Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Mendizaletasunaren euskal bekak, agenda bete-betearekin

Andres Espinosa beka Ibon Mendiak eta Mikel Inorizak irabazi dute ‘Cerro Torreko zeharkaldia’ proiektuarekin. Joxe Takolorena, berriz, Ibai Rico eta Irati Iglesias egin dira ‘Kokorotos Bike Life’-rekin. Heldu den larunbatean, Xabier Ormazabalen omenezko Mendi Festa egingo da.

Joxe Takolo bekaren aurtengo proiketu irabazlea bidaia batekin lotuta dago.
Joxe Takolo bekaren aurtengo proiketu irabazlea bidaia batekin lotuta dago. (Joxe Takolo Beka)

Euskal Herrian mendizaletasunarekin lotutako bekak gero eta indar gehiago hartzen ari dira. Azken asteotan, hiru izan dira beren asmoak azaldu dituztenak. Lehenbizikoa, Andres Espinosa beka dugu. Euskal Mendizale Federazioak antolatutako ekimena lehena izan da irabazleen izenak argitaratzen. Ibon Mendia eta Mikel Inoriza protagonistak dira; izan ere, ‘Cerro Torreko zeharkaldia’ proiektuarekin gailendu dira.

Zalantzarik gabe, bi alpinista eta eskalatzaile gazteok asmo handiko helburua dute esku artean. Eta hori diogu Argentinako mendilerro horretan lau tontor lotu nahi dituztelako estilo alpinoan: Cerro Standhardt, Herron, Egger Dorrea eta Cerro Torre. 80ko hamarraldian eta 90ko hasieran, italiarrak zeharkaldi estetiko zein zail horren atzetik ibili zen. Baina eginiko ekinaldi guztiek ez zuten arrakastarik lortu. Rolando Garibotti argentinarra eta Colin Haley estatubatuarra izan ziren lehenak helburu preziatu hori biribiltzen. 2008ko urtarrila zen, eta bi alpinistok lau egun behar izan zituzten jarduera hori sinatzeko. Lehen errepikapena, berriz, zortzi urte beranduago heldu zen. Haley berriro protagonista izan zen, baina zeharkaldi horretan Alex Honnold herrikidea sokakide izan zuen. Bada, talde horrek egundokoa egin zuen zeharkaldia egun batean eginez. 

Euskal Mendizale Federazioak aurreratu du epaimahaiak bereziki baloratu dituela hautatutako proiektuaren kalitatea, originaltasuna eta maila teknikoa, baita mendizaletasunaren balioekin duen bat-etortzea ere. Horrekin batera honakoa gehitu du: «Beka honen bidez, gure konpromisoa berresten dugu alpinismoaren baitan maila handiko proiektuak bultzatzeko, jardueraren funtsa errespetatzen duten ekimenak babestuz, non anbizioa, estiloa eta mendiarekiko errespetua uztartzen diren».

Joxe Takolo beka

Mendizale azpeitiarraren omenez bere herrian antolatutako (udalaren eskutik eta EMFk lagunduta) egitasmoak ere aurtengo edizioaren irabazleen berri eman du. Berezia ertz batzuetatik ikusita; izan ere, Joxe Takolo bekan Asia eta Euskal Herria bizikletaz lotuko dituen proiektu bat gailendu da. Ibai Rico gasteiztarrak eta Irati Iglesias Sanz murgiarrak irabazi dute ‘Kokorotos Bike Life’ izeneko proiektuarekin. Singapurretik Euskal Herrira arteko bidaia egiteko asmoa dute, 12.000 kilometro inguru, bizikletaz, hamar hilabete inguruan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, abenturatik asko duen proiektua aurkeztu dute bi arabarrek: «Bizikleta eta mendia uztartzen ditu, eta tokian tokiko kultura eta herritarrekin harremanak izateari garrantzia ematen dio. Epaimahaiak proiektuaren originaltasuna hartu du kontuan batez ere. Horrez gain, ordu erdiko film labur bat ere egingo dute hilabete horietan bizitako esperientziekin, eta horri ere garrantzia eman dio epaimahaiak».

Joxe Takolo bekaren irabazleek esan dute bizikletaz bidaiatzeko modu horrek baduela zerbait berezia, hitzekin adierazteko zaila dena: «Pertsonenganako, naturarekiko eta kulturarekiko hurbiltasun berezi bat ematen du. Kanpoan egondako bakoitzean etxean sentitu gara. Orain ere etxe nomada bat sortu nahi dugu. Barneko eta kanpoko esplorazio bat izango da». 

Mendi Festa

Hirugarren eta azken bekaren «geltokia» Urretxu da. Hain zuzen ere, Xabier Ormazabalen omenezko Mendi Festa egingo da. Bederatzigarren edizioa du, eta, ekitaldi ugari eskaintzeaz gain, mendizale urretxuarraren izenean antolatutako bekaren irabazleen berri emango dute. 

Ormazabalen memoriari eusteko eta mendizale gazteen helburuak bultzatzeko antolatutako egitasmo hori apal izatetik festa handi batera igaro da. Bederen, horrela azpimarratu nahi izan du Xabierren anaia Andoni Ormazabalek. Hots, ekitaldi horren alma materrak: «Denboraren poderioz, festa eta beka hau handitzen eta sendotzen joan dira. Oro har, erakunde instituzionalen eta mendizaleen babesa dute».

Urretxuko Udala da antolatzaile nagusia, baina azken hilabeteotan Xabier Ormazabal bekarekin eta festarekin hainbat eragilek bat egin dute: Euskal Mendizale Federazioak, Mendi Film Jaialdiak, Walk On Projectek, Smartlogek, Ternuak, Irizarrek eta Gattikenek.

Nahiz eta Mendi Festak larunbatean, hilaren 23an, egun bete-betea izango duen, bezperan, ostiralean, aperitiboa izango du gaueko 10.00etan Harrobi Dantza Bertikala konpainiaren ‘Geure(r)a’ ikuskizunarekin Ederrena frontoian.

Diogun bezala, larunbata Mendi Festaren egun handia izango da. Berez, Gernikako Arbola Enparantza izango du erdigune. Euria egingo balu, Ederrena frontoia izango da aterpe. Egitarau zabal eta erakargarri horretan, goizean, eskola kirola, boulderra, haurrentzako natura tailerrak, tirolina eta bazkaria izango dira gidoiaren protagonistak. 

Arratsaldean, berriz: liburu aurkezpena (Juan Vallejo-Juanjo San Sebastián), eskalada erronka, zozketak, mahai-ingurua (Patxi Arocena-Patxi Usobiaga), Jon Maia eta Gorka Hermosaren musika emanaldia, afari merienda, mendi filmak (‘Izarren zaunka’ eta ‘Un pas més’), Doctor Deseo taldearen Francisen kontzertua...

Eta, jakina, egitarau oparo horretan, gaueko 21.00etan, Xabier Ormazabal bekaren irabazlea nor den jakingo da.