
Josu Aztiria EH Bilduko legebiltzarkide eta koalizioko Euskararen Normalkuntzarako idazkaria Euskadi Irratian izan da ostegun honetan eta, besteak beste, Enplegu Publikoaren Legearen erreformari buruz hitz egin du. Blokeoa saihesteko eta EAJren proposamena aurrera atera dadin asteazkenean jeltzaleek egin zieten abstenitzeko eskaera izan du hizpide, eta planteamentu hori ez dela «serioa» nabarmendu du.
Azaldu duenez, duela astebete, «hilabeteak itxaroten egon eta gero», EAJk helarazi zien «akordio bat aurrera eramateko aukera esploratzeko prest zeudela, eta emendakinen ondoren batzorde formal bat osatu eta bilera formal bat» egingo zutela.
«Eta hara non atzo [asteazkenean] jakin dugun gure abstentzioa eskatzen dutela inongo negoziaketarik martxan jarri gabe eta beraien proposamena guri aurkeztu gabe», deitoratu du.
Aztiriak gogoratu du EH Bilduk duela hilabete helarazi ziola bere «proposamen zehatza» EAJri eta ez dutela erantzunik jaso, eta orain «gu akritikoki abstenitzea nahi dute». Parlamentariaren iritziz, jokabide hori «ez da ulergarria», ezta «logikoa» ere.
Adierazi duenez, PSEk eta Sumarrek ere zuzenketak aurkeztu dituzte eta EH Bilduk ere bi alderdi horiekin akordioetara heldu nahi du, haiek ere «soluzioaren parte izan behar dutelako».
EAJk eta EH Bilduk asteazkenean aurkeztu zituzten Legebiltzarrean EAEko Enplegu Publikoaren Legean hizkuntza eskakizunak blindatzeko proposamenei eginiko zuzenketak, funtzio publikoko langileei ezarritako euskara eskakizunen aurka atera diren epaien aurrean babesteko helburuarekin. Sumarrek ere aurkeztu ditu, 17 zehazki.
PSEk derrigorrez bete beharreko indizeak eskatu ditu
PSEk, berriz, ostegun honetan aurkeztu du bere zuzenketa. Pau Blasi parlamentari eta Euskara idazkariak azaldu duenez, Enplegu Publikoaren Legearen erreformak Administrazio publikoan lanpostuak zehazten dituzten Nahitaez Bete Beharreko Indizeak sartu behar ditu (gaur egun ez daude), legean bertan «zer diren eta nola aplikatu behar diren» definituta gera dadin.
Horrela, bere esanetan, «goitik dauden gehiegikeriak» kontrolatuko dira eta mekanismoak irekiko lirateke euskaldunen ehunekoa %80tik gorakoa den eta euskara erabilera normaleko hizkuntza den 67 udalerriek plaza guztiak arazorik gabe zehaztu ditzaten.
Blasik defendatu duenez, bere proposamenak «berme juridikoak ditu, arrazoizkoa da, segurtasuna ematen die oposizioei, ez ditu adostasunak hausten eta udalei zentzuzko tartea ematen die».
«Ez die atea irekitzen justifikaziorik gabeko gehiegikeriei, malgutasuna eta udal autonomia aitzakiatzat hartuta, baita Eusko Jaurlaritzan ere», gaineratu du EAJk aurkeztutako ekimenari erreferentzia eginez.
Bere esanetan, «helburua segurtasun juridikoa bada, gure proposamenarekin lortzen da. Helburua beste bat bada, hizkuntza politiketan azeleragailua zapaltzea, mailak ahalik eta gehien igotzea eta erakunde bakoitzak nahi duena egiteko diskrezionalitate osoa izatea, ez, hor ez gara sozialistak egongo», ohartarazi du.
Euskararen inguruan EAJ, EH Bildu eta PSE duela urtebete baino «urrunago» daude PSEko parlamentariaren ustez, eta horregatik eztabaida orduan baino «polarizatuagoa» ikusten du. Horregatik, «gelditu» eta hausnarketa egiteko unea dela adierazi du, eztabaida «beste foro batzuetan» berrartzeko eta euskararen inguruko adostasunak «ez dinamitatzeko».
«Euskarak ez du gatazkaren erdian egon behar»
Lakuako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Ibone Bengoetxeak, baieztatu du «euskarak ez duela gatazkaren erdian egon behar». Profilen inguruan akordioa lortzea nahi duela azaldu du, nahiz eta hori alderdi politikoei dagokiela zehaztu duen. Gaineratu duenez, EAJ eta PSEren koalizio Gobernua «batuta dago, eta behar duena egiten, euskal jendartearen lehentasunei eta kezkei erantzuten».
Ostegun honetan egin ditu hitzok Bengoetxeak, Bilbon emandako prentsaurreko batean. Bertan, euskararen ikaskuntzaren doakotasunean aurrera egiteko eredu berri bat aurkeztu du.
Enplegu Publikoaren Legeko hizkuntza irizpideei buruzko erreformari ere egin dio erreferentzia. EAJk eta EH Bilduk aurkeztutako lege proposamenei eta talde guztiek planteatutako emendakinei, gai honetan dagoen desadostasunaren seinale.
Defendatu duenez, planteatutako emendakinen gainetik, euskarak ez du gatazkaren erdian egon behar, euskarak proposamenak behar ditu gero eta jende gehiagok bere eguneroko bizitzan erabiltzeko aukera izan dezan.

La torre de Disney en Gaubea que ha molestado a los escaladores

Detenido en Gipuzkoa un menor considerado referente de la extremista Red 764

Aires de reconquista rojigualda con motas de insumisión parda

Al menos 90 fallecidos en la frontera de Ceuta, que Sánchez atribuye a «las mafias»


