NAIZ

Gogorak material didaktikoak prestatuko ditu «diskurtso antidemokratikoei» aurre egiteko

Alberto Alonsok Gasteizko Legebiltzarrean iragarri duenez, Gogora Institutuak material didaktikoak prestatuko ditu ikasleen artean «diskurtso antidemokratikoen aurrerapenari» aurre egiteko. 

Alberto Alonso Gasteizko Legebiltzarrean izan da asteazken honetan.
Alberto Alonso Gasteizko Legebiltzarrean izan da asteazken honetan. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendari Alberto Alonsok asteazken honetan iragarri duenez, Gogora Institutua material didaktikoak lantzen ari da frankismoari zilegitasuna kentzeko. Izan ere, irakasleek ohartarazi dute gazteen artean diskurtso antidemokratiko argiek aurrera egin dutela, eta kezka horri erantzun nahi dio Lakuak.

Gogora Institutuko arduradunak azaldu duenez, lan hori hiru fasetan banatuko da. Lehenengoan, artxiboko, bideografiako eta hemerografiako dokumentazioa aukeratuko da, ikasgeletan lantzeko «paradigmatikoena» izan daitekeena. Ondoren, material hori irakasleekin kontrastatuko da, hezkuntza-dinamiketara egokitzen saiatuz. Eta, azkenik, «ikasgeletan behin betiko kontrastea egiteko unea iritsiko da».

Hala azaldu du Alonsok Gasteizko Legebiltzarrean, Gogoraren jardueraren berri emateko egindako agerraldian. Bertan ohartarazi duenez, «desberdinarekiko gorrotoa, pentsatzen duenarekiko seinalamendua, bere sexualitatea edo bestelako otoitza sentitzen duenarekiko gorrotoa, berriro zabaltzen da gure gizartean», eta horri aurre egiteko politika berriak garatu behar dira. «Inoiz baino gehiago, oroimena gainditzen duten memoria-politikak beharrezkoak dira».

Izan ere, bere esanetan «ez du ezertarako balio plaka bat jartzeak, adierazpen instituzional bat egiteak, gure politikak gizartean sakonki barneratzeko gai ez bagara». «Oroimena iraganari begiratzea baino askoz gehiago da; beharrezkoa da une historiko bakoitzaren atzean dauden mekanismo sakonak azaltzea», gaineratu du, eta «gorrotoa, zentzugabekeria, polarizazioa, aniztasunarekiko erresistentzia eta indibidualismoa, gure artean jarraitzen duten elementuak» direla azpimarratu du.

Adierazi duenez, elementu horiek «edozein demokraziaren mehatxurik handiena dira», eta, beraz, «beharrezkoa da elementu horiek adierazteko, azaltzeko eta ulertzeko gai izatea». «Erabil dezagun memoria bere historiari modu kritiko eta gogoetatsuan begiratzen dion gizarte bat eraikitzeko, gaur egungo mehatxuak ulertzeko gai izango dena», esan du.

Gerra eta frankismoa

Bestetik, Memoriaren Institutuak azken hilabeteetan egindako jarduera errepasatu du Alonsok. Horrela, Jose Antonio Agirreren Gobernuko kargu politikoei eta funtzionarioei buruz egindako ikerketa aipatu du. Ikerketa horretan, talde hartako 70 kide baino gehiagoren biografiez gain, 1936ko gerraren testuinguruan EAE modernizatzeko bultzatu nahi izan zituzten politiken azterketa ere jasotzen da.

Gainera, Gogora Institutuak dagoeneko jaso du Ordena Publikorako Auzitegiaren funtsaren kopia digital bat. Eta Salamancan dagoen Memoria Historikoaren Dokumentazio Zentroarekin ari da lanean «diktaduraren azken hamarkadetan frankismoaren oinarriak higatu zituzten mugimendu sozialak ulertzeko», baita «urte horietan Euskadiko bizitza politiko, sozial eta kulturala ezaugarritu zuen errebindikazio-olatua itotzeko» erregimenak zabaldutako mekanismo errepresiboak ulertzeko.

Bestalde, frankismo garaiko sexu-aniztasunaren aurkako errepresioari buruzko ikerketa-proiektua oraindik hasierako fasean dagoela azaldu du, eta laster testigantzak grabatzeko faseari ekingo zaiola. Emakumeak Babesteko Patronatuaren biktimei buruzko azterlanaren kasuan, ikerketa hori zabaltzea erabaki da, frankismoak inposatutako eredu matxista ikertzeko.

Era berean, 50. urteurrena dela eta, Gogora Institutuak erakusketa bat egingo du Eduardo Moreno Bergaretxe ‘Pertur’ ETAko kidearen desagerpenaren inguruan. Halabern, Dolores Gonzalez Katarain ‘Yoyes’ ETAko kidaren heriotzaren inguruko erakusketa bat ere egingo da.