
UEUk Artizarra sare sozial berritua sareratu du. Itxura eguneratzeaz gain, erabilterrezagoa egin dute, hainbat tresna sinplifikatuta. Zihara Enbeita Gardoki bertako koordinatzaileak oroitu duenez, 2018an jaio zen egitasmoa, euskaldunen sare sozial zientifiko-profesionala izan eta komunitate hori trinkotzeko asmoz. Gaur egun, 1.200 kidek osatzen dute komunitatea.
Proiektuak UEUren Inguma datu-basean du abiapuntua. Ingumak azken 50 urteotan unibertsitate mailako zientzia eta jakintza-alor bakoitzean euskaraz idatziz eta ahoz ekoitzi denari buruzko oinarrizko informazioa eskaintzen du, baina pertsonen arteko harremanak bideratzean motz geratzen da. Hortik sortu zen Artizarra, Ingumako aditu eta arituak biltzeko toki bezala.
Hainbat funtzio betetzen ditu komunitate hori saretzeko: laguntza-eskeak, eztabaidak eta galdera-erantzunak bideratzeko foroak, adituen bilaketa eta beren lanen jarraipena, norberaren ekoizpena eta curriculuma zabaltzea...
Elkar eragitea xede
Enbeitak azaldu duen bezala, Artizarra proiektu soziala den neurrian, ez da proiektu bukatua. UEUk sortu du, baina komunitate zientifiko-teknikoa proiektuaren jabe bihurtzea nahi du, eta erabiltzea. Hain zuzen ere, erabilera hori bultzatzeko asmoz egin dute berrikuntza.
«Ibilian-ibilian ikusi genuen beharbada ez zela guk uste bezain erabilterraza. Horretaz gain, beste sare sozial batzuekin konparatuta hutsune txiki batzuk ikusten genizkion, eta batez ere berrikuntza hortik etorri da. Lehengo sare sozial bera da, baina erabilterrazagoa da, ikusgarriagoa eta sinplegoa, guretzat garrantzitsuena elkar-eragin hori delako, ikertzaile, aditu, aritu eta profesional horiek beraien artean harremantzea», agertu du.
Arnasgune digitala
UEUk euskal komunitate zientifikoa ikusgarri egiteko eta saretzeko hainbat ekimen ditu martxan eta horietako bat da Artizarra; beraz, saretze horretan lagungarri da. «Normalean off line egiten dugu saretze hori, Ikergazte kongresuan, adibidez; kasu honetan on line da. Horretaz gain, UEU hainbat jakintza alorretan banatzen da eta sail guztietako taldeak daude. Norberak bere intereseko gaiak beste batzuekin partekatzeko edo zalantzak argitzeko erabil dezake Artizarra. Ez da beharrezkoa aditua izatea, interesa izatea nahikoa da», erran du Enbeitak..
Era berean, kazetari batek gai zehatz baten inguruan informazioa edo adituak nahi baditu horra ere jo dezake. Erabilera ugari izan ditzake. Koordinatzaileak gaineratu duenez, euskaraz bakarrik den heinean, babesgune ere bada, arnasgune digital, eta horrek ere badu bere garrantzia.

Agentes encañonan a un joven y amenazan a una testigo en la Kutxi: «Deja de tocar los cojones»

Pandas de Euskal Herria

Investigan un posible suministro de drogas a 10 menores en un viaje de estudios de una ikastola

«Tras 50 años, en Montejurra sigue vigente la impunidad»

