Hirigintza zaintzaileak euskara indartu dezakeela ikusi dute
Soziolinguistika eta hirigintza uztartuz nazioartean parekorik ez duen ikerketa bat abiatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk. Ondorio nagusia da hirigintza zaintzaileak tokiko joera indartzen duela. Aztertutako bost udalerrietako auzoetan, euskara indartzen duen zantzuak hartu dituzte.

Zaintzak erdigunean jartzen dituen hirigintzak euskara ere zaintzen duen begiratu dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUko Botoi ikerketa taldeak, eta harremanak daudela ikusi dute. Sortu duten metodo berria, nazioartean parekorik ez duena, baieztatu dute, baina ikerketa hasi bertzerik ez dute egin, eta datu zabalagoak eta sakonagoak behar dituzte hartu dituzten zantzu horiekin harreman zuzenak edo korrelazioak egiteko.
Abiapuntua hizkuntz erabileraren kale neurketa dela azaldu du Olatz Altuna Klusterreko kideak. «Euskal Herrian bost urtean behin egiten da eta behaketa bidez jasotzen dira datuak, kalean dabilen jendeak zer hizkuntza hitz egiten duen eta elkarrizketan parte hartzen duten solaskide horien ezaugarri batzuk. Azkena egin genuenean, 2021ean, interesgarria iruditu zitzaigun espazio publikoak datu horiek nola baldintzatzen zituen ikustea».
Zarautz, Zornotza, Tolosa, Gernika-Lumo eta Hernaniko auzoetan egin dute azterketa. Hiru irizpide betetzen dituzte guztiek: hainbat urtetako kale neurketako datuak dituzte; 15.000 eta 25.000 biztanle bitarte dituzte; eta euskaldunen proportzioa %55-75 artekoa da. Garrantzitsua da udalen babesa ere. Altunak azpimarratu duenez, atera diren ondorio edo zantzuak testuinguru honetan irakurri behar dira.
Altuna: «Hizkuntza politikan ere eragina du espazioaren antolaketak. Erabilera gertatzeko lehen baldintza jendearekin egotea da»
Koldo Telleria EHUko ikerlariak zehaztu duenez, azterketa unitatea auzoak izatea erabaki zuten. Eta, nahiz eta azterketa hagitz kuantitatiboa den, auzoa bera definitzeko herritarren informazioa baliatu dute. «Alegia, ez ditugu hartu Udalaren distritoak, baizik eta zaintzak erdigunean jarrita ulertzen dugu gizarteak erabaki behar duela zein den auzoa. Tailerrak egin ditugu herritarrekin eta herri bakoitzean hamar bat auzo definitu dizkigute».
2021eko kale neurketan mugikor bidez jaso ziren erabilera datuak eta horrek erran nahi du elkarrizketa bakoitza geolokalizatuta dutela. Auzo bakoitzean puntuak dituzte, elkarrizketak non entzun diren, hiztunen ezaugarriak zeintzuk diren eta zein hizkuntza erabili den elkarrizketa horietan. Horrek aukera eman die elkarrizketak espazio horietako hirigintza zaintzaileko elementuekin alderatzeko.
Zabaltzeko anbizioa
Metodologia hemen egin dute, baina badute anbizioa bertze hizkuntza gutxitu batzuk dauden lurraldeetan ere aplikagarria izateko. Hizkuntza datuak oinarri hartuta, bertze lau datu sorta sortu dituzte: auzoetan bertan eguneroko bizitza egiteko zenbateko aukera dagoen (komertzio txikiak, eskola, osasun etxea...), auzotik pasatzeko zer aukera dagoen (kiroldegia edo bertze ekipamendu batzuk daudelako), auzoan jendearekin topatzeko zenbateko aukera dagoen (parkeak edo oinezko bideak dauden ala trafiko handiko kaleak diren), eta behin jendearekin topatuta eseri eta egoteko paradarik ote dagoen. 50 datu baino gehiago neurtu, eta mapan jarri dituzte, hizkuntza erabilerarekin konparatzeko.
«Aldagai denak hirigintza zaintzailetik neurtu ditugu eta ikusi dugu hirigintza zaintzaile batek eskatzen dituen ezaugarriak ematen diren tokietan euskararen erabilera altuagoa dela besteetan baino», adierazi du Telleriak. Komertzio, parke eta terrazak Miren Otxotorena Klusterreko ikerlariak agertu duenez, parkeetan eta hezkuntza zentroen eta kirol ekipamenduen inguruan euskararen erabilera handiagoa dela ikusi dute eta analisi estatistikoan bi ekipamenduren hurbiltasunak nola eragiten ahal duen neurtu dute.
Otxotorena: «Gure beharrak etxe pareko espazioetan asetzen baditugu, auzokideekin egongo gara. Horrek euskaraz egiteko aukerak handitzen ditu»
«Egunerokotasunean behar ditugun denda motak (lehen mailako elikagaienak) edo tabernetako terrazak parkeetatik gertu daudenean modu nabariagoan erabiltzen da euskara. Umeak parkean edo hezkuntzan dauden bitartean beren zaintzaileei erosketak egitea edo terrazan egotea baimentzen die gertatutasun horrek».
Aldiz, osasun eta administrazio zentroen inguruan erdara gehiago entzun da. «Horretaz egin dugun irakurketa bat da herritar denek erabiltzen dituztela zentro horiek; parkeak eta kiroldegiak, ordea, ez hainbeste».

Metodologia honekin ikusi dute hagitz zentralizatuta daudela zerbitzu aunitz, batez ere osasuna, administrazioa eta komertzio orokorra (optika, moda...), eta justu erdigune horietan dago espazio publiko gutxiena eta etxebizitza dentsitate handiena. Auzoetan, berriz, bertze dinamika batzuk daude, eta ekipamendu gutxiago. Orduan, erdigune funtzional horiek euskara gero eta gutxiago erabiltzeko joera dute, dena hor dagoenez, jende dena doalako bertara eta nahasketa handiagoak ematen direlako. Kanpoko auzo batzuetan, ordea, ikastetxeak, kiroldegiak, parkeak eta komertzio txiki pixka bat dagoen tokietan, euskararen erabilera puskaz altuagoa da.
Hurbileko harremanak
Hirigintza zaintzaileak gertuko harremanak baimentzen dituela azpimarratu du Otxotorenak. «Inportantea da esaten ari garen dena ulertzeko. Denek joan behar badugu espazio berdinak erabiltzera, ez dugu jendea ezagutuko, interakzio motak ezberdinak izango dira eta joera handiagoa izango dugu hizkuntza hegemonikora jotzeko. Egokitze linguistiko handiagoa egongo da, estres linguistikoa ekiditeko. Baina gure eguneroko beharrak etxe pareko espazioetan asetzen baditugu, auzokideekin egongo gara eta beren hizkuntza gaitasun eta ohiturak ezagutuko ditugu. Horrek euskaraz egiteko aukerak handitzen ditu».
Betiere udalerri mota hauetan, non herri izaeran euskarak baduen leku bat, hirigintza zaintzaileak sustatzen duen hurbileko harreman horretan, euskarak presentzia gehiago hartzen du.
Zonifikaziotik sare orekatu batera
Telleriaren arabera, gaur egungo hirigintza ekonomiaren beharrak asetzeko pentsatua dago. Azken urteetan bertze ikuspuntu batzuk txertatzen ari dira (ingurugiroa, generoa, zaintza, eragin linguistikoa, osasuna...), baina beti bigarren maila batean.
«Gure herrietan ikusi dugu erdigune edo zentralizazio bat eman dela eta horrek zonifikazio baten zantzuak dauzka. Dauzkagun auzo asko lo egiteko auzoak dira. Komertzio, taberna eta zerbitzu gehienak erdigunean daude. Hirigintza zaintzaile batetik hori ekitatiboki banatuta egotea lortu beharko genuke. Gero eta kalitate handiagoko espazio publikoak dauzkagu, eta oinezkoentzako lekuak izateak eta kotxe gutxiago edukitzeak on egiten dio euskarari».

Hiru mailatako espazio publikoak identifikatu dituzte: herri mailako plaza edo elkargune zentralak, auzoetako plazak eta komunitateko espazio txikiak, hau da, bi etxeren artean dauden banku, iturri eta zuhaitzak. Intimitateko harremanak errazago ematen dira euskararen inguruan espazio komunitario txiki horietan.
«Horraino iritsi gara herritarren parte-hartzearen bidez, egin ditugun saioetan hori eskatu diegulako: zein da herri mailan erabiltzen duzun espazioa, zein da zure auzoko espazio zentrala, eta zein dira beste espaziotxoak, zure amona jaisten duzun txokoa edo sukaldatzen duzun bitartean umea leihotik ikusten duzun parketxoa. Hemendik, ikusi dugu euskara maila egoki bat dagoen herrietan espazio txiki horiek direla harreman horiek euskaraz sendotzen dituztenak. Herri ez hain euskaldunetan, Zornotzan kasu, espazio txiki horietan ez dago horrenbeste euskara. Euskararen mailaren arabera da», azaldu du Telleriak.
Hala jarraitu dio Altunak: «Ondorio orokor hau ez da auzo guztietan gertatzen. Baina uste dugu joera hori dela, aztertu ditugun auzo horietan ondorio horretara iritsi gaitezkeela. Baditugu auzo txikiak eta bertako egoera soziolinguistikoa, agian, erdigunea baino erdaldunagoa da, baina horietan ere parke bat badago esandako baldintza horiek betetzen dituena, euskara indartzen da. Kiroldegi batek ere eragin positiboa du».
Telleria: «Gero eta kalitate handiagoko espazio publikoak dauzkagu, eta oinezkoentzako lekuak izateak eta kotxe gutxiago edukitzeak on egiten dio euskarari»
Bost herrietan identifikatu dituzte hiru auzo mota: erdigune funtzionala, zentroaren ingurukoak eta periferikoak. Periferikoek azpiegitura edo industriaguneren bat dute eta isolatuta gelditzen dira. Erdigune funtzionalean euskararen erabileraren joera beherantz doa, eta periferian dauden auzo horietan muturreko kasuak eman dira: hagitz egoera onak daude edo hagitz txarrak, beren baitako funtzionamendua dutelako.
«Zentroen inguruko auzoetan, azpiegituraren eta hirigintza ezaugarrien arabera, datu ezberdin asko dago eta azterketa asko hor dagoela uste dugu. Erdigunean administrazioa, osasuna eta kultur ekipamenduak daude eta beste auzoetan kirolguneak, hezkuntza guneak eta zahar etxeak, alegia, euskarari on bideak ematen dizkiotenak», adierazi du EHUko kideak.
Jarraipena
Hirigintzak duen eraginari hirigintza egin aitzinetik begiratu behar zaiola ikusi dute. «Hizkuntza politikan ere eragina du espazioaren antolaketak, eta erabilera jarri dugunez erdigunean, erabilera gertatzeko lehenengo baldintza jendearekin topatzea eta egotea da. Hori hirigintza eredu batek gehiago sustatuko du», erran du Altunak.
Otxotorenak gehitu duenez, kotxeak dauden inguruetan gaztelania gehiago entzun dela agertu da ikerketan. Oinezkoentzat leku gehiago dagoen lekuetan, berriz, euskara gehiago. Euskara eta harreman sozialak jendea nahasten den tokietan garatzen dira, beraz.
Atera duten ondorio nagusia da ikertzen jarraitu behar dutela, zabaltzen eta sakontzen. Nazioarte mailan artikulu zientifikoagoak egiteko asmoa dute eta, batez ere, prozesuan parte hartu duten herritarren feed-backa jaso nahi dute, joan-etorriko lana delako hau. Bost udalerri hauetan herritarrek eman duten informazioa hagitz baliagarria izan da. Horretarako berariaz sortu dira dinamikak beren auzoa definitzeko, egunerokoan non ibiltzen diren azaltzeko. Eta ateratako ondorio hauek beraiekin partekatu eta osatu nahi dituzte.
«Hiru urteko prozesu bat izan da, oso lan sakona egin dugu eta dauzkagun datu horiek gehiago mamitu behar ditugula uste dugu. Parte hartu duten herritarrekin ere gehiago ikasi behar dugu. Guk interpretazio tekniko bat egin dugu. Datu oso kuantitatiboak dira, planoetan marraztu eta zenbakitara eraman ditugu pertsonen harremanak eta elkarrizketak. Orduan, pertsona horiekin elkartuta gehiago sakonduko dugu», nabarmendu du Koldo Telleriak.

Fallece el profesor de EHU y activista Zesar Martínez

Bingen Zupiria justifica los porrazos de Loiu por «la agresión sufrida» por un agente

«El abuso de pantallas en niños no solo retrasa el habla, está generando discapacidad»

Cuatro detenidos y cargas de la Ertzaintza contra la flotilla a su llegada a Loiu

