
Ehunka lagun bildu ditu larunbat arratsalde honetan Getxon subflubialaren proiektua bertan behera uzteko eskatzeko egin duten manifestazioak. Bizkaiko Foru Aldundiari luzatu diote eskaria, proiektuaren bultzatzaile gisa. Salatu dutenez, egitasmoak ondorio ekologiko eta sozialak izango ditu.
«Gure ustez Subflubiala oso proiektu kaltegarria izango da. Bereziki sustatzen duen garraio ereduagatik. Izan ere, milaka kotxe gehiago ipiniko ditu errepideetan, kotxeen aldeko dei efektua egingo baitu, honek dakarren kutsadura eta berotegi efektuko gasen handipenarekin», adierazi dute mobilizazioan.
Ormuzeko itsasartearen itxierak ekarritako krisi energetikoa ere ekarri dute gogora. Deitzaileen hitzetan, horrek «inoiz baino argiago erakutsi» du «zein garrantzitsua den gure petrolioarekiko dependentzia murriztea».
Azpimarratu dutenez, klima aldaketaren ikuspuntutik zein egoera geopolitikoaren ikuspegitik, egun «garraio publiko gehiago eta auto pribatu gutxiago» izan beharko litzakete joera, «subflubialak sustatuko lukeenaren aurkakoa, hain zuzen ere».
Ikastetxeetaraino heltzen diren kalteak
«Hori gutxi balitz», proiektuak eragingo dituen albo kalte larriak aletu dituzte: «Kaltetu nagusiak inguruko ikastetxeak izango dira, ikasle zein langileen osasunean kalte larriak jasango baitituzte». Gogoratu dutenez, «berez, ekainean lau ikastetxek (Artaza-Romo institutua, Betiko Ikastola eta Romo eta Artaza eskolak) komunikatu bat atera zuten Subflubialaren proiektua bertan behera gelditzea eskatuz».
Horri gehitu behar zaio martxoan heldutako informazioa, alegia, «Artaza-Romo institutuaren eraikin nagusia hustu behar izatea mahai-gainean dagoen aukera bat dela, lanek zentroan normaltasunez ikastea ezinezkoa egingo luketela onartzen baitu Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak».
Proiektuak eragingo dituen kalteen artean Artaza parkean eta Galindo errekan izango dituen efektuak azpimarratu dituzte. Zehaztu dutenez, «Artaza parkean hamarnaka zuhaitz ebakiko dituzte eta parkearen laurden bat itxita egongo da obrak iraun bitartean. Bere gainean egingo duten zubibideak Galindo errekaren ekosisteman eragin negatiboak izango ditu, babestuta dagoen arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) arriskuan jarriz.
Eragin horiez gain proiektuak suposatuko duen «gastu publiko ikaragarria» salatu dute. Esan dutenez, «bizi dugun inflazio egoerak ekar dezakeen igoera kontuan hartu gabe, 500 milioi euro baino gehiagokoa da aurreikusitako inbertsioa, «eta hau hobe legoke beste zerbitzu publikoetan inbertitzea: garraio publikoa, zaintza sistema, osasungintza...».

Iker Aristu iruindarra hil da; torturaren biktima gisa aitortu zuen nafar Gobernuak

Lekeitioko Antzar Eguna bertan behera geratu da 20 urteko gazte bat kaian hil ondoren

Se entrega en Ondarroa el autor del homicidio de Azpeitia

Adiós a Juan Mari Feliu, referencia del montañismo, del antifranquismo y del abertzalismo
