
Azken urteotan, gailurretan dauden gurutzeen aurkako makina bat ekintza izaten ari dira. Izaera horietakoak Euskal Herrian ikusi ditugu, baita Alpeetan eta Pirinioetan ere. Azken sabotajea Pirinioetako mendi garaienean, Aneton (3.404 m), egin berri dute. Joan den astean, ezezagun batzuek tontorreko gurutzea zerra erradial batekin moztu eta isuri batetik bota egin zuten.
Hasiera batean aipatu zen ziur aski gurtze hori hondatu eta erori egin zela. Baina sare sozialetan zintzilikatu dituzten bideoek argi uzten dute ebaki garbia dela, eta, diogun bezala, zerra erradial batekin egina. Inork ez du bere gain hartu sabotaje hori, eta Poliziaren ikerketek diote erabilitako tresneriarengatik ez duela «bandalismoarekin» loturarik. Hots, nahita egindako ekintza baten hipotesiak indar osoa du. Gogoratu behar dugu gurutze horrek 100 kiloko pisua eta 4 metroko garaiera dituela.
Sabotaje horrek zalaparta sortu du Benasqueko haranean, batez ere kontuan hartzen badugu joan den urteko abuztuan ospakizun handia egin zutela gurutzea berriro jarri zutelako. Kasu horretan kendu egin zuten hura zaharberritzeko; izan ere, nahiko hondatuta zegoen. Ez da urtebete igaro eta orain errotik eta nahita moztu dute.
Polemika
Anetoko gurutzearen historia une gorabeheratsu batzuekin lotuta egon da. 1951ra egin behar dugu atzera. Centre Excursionista de Catalunyako (CEC) 75. urteurrena ospatzeko, talde horrek gurutzea jarri zuen. Erabaki hori ez zen aragoiarren gustukoa izan, eta Pilare Ama Birjinaren irudi bat txertatzen erantzun zuten.
Ondoren, klimaren zorroztasunarengatik gurutzeak hainbat gertakari bizi izan ditu. 60ko hamarraldian, adibidez, haizete bortitzek errotik atera zuten. Denbora gutxira, berriro altxatu zuten. Sinbolo horrek egoera bera bizi izan zuen 1999an: 200 kilometro orduko haizeteek bota egin zuten.
Bestalde, Anetoko gurutzeak jarrera politikoen ondorioak jaso ditu. 2018. urteko urriaren 1ean, urtebete lehenago Katalunian egin zuten erreferendumarekin kointzidituz, kolore horiarekin margotu zuten. Aragoin bertan haserrea piztu zuen ekintza horrek, eta Huescako Fiskaltzak ikerketa abiatu zuen. Pilareko Ama Birjinaren eta San Marcialen eskulturak ere pintaketekin eta lazo horiekin agertu ziren. Ondoko bideoan ekintzaren ondorengo garbiketa lanak ikus daitezke.
Azken jazoera duela hiru urte izan zen. Aurreratu dugun bezala, hondatuta zegoenez eta segurtasunagatik gurutzea kendu zuten. Hurrengo bi urteetan konpontzen aritu ziren. Lan horiek amaituta, ahal zen azkarren berriro jartzea helburu izan zuten, baina eguraldiaren kondizio txarrengatik iazko urteko abuztura arte atzeratu eta, orduan bai, berriro tontorrean jarri zuten.

«Quería quedarme sin conocimiento y que pasara lo que tuviera que pasar»

Protesta ante la actuación de la compañía israelí Hofesh Shechter en el Teatro Arriaga de Bilbo

Cárcel a un hincha de la Real enfrentado a la Ertzaintza tras ‘duplicar’ la imputación inicial

Fallece Xabier Sánchez Erauskin, «vicecónsul honorario de España» y periodista comprometido

