
Patagoniako ohiko denboraldia amaitu zenetik hilabete pasatxo igaro da. Alabaina, indar handia izan duen jarduera bat berreskuratu nahi izan dugu. Horretarako Paineko Dorreetara (Txile) abiatuko gara; hain zuen ere, dorre nagusira. Izan ere, Harry Kinnard, Trevor Anthes eta Miles Moser estatubatuarrak ekialdeko horman 'Paradigm Shift' ibilbidea (VII; 5,12+, A2, 1.219 m) zabaltzeko gai izan dira kapsula estiloan.
Zalantzarik gabe, zailtasun teknikoei eta bidearen luzerari begiratzen badiegu, lerro hori ingurumari horretako zorrotzenetarikoa bihurtu da. Ez dute batere erraza izan jarduera hori biribiltzea. Denera, bi ekinaldi edo bisita egin dizkiote Paineko Dorre Nagusiari. Nahiz eta aurrekontu eskasa izan duten, proiektu horretan buru belarri ibili dira. Asko kosta egin zaie 'Pagadigm Shitf' horma horretan txertatzea. Denera, bi urte eta 70 gau Patagoniako murru luzeenetakoan.
Protagonistok sare sozialetan adierazi dute marrak dituen 36 luzeetatik 29 berriak direla, eta beste seiak, tontorrera eramaten dituztenak, 'Bonington-Whillans'-enak dira: «Nahiz eta artifizialean tarte batzuk eskalatu ditugun, luze guztiak ala guztiak era librean igo daitezke. Horretarako, bilguneak paraboltekin utzi ditugu eta metro horietan guztietan garbiketa sakona egin dugu. Horri esker, balizko errepikatzaileek segurtasunez eskalatzeko aukera izango dute. Lehen saialdian 29 gau kapsula estiloan igaro genituen, eta aurtengoan beste 41. Haizeteek, euriak, grabitateak eta elurrak egundoko borroka egitera eraman ziguten. Batez ere, hari-harian egon ginenean».
Hiruko estatubatuarrak emaitza bikaina erdietsi zuen ibilbide luze eta arriskutsu horretan. Hala eta guztiz ere, erabilitako estiloak eztabaida txikia sortu du. Azken urte luzeotan bide berriak zabaltzen dituztenak estilo minimalistaren aldeko apustua egiten ari dira. Egun, Patagoniako alpinismoaren ezaugarri nagusietako bat da.

Gai horren inguruan, Anthesek adierazi du indarrean jarritako estiloa oso onuragarria izango dela 'Paradigm Shitf' bisitatuko dutenentzat: «Guk argi dugu era askean igotzeko bide honek asko eskatzen duela. Txapak jarri ditugu eta garbiketa handia egin ere, baina uste dugu errepikatzaileei segurtasuna eskainiko diegula. Segurtasunaz gain, askoz ere eskuragarria izango da. Oso ondo dago bide garbiak zabaltzen dituztenen lana, baina horietako asko, gu ez bezala, profesionalak dira. Aurrekontu oso-oso estua izan dugu. Denda batzuek deskontuak egin dizkigute tresneria erosterakoan, eta lagun batzuek dirua edo tresneria eskaini digute erronka hori aurrera atera ahal izateko. Finean, guk ez dugu babeslerik izan. Hainbat enpresen ateak jo ditugu, eta harrituta geratu gara erantzunekin. Enpresa garrantzitsu batek esan zigun iltzeak eta petate bat ez zirela sartzen haien aurrekontuan. Jardun dugun inguru horren izena daraman arropa ekoizle batek erantzun zigun ez zituela espedizioak laguntzen. Eta Ameriketako Estatu Batuetako mendizale elkarte nagusiak aipatu zigun gure estiloak ez zuela bat egiten 'abangoardiarekin' lotutako irizpideekin».
Zorrotza
Iritziak alde batera utzita, estatubatuarren espedizioak izan zuen bilakaerari buruz hitz egin behar dugu. Aurreratu dugun bezala, bi ekinaldi behar izan dituzte. 2024ko abenduan hasi zen lehenbizikoa. Moser eta Anthesen taldera Hugo Perez eta Kellen McGrath batu ziren.
Bisita horretan muturreko klimak gogor astindu zituen. Ekaitz batek egoera oso larrian utzi zituen: «Horma osoa zuri-zuri utzi ondoren, bat-batean hamaka irauli eta laurok amildegian zintzilik geratu ginen. Egoera horretatik onik irten ginen: mirarizko fenomeno bat izan zen. Ohartu ginen lehenik eta behin iltze bat bere lekutik atera zela, eta gauza bera gertatu zitzaion friend bati. Zorionez, soka finkora lotuta zegoen gailu batek erorikoa saihestu zuen. Oso gutxigatik ez ginen amildu. Oraindik ez dakigu bizirik nola irten ginen. Muturreko gaua izan zen lo-zaku batekin lau lagunontzat. Benetako min mentala izan zen. Bai, bibak horrek aztarna psikologiko iraunkorra utzi zigun».
29 egun behar izan zituzten 17 luze irekitzeko. Aurreratu dugunez, izugarrizko ekaitzak jasan behar izan zituzten. Horien ondorioz, atzera egin eta bigarren ekinaldirako prestatu ziren. Estiloari dagokionez, bigarren bisitan ere kapsula estiloan jardun zuten. Izan ere, bide luze bat zabaltzeaz gain, proposamen oso zorrotza egin nahi zuten. Eta, jakina, ezaugarri horiek estilo azkar eta garbi batean biribiltzea zaila da oso. Estatubatuarrek diote ikuspegi ezberdinak dituela hartutako erabakiak: «Askoz ere zama handiagoa eraman behar da, eta, oro har, ez zaude leiho on txiki baten menpe. Azkar eta arin aritzea nagusitzen ari den estiloa da. Baina eguraldiak ez badu laguntzen, estilo garbi horretan emaitza lortzea ia ezinezkoa da».
Aurtengo eskaladari dagokionez, protagonistok diote berriro ere ekaitzen menpe egon zirela. Zorionez, botatako elurrari esker ura lortzeko ez zuten arazorik izan. Hortaz, eguraldi gaiztoak aurpegi 'abegitsua' izan zuen. Bestalde, ohiko arrisku objektiboez gain, eskalatzaileok beste bati aurre egin behar izan zioten. Amaitu berri den denboraldian bide berriaren ondoan dagoen 'Hegoafrikarra' lerroak makina bat bisita izan ditu. Une jakin batzuetan, azken marra horretan zeuden taldeen igoerek luizi batzuk sortu zituzten. Estatubatuarrak haien azpitik zeuden, eta “eraso” horien menpe egon ziren.

Joan den urtarrilaren hasieran hirukotea lanean jarri zen. Aurreko asteetan tresneria guztia paretaren oinarrira garraiatu zuten. Lehen bi eskalada egunetan bederatzigarren luzera arte sokak finkatu eta lehen kanpalekua antolatu zuten. Beste bost egun egin zituzten zama guztia kanpaleku horretara igotzen. Lan horiek bukatu bezain pronto, ekaitz batek hormatik jaistea behartu zituen. Astebeteko 'atsedenaldia' izan zen.
Murrura itzuli, eskalatzen hasi eta duela bi urte lortutako puntu garaiena gainditu zuten. Bigarren kanpalekua antolatu ondoren, pronto ziren gailurrera eramango zituen azken metroak igotzeko. Zorionez, leiho on bat heldu zitzaien. Otsailaren 24an, berriz, 'Bonington-Whillans'-era lotu eta gaueko 9etan dorre nagusiko tontorrera heldu ziren.
Amaitzeko, estatubatuarrok adierazi dute 'Paradigm Shift' proposamen oso erakargarria geratu dela era askean igotzeko: «Gure asmoa ahalik eta gehien librean eskalatzea zen, eta horregatik iltze eta parabolt batzuk jarri genituen. Hasieratik amaiera arte eskalada bikaina da. Bi luzetan tarte txiki batzuk artifizialean geratu dira, baina argi dugu era arinago batean librean igo daitezkeela. 5.12 mailakoak edo gogorragoak dira hamar luze. Bederatzi falta dira kateatzeko, eta horietako bi 5.13a mailakoak izan daitezke. Bidearen giltzak momentuz 5.12c A2 maila du».

«Quería quedarme sin conocimiento y que pasara lo que tuviera que pasar»

Protesta ante la actuación de la compañía israelí Hofesh Shechter en el Teatro Arriaga de Bilbo

El Memorial indigna a la familia de ‘Naparra’ al señalar a ETA; el BVE lo reivindicó tres veces

Cárcel a un hincha de la Real enfrentado a la Ertzaintza tras ‘duplicar’ la imputación inicial

