
Eguraldia lagun, igandean Pasaia Itsas Festibala azken egunera heldu da. Hasi baino hobeto bukatu da, egunak pasa ahala eguraldiak hobera egin baitu. Antolatzaileen arabera, edizio arrakastatsua izan da: ontzi tradizionalek elkar topo egin dute Pasaian, eta bisitariek euskal itsas ondarea gertutik ezagutzeko beta paregabea izan dute.
Tartean, hainbeste esperotako San Juan baleontzia ezagutu ahal izan dute bisitariek.
Azken eguna Pasaiatik pasiatzeko hartu dute askok eta bidean ikusi dute, adibidez, Pasaiako Batelerek Pasai Donibanen egindako erakustaldia. Urteak atzera emakume horiek egiten zuten lana ikusarazi nahi izan dute, eta Victor Hugo eta garai bateko herritarrak izan dira haiekin.
Txikienek goiz guztiko plana izan dute: lehenik, planisferio bat marraztu dute aterki batean; gero, ‘Pirata garrapata’ ikuskizunaren ikusle fidelenak izan dira eta, azkenik, erraldoiak jarraitu dituzte eta beraiekin argazkiak atera dituzte.
Familia asko bildu dira San Pedron. Eguerdian, Femmm Vocal Jazz taldearen kontzertuak ahozabalik utzi ditu entzuleak. San Pedroko lonjako plaza ahotsez bete dute, eta jende askok entzun dituzte gustura, bazkaltzen ari ziren bitartean. Gero, Kattalin eta Nenufarrak taldekoek jarri dute giroa.
Festibalari amaiera biribila eman dio Trintxerpeko itsas danborradak. Kaleetan zehar ibili dira, eta argi utzi dute euskal kostaldeko itsas festibal garrantzitsuenetako baten beste edizio bat arrakastaz amaitu dela oraingo honetan ere.
Pasaia Itsas Festibaleko ordezkariek eskerrak emanez agurtu dituzte ohorezko gonbidatu kanadarrak. Haiei esker itzuli dira Pasaiara euskal baleazaleek mendeak atzera ezagututakoak.
Era berean, festibalaren antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete beste portu baterantz abiatzear dauden ontziei, baita festibala posible egin duten boluntarioei ere. Era berean, Pasaiara hurbildu den jende guztia ere eskertu dute. Itsasoa eta haizea lagun badituzte, ontzi tradizionalek Pasaiako uretan egingo dute elkar topo 2028an ere.
Kanada-Pasaia
Asteburuan zehar zurezko itsasontziak ikusteko eta ezagutzeko beta izan dute Pasaia Itsas Festibalera joan diren bisitariek. Morgenster belaontzi erraldoia, Étoile du Roy fragata kortsarioa eta Notre Dame de Rumengol karga gabarra bezalako itsasontzi handiak bisitatzeko sarrera guztiak saldu ziren larunbatean, eta txandaz txanda interesa zuten guztiek ezagutu zituzten itsas ondarez beteriko eraikuntza hauek. Nabigazioak ere denak salduta zeuden larunbaterako.
San Juan baleontzirako bisitak ere segituan saldu ziren; hori ikusita, gehiago jarri ziren eskuragarri eta horiek ere segituan saldu ziren (denera, 700 sarrera).
Edizio honetan, Kanada izan da Ohorezko Gonbidatua. Hortaz, Atlantikoaren bi ertzeen arteko loturak ospatzeko eta berritzeko aukera eman du festibalak. Kanadaren ondarea bertatik bertara ikusi izan da San Pedroko lonja aurreko stand-ean, baita Lehen Nazioetako eta inuit herrietako ontzi tradizionalak ere.
Kanadarren kulturan gehiago sakontzeko aukera paregabea izan da gastronomia. Larunbateko bazkariko lehen platera Kanadako Ange Dumaresque sukaldariak eta Fede Pacha Goikoetxea sukaldari euskaldunak egin ditu. Bost pintxo prestatu zituzten, eta Zaporeak-en jangela solidarioan eman zituzten tripulatzaileentzat.
Dumaresque Kanadako chef ezaguna da. Euskal Herriaren eta Ternua eta Labradorreko kostaldeen arteko mendeetako harremana lotzen duen bere estilo propioa garatu du chefak eta, hain zuzen, horixe eskaini zaie ondaredun ontzien jabeei jangelan.

Le Priol, eskuin muturreko militantea: «Arambururen heriotzaren egilea naiz»

Iker Aristu iruindarra hil da; torturaren biktima gisa aitortu zuen nafar Gobernuak

Adiós a Juan Mari Feliu, referencia del montañismo, del antifranquismo y del abertzalismo

Lekeitioko Antzar Eguna bertan behera geratu da 20 urteko gazte bat kaian hil ondoren







