusten. Bertakoak ere harrituta geratu ziren aldaketa horrekin. Iluntzeko zortzietan sartu zen eta gauerdira arte gogor astindu gintuen. Gailurretik gertu geunden, baina azken lau luzeak eskalatzea asko kostatu zitzaigun; oso gogorrak izan ziren. Irteeran, berriz, gailurretik gertu errimaia edo erlaitz handi bat dago. Eremu hori ere gainditzea ez zen batere samurra izan. Gauerdian iritsi ginen tontorrera, eta han bertan bibaka egin genuen. Oso-oso txarra izan zen gaua; elurrak ez zuen etenik izan. Izozte txiki batzuekin egin genuen jaitsiera».

Grandes Jorasseseko horman eskalatutako ibilbide mitikoa. (Joseba IZTUETA)

Jaitsiera, berez, luzea da, eta, igarotako gauaren ondorioz, are luzeagoa gertatu zitzaien. Alabaina, gorabehera horiek guztiak gaindituz, hirukotea gai izan zen jarduera hori behar bezala biribiltzeko. Zehaztapenik ez dugun arren, protagonistok ere ez dakite, badirudi Mendia eta Iztueta  izan direla lehen euskal alpinistak 'Gousseault-Desmaison' igotzen.

'B plana' izateko, Iztuetak balorazio oso positiboa egin du Grandes Jorasseseko bide mitiko horretan eginiko lanaren inguruan: «Oso beteta jaitsi ginen, eta pozik gaude kristoren abentura bizi izan dugulako. Talde modura oso ondo moldatu gara. Gogorra izan da, baina bizitako esperientzia oso aberasgarria iruditu zaigu. Zoritxarrez, Ibonek kolpea jaso zuen harri batekin, eta azken luzeetan komeriak izan zituen. Jaitsiera ezagutzen genuen. Berez, ibilbide hori abentura bezala har genezake. Horri guztiari gehitu behar diot izugarrizko bidea eskalatu dugula. Nahiz eta kondizio egokirik ez dugun izan, kalitate handiko jarduera gauzatu dugu. Modu batera edo bestera, disfrutatu egin dugu. Zaila da oso 1.200 metroko izotzezko lerro bat neguan osatzea. Guk kondizio lehorrak izan ditugu, baina gustura jardun dugu. Finean, aktibitate ederra izan da. Hirurok ala hirurok txikituta amaitu genuen, baina ase geratu gara».