Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

«Gloriosas Astea»-k emango dio amaiera denboraldi ahaztezinari

Alavesek emakumezkoen futbolari eskainitako urteroko ekimena antolatuko du datorren astean. Erakusketa bat, hitzaldia, entrenamendu irekia eta sinadura saioa aurki daitezke egitarauan. Aurretik, txuriurdinek Ligari amaiera emango diote Osasuna bisitatuz.

Igoera lortuta ospatuko dute gasteiztarrek beren «Gloriosas astea».
Igoera lortuta ospatuko dute gasteiztarrek beren «Gloriosas astea». (Alavés Gloriosas)

«Gloriosas Astea» bueltan da. Alavesek urtero antolatzen duen ekimena atzeratu egin da oraingo honetan, baina udazkenetik udaberrira pasatuz, talde txuriurdinak Liga F-ra igotzeak ahaztezina egin duen denboraldiari ginga jarri ahal izango dio. Alavesek larunbatean jokatuko du Ligako azken partida, Taxoaren Osasunaren aurka, eta datorren astean lau jarduera handiek osatzen duten programaren protagonista nagusia izango da.

Astea maiatzaren 4an, astelehena, hasiko da, denda ofizialean jarriko den argazki erakusketarekin. Bertan, Alavesen igoeraren unerik nabarmenenak errepasatuko dira.

Asteartean, entrenamendu irekia egingo du taldeak Ibaian. 2012 eta 2017 artean jaiotako haurrei zuzenduta dago bereziki eta jokalariekin eta teknikariekin batera ariketa, jolas eta solasaldiez gozatu ahal izango dute parte-hartzaileek. Edukiera 150 umerentzat dago mugatuta eta, beraz, aldez aurretik izena eman beharko da, klubaren web gunean aurki daitezken estekan.

Asteartean ere, hitzaldi-solasaldia izango da Mendizorrotzako VIP aretoan, «Erronkatik errealitatera, F Ligara igotzea» izenburupean. Andrea Esteban Alaveseko entrenatzaileak eta Itziar Gastearena, Ines Altamira eta Sofia Fuente jokalariek parte hartuko dute. Kasu horretan ere, edukiera mugatuta egongo da, eta, beraz, bertaratu nahi duenak aldez aurretik eman beharko du izena web gunean aurki daitezken estekan.

Azkenik, maiatzaren 7an, ostegunean, autografoak sinatzeko saio bat egingo da klubeko denda ofizialean.

Play-offa jokoan Osasunarentzat

1. RFEFko denboraldia larunbatean amaituko da derbiarekin. Osasunak eta Alavesek jokatuko dute Taxoaren (16.00) eta bi taldeek gauzak dituzte jokoan. Batez ere gorritxoek, play-off postuetan dauden arren, oraindik ez baitute posizioa ziurtatu. Josu Dominguezen taldeak, atzetik dituen Albacetek edo AEMek lortzen duten emaitza gutxienez berdindu behar du, promozioan Liga F-ra igotzeko txartela lehiatuko duten lau taldeetako bat izan nahi badu. Gasteiztarrei irabaziz gero, ez dute beste emaitzen berri jaso beharrik izango.

Osasunaren arazoa Alavesek ere puntuak nahi dituela da. Baina behin igoera lortuta, txuriurdinen motibazioa ez da hain handia eta, gainera, beren helburua zailagoa da. Liga irabazi nahi dute, baina Bartzelonak baino bi puntu gutxiago dituzte; beren partida irabazi beharko lukete, beraz, eta talde katalanak Albaceteren aurka galdu beharko luke.