
«Balearen Egunak indar sinboliko handia du oriotarrontzat, herriaren iruditeriarekin eta memoria kolektiboarekin estu lotuta dagoelako», Anuska Esnal Orioko alkateren esanetan. Aurten, 125 urte betetzen direnez azken balea harrapatu zenetik, ia hilabetean luzatuko den egitaraua prestatu dute kostaldeko herri honetan.
Hala, apirilaren 24tik maiatzaren 17ra bitartean kontzertu bereziak, hitzaldiak, herri-afaria, artisau azoka, haurrentzako ikuskizuna eta beste hainbat kultur ekimen bilduko ditu programak. Ekintza sortaren barruan, maiatzaren 16an izango da festa nagusia, Balearen Eguneko ospakizun handia, non 150 herritarrek baino gehiagok parte hartuko baitute egun horretako herri-ikuskizunean.
Maiatzaren 16an, beraz, eta ohi bezala, herri-antzerkia izango da egunaren ardatz nagusia. 11.45ean hasita, antzerkitxoak egingo dira herriko Alde Zaharrean, eta 12.30etik aurrera, balearen ehiza, moilara etorrera eta herritarren festa irudikatuko dira, antzerkia, dantza eta musika uztartuta.
Jarraian, Udalak mahaiak eta aulkiak jarriko ditu herritarren eskura Herriko Plazan, nahi dutenek bertan mokadua egiteko aukera izan dezaten. Arratsaldean, Ttipika dantza gidatuekin eta Itzal erromeriarekin gozatzeko aukera izango da, eta gauean DJ Ostok jarriko du musika, festa luzatzeko.
Xabi Ibarguren Kultura zinegotziaren hitzetan, «aurten esfortzu berezia egiten ari gara Balearen Eguna prestatzen, urteurrenak merezi duen tamaina izan dezan». Herri-ikuskizunaren gidaritza Xanti Agirrezabalaren eta Erika Olaizolaren esku utzi dute aurten, Iñake Irastorza herrikidea erretiroa hartuta dagoelako, eta 150etik gora herritarrek eman dutela izena antzerkian parte hartzeko. Antzezlanak aukera emango du herriaren bilakaera erakusteko, aurreko edizioetan bezala, duela 125 urteko Orio irudikatuko baita.

Aurtengo programaren mugarri nagusietako bat izango da Benito Lertxundiren omenez egingo den kontzertua. Orioko musikariak 2024an laga zion kontzertuak emateari, eta Balearen Egunaren testuinguruan, aitortza egingo zaio bere ibilbide artistiko oparoari. Omenaldi modura, Et Incarnatus orkestra sinfonikoa eta Euskal Herriko lau haur abesbatza igoko dira taula gainera, Lertxundiren abesti ezagunenak interpretatzeko.
Guztira 150 parte-hartzaile izango ditu kontzertuak; 50 musikarik osatuko dute orkestra sinfonikoa, eta 100 haurrek abesbatza. Kontzertua maiatzaren 15ean egitekoa zen, ostiralarekin, baina soinu teknikariek greba deitu dute egun horretarako, eta Orioko Udalak eta kontzertuan parte hartuko duten eragileek bat egingo dute haien aldarrikapenarekin. Horregatik, emanaldia hilaren 17ra atzeratzea erabaki dute, igandera, eta 20.00etan hasiko da.
Emanaldirako sarrerak apirilaren 24 honetan jarriko dira salgai, ostiralean, 17.00etatik aurrera turismo bulegoan, eta asteartetik aurrera online erosteko aukera ere egongo da. Aurreikusten da 1.000 sarrera jartzea salgai; 700 turismo bulegoan eta 300 online. Pertsona bakoitzak gehienez lau txartel erosi ahal izango ditu, eta 20 euroko prezioa izango du sarrera bakoitzak.
Solasaldia Benitorekin, Arraunetxen
Omenezko kontzertuaz gain, Benito Lertxundirekin solasaldia egingo da Arraunetxen, maiatzaren 7an, 19.00etatik aurrera. Hala, herritarrek aukera izango dute Lertxundiri bere ibilbide artistikoari, abestiei, bizipenei... buruzko galderak egiteko. Gainera, aurreko egunetan ere bidali ahal izango dira Benitorentzako galderak, Udalak horretaratuko ahalbidetuko duen esteka baten bidez.
Saio horretarako doako gonbitak apirilaren 29an, asteazkenean, jarriko dira eskuragarri turismo-bulegoan, 17.00etatik aurrera.
Bestalde, Orioko Udalak emango duen lehen Sormen Beka Balearen Egunaren testuinguruan finkatu du, arrazoi argi batengatik: bekaren lehen edizioan, Benito Lertxundiren biografian edota obra artistikoan oinarritutako lanak aurkeztu beharko dituzte interesdunek. Proposamenak oinarri arautzaileetan zehazten den modura baloratuko dira, eta ondoren, puntu gehien lortu dituen proiektuari emango zaio beka. Dirulaguntza 7.000 eurokoa izango da, eta datozen egunetan emango dituzte xehetasunak, oinarri arautzaileak plazaratutakoan.
Bestalde, Orioko Danbolin Musika eta Dantza Eskolak 40 urte betetzen ditu aurten, eta Balearen Egunaren testuinguruan, urteurrena ospatzeko kontzertu berezia egingo da. Emanaldia maiatzaren 9rako iragarri dute, 22.00etan Karela kiroldegian, eta Elena Errasti zuzendariaren esanetan, «Danbolinen parte izan diren eta garen musikariok prestatutako saioa izango da, 350 lagunetik gora bilduko dituena».

La torre de Disney en Gaubea que ha molestado a los escaladores

El Aquavox que Barcina impuso para cargarse el gaztetxe acaba en fiasco millonario

Testimonios de agresiones en Mitika confirman la inacción oficial previa a la muerte de Kerman
