Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Astebete etorkizuna badagoela baieztatzeko

Igor Arrietaren etapa garaipena Giroan, Markel Belokiren errendimendu itzela onenengandik gertu, Jon Barrenetxearen erremateak frantziar errepideetan eta Usoa Ostolazaren maila, munduko onenei aurpegira begiratuz. Azken aste honek erakutsi du euskal txirrindularitzaren erreleboa prest dagoela.

Igor Arrietak garaipen itzela lortu zuen Giroko bosgarren etapan.
Igor Arrietak garaipen itzela lortu zuen Giroko bosgarren etapan. (Massimo Paolone | Europa Press)

Azkenaldian, euskal txirrindularitzari buruzko eztabaidek zerbait zuten amankomunean, zeinek hartuko duen lekukoa. Pello Bilbaok erregulartasun handiko denboraldiak pilatzen jarraitzen duen bitartean, Ion Izagirrek goi mailako lasterketetan aurpegia ematen jarraitu du, eta Mikel Landak itzuli handietan onenekin borrokatzeko gai izan den azken ikur handia izaten jarraitzen du. Bien bitartean, atzetik sentsazio deserosoa agertzen zen, ia hutsik. Talentua bazegoen, baina gaur egungo txirrindularitzan goi mailan mantentzeko seinale sendoak falta ziren. Azken aste honek horretarako balio izan du: etorkizuna badagoela baieztatzeko.

Ez dira emaitzak soilik. Txirrindularitzak beti eskatzen du zuhurtzia konparazioekin eta azkar zigortzen ditu itxaropen neurrigabeak. Baina egun hauetan gertatutakoak balio berezia du, profil ezberdinetatik, eszenatoki ezberdinetatik eta datozen urteetan elkarrekin bizitzera deitutako belaunaldietatik iristen delako.

Irudirik indartsuena Italiako Girotik heldu zen. Igor Arrietak, beheko mailetatik gehien jarraitutako txirrindularietako batek, etapa garaipen itzela eskuratu zuen. Itzuli handi batean irabaztea ez da kasualitatea. Eta egiteko modua, are gutxiago. Gainera, historikoki euskal txirrindulari askoren izaera markatu duen lasterketa batean egin zuen, Marino Lejarretaren garaitik Landaren abenturetaraino.

Eta bere ondoan, zarata handirik egin gabe, Markel Belokik oraindik zailagoa den zerbait eraikitzen jarraitzen du: ibilbide sendoa sailkapen orokorrean. Fenomeno goiztiarrak eta gero eta egitura espezializatuagoak nagusi diren garai honetan, gaztea izanda onenengandik gertu mantentzeak meritu handia du. 20 urte baino ez dituen Belokik sufritzeko gaitasuna erakutsi du lehen egun hauetan. Iazko Vueltan mahai gainean jarri zuen gaitasuna eta hurrengo bi asteetan gertatzen dena gertatuta ere zer motatako txirrindularia izan daitekeen erakutsi du. Eta astearte honetako erlojupekoak ez lioke kalterik egin beharko.

Barrenetxeak bi garaipen jarraian

Italiak etorkizunaren seinaleak ematen zituen bitartean, frantziar errepdieetatik ere albiste ezinhobeak iritsi ziren. Jon Barrenetxeak bi garaipen sinatu zituen, lehiarako heldutasunaz hitz egiten dutenak. Behin irabazteak egun on bati erantzun diezaioke; bi egun jarraian irabaztea beste kontu bat da. Bizkaitarra txirrindulari azkarra da eta hainbat postu on zeramatzan aurten, baina bi garaipen hauek konfiantza sendotuko dute. 

Emakumezkoen txirrindularitzari baikortasunez begiratzeko arrazoiak ere egon dira. Usoa Ostolazak Euskal Herriko Itzulian irudi bikaina utzi du, Vueltan egin bezala, munduko onenekin aurrez aurre leihan.

Hori guztia, gainera, euskal txirrindularitzarentzat bereziki zaila den une batean gertatzen da. Denboraldi amaieran Pello Bilbao eta Ion Izagirre erretiratuko dira, azken hamarkada ulertzeko funtsezkoak diren bi txirrindulari. Eta Mikel Landaren inguruan zalantzak daude, zenbat denboraz jarraituko duen maila gorenean lehiatzen. Belaunaldi baten amaierak aurrera begiratzera behartzen du ezinbestean.

Horregatik, aste honek emaitzetatik haratago doan esanahia du. Izan ere, lehen aldiz denbora nahikoan, etorkizunak ez dirudi hipotesi urruna.