Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Laku bat «azterketak euskaraz» orroka, Senperen

Jendetza dabil igande goiz honetan ‘Geroa eraikiz, laku bat orroka’ lelopean ospatzen ari den 43. Herri Urratsen. Goiz eguzkitsua, festa giroa, baina aldarrikapen ozenak sumatzen dira: baliabide gehiago Ipar Euskal Herriko ikastolentzat eta azterketak euskaraz pasatzeko aukera.

Oholtza inguruetan batu da jendea kontzertu eta ikusgarriak jarraitzeko.
Oholtza inguruetan batu da jendea kontzertu eta ikusgarriak jarraitzeko. (Patxi BELTZAIZ)

Goizean goiz, oraindik Uratx munstroa esnatu gabe zegoela, hasi da jendea Senpereko laku ingurura hurbiltzen. Txikienen urduritasuna eta helduenen ia erritu bilakatu den urteroko ohitura elkartzen ziren lakurako joan etorrietako autobusetan. Uratx eta bere orroari jarraiki, zer entzun igaro dugu eguna.

Izan ere, aurtengo Herri Urratseko maskota da Uratx, izen hori eman zioten Seaskako ikasleek. ‘Geroa eraikiz, laku bat orroka’ leloa da nagusi eta 43. edizioa da aurtengoa, eta 2027ko hastapenetan Donapauleko Lizeo berria eraikitzeko erabiliko da bildutako ekarpen guztia. 

Eguraldia lagun hasi da eguna, baina inoiz baino protesta giro handiagoa dago lakuaren inguruan, orroak dira nagusi. Izan ere, azken asteetan Bordeleko akademiak aurrez euskaraz egiten ziren zenbait azterteka ezingo direla hala egin iragarri du. Horrek komunitate euskaltzalearen aktibazioa ekarri du, baina batez ere ikasleena, Etxepareko ikasleek matematikako proba euskaraz erantzuteko erabakia hartu baitute, ondorioak ondorio. Eta hiru sareetako 175 irakasle prest agertu dira Ahozko Handiaz gain matematikako azterketa ere euskaraz zuzentzeko.

Oraindik isiltasuna nagusi bazen ere, goizeko 9.30etan ia gune guztietan galdera bat nagusitu da: «Guztia prest?». Artisauen postuak martxan, eta Tokiko gunea ondorengo bazkarirako otordua prestatzen ari zen, soinu handiegirik gabe, giro onean.

Araba Berria gunera hurbiltzerakoan haur ahotsak nagusitu dira puzgarriak ikustearekin batera; Pirritx, Porrotx, Marimotots eta Pontx pailazoen zain ere bazen ume kuadrila bat, baina mutxikoak hasi dira jira eta buelta.

Goizeko 10.00etan izan da ekitaldia, parte-hartze handiarekin, eta bertan aldarri bat nagusitu da: azterketak euskaraz. Azterketak euskarazeko kideek hitzordu berri baterako deia egin dute: ekainaren 6an Bordelen egingo dute mobilizazioa, errektoretzaren aurrean.

Euskaraz pasatzea helburu

Lehendabizi, Senpereko auzapez berriak hartu du hitza, Christophe Jaureguyk, eta orain arte «beste aldean» egotea egokitu bazaio ere, Herriko Etxetik ere ikastolak sustatzen jarraituko dutela baieztatu du: «Badakigu ikastolek ekartzen duten garrantzia euskararen transmisioan, Senpereko herriak elkarteak ditu euskaren inguruan, garapenerako, eta horien suspertzaile izango da Herriko Etxea beti, gure ahalen arabera». 

Ondoren etorri da ekitaldiko unerik indartsuena, Laina eta Leize ikasleen eta Maite gurasoaren hitzartzea. Seaskako ikasleek beste behin ere azterketak euskaraz egiteko galdegin dute: «Non geratzen da askatasun printzipioa hizkuntza eskubideak urratzen zaizkigunean?». Eta pasa den astean hartutako hautuan berretsi dira: «Etorkizuna eraikiko dugu euskaraz, ez gara injustizia eta bortizkeria hau onartzeko prest. Matematikako azterketa euskaraz egingo dugu, ondorioak asumituz».

Jendetza elkartu da beste urtebetez Senperen.

Maitek, Azterketak Euskaraz kolektibotik beren sostengua helarazi die ikasleei: «Guraso eta irakasle gisa azkarki salatzen dugu ez dugula onartzen gure haurrak mespretxatuak izan daitezen, eta kolektiboak dena eginen du euskaraz idatziriko froga guztiak zuzentzeko». Azken hilabeteetan egungo egoera desbloketzeko Azterketak Euskaraz kolektiboak egindako egitasmoak gogoratu ditu: mila guraso eta euskaltzalek 15.000 mezu baino gehiago helarazi zituzten errektoretzara; 27 herriko etxek mozio bat adostu dute; departamenduko hautesi guztiek errektoreari gutun bat egorri diote; Bernart Etxepareko ikasleek 5.000 sustengatzaile lortu dituzte... Eta era berean salatu dute Hazkunde Nazionalerako ministroa zein haren Bordeleko ordezkaria «mutu» daudela. Pasa den astean Ziburun egotekoa zen, baina ez zen bertaratu. Dei argi batekin amaitu du: «Egoera argitu dadin dei bat luzatzen dugu euskaltzale guztiak dinamikan sar gaitezen, egintzetan engaiatuz». Ekainaren 6an Bordeleko Errektoretzaren aurrean mobilizazio zaratasu eta aldarrikatzailea egingo dute. 

Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari berriak, Alain Iriartek, ere azterketan gaiari heldu dio. Kontatu du badirela urteak instituzio ezberdinak elkarrekin lanean ari direla azterketak euskaraz pasatu ahal izateko, «zorigaitzez ez baita deus behin betiko irabazia», eta gehitu du 2019az geroztik atzeraka ari direla, «euskararen lorpenak hankaz gora botata». Hala ere, nabarmendu du Hezkuntza Ministeritzarekin abiatutako lana ona dela, eta elkarrizketek jarraitu behar dutela. Pertsonalki errektorearekin harremanetan jarri dela kontatu du, baina Ziburura etorri ez zenez, ondoko egunetan berriko jarriko dela berarekin kontaktuan: «Solasaldiak segitu behar du fermuki, euskaltzaleok zubiak irekitzen ditugu, zubien ondotik bideak baitira». Publikotik entzuten ziren ‘Azterketak euskaraz’ oihuekin amaitu da lehendakariaren hitzartzea.

Erik Etxartek, Ikastolen Elkartearen izenean, Paris aldetik berriz ere «haize txarrak» datozela aitortu du. «Bizi osoan euskaraz ikasi dutenean gure haurrei baxoko azterketetan euskaraz idaztea eta mintzatzea debekatu nahi die Hezkuntza Ministeritzak, zer motatako demokrazia da hau? Gure hizkuntzan adieraztea debekatzen diguna». Baliabide falta ere salatu du, izan ere, datorren ikasturtean bigarren mailan gutxienez 70 ikasle gehiago izango dituzte eta irakasle gehigarririk ez dutela jasoko esan du. «7 irakasle postu falta ditugu gibelera ez egiteko, ematen du frantses Estatuak aspaldi hasi zuen gure mintzairaren aurkako politika muturrera eramango duela, zigorrez eta debekuz». 

Orrorik ozenena

Bidean joaldunen hotsak sumatzen dira, baina urtez urte aldatu ez den beste hots bat nabarmentzen da guztien artetik, ume gorputza hartzen duen ‘pegatiiiinaaaaak’ eta txanpon hotsa. Auzolanak eta elkartasunak ez baitute adinik. Oraindik Uratx munstroaren aztarnarik ez.

Gipuzkoa gunean bertsolarien doinuak ziren nagusi gunea ireki berritan, Maddi Ane Txoperena, Irantzu Idoate, Aitor Servier eta Maddalen Arzallus izan dira kantuan; eta jarraian Baiona Kantuz-eko kideek hartu dute giroa alaitzearen ardura. 

Nafarroa Badok gunea gazteenek eta musikaren errtimoak bete dute, goizean goiz Dr. Palauer hasi da, eta Hernengun taldeko lagunen musika doinuek eman diote segida pixkanaka betetzen joan den oholtzaren behekaldeari. Eta bazen jada maldan eserita Xiberoots taldearen zain zen lagun talderik ere. 

Hala ere, orrorik sakonena arratsaldeko 17.00etan entzutea aurreikusten da, Araba gunean azterketak euskaraz egiteko elkarretaratzea eta argazki erraldoia izango baitira. Uratxen orroa ere han topatuko den jakiteko, bertara hurbildu behar.