NAIZ

Sumar, ERC, EH Bildu eta Compromisek banaketa elektrikoko sare publikoa eskatu dute

Sumar, ERC, EH Bildu eta Compromisek banaketa elektrikoko sareen titulartasun publikoa eskatu dute. Salatu dute enpresa pribatuek inbertsio-betebeharrik eta gobernantza-mekanismorik gabe jarduten dutela.

Sumar, ERC, EH Bildu eta Compromisek legez besteko proposamen bat aurkeztu dute Kongresuan.
Sumar, ERC, EH Bildu eta Compromisek legez besteko proposamen bat aurkeztu dute Kongresuan. (Jon URBE | FOKU)

Sumar, ERC, EH Bildu eta Compromisek legez besteko proposamen bat aurkeztu dute asteazken honetan Kongresuan banaketa elektrikoko sareen titulartasun publikoa ezartzeko.

Proposamenean azaldu dutenez, banaketa elektrikoa administrazio-baimenaren araubidean garatzen da, ez emakidaren araubidean. Horren ondorioz, alderdiek diotenez, sarearen titular den operadore pribatua ez dago administrazioaren gobernantza- eta kontrol-mekanismo eraginkorren mende.

Hala, operadore pribatuak jabego publikoaren gainean eraikitako eta kontsumitzaile guztiek ordaindutako tarifa arautuen bidez finantzatutako azpiegituren gainean jarduten du, baina titulartasun kolektiboko ondasun edo zerbitzu bat kudeaktetri dagozkion betebeharrak bete gabe.

Banaketa-sarea eta garraio-sarea

Proposamenak, halaber, salatzen du elektrizitate-banaketak ez duela lurraldeko edo sektoreko lehentasun lotesleak dituen sarearen gida-planik. Garraio-sarearen plangintzak izaera loteslea badu ere, banaketa-sarearen plangintza enpresek egiten dute, eta MLBNk bere inbertsio-planak onartzen ditu ordainsari arautuari dagokionez.

Alderdiek ohartarazi dute arrakala horren ondorioak «kuantifikagarriak» direla, eta horren erakusgarri da banaketa-sareko lotuneen %83k ez dutela sorkuntza banaturako edo elektrifikaziorako konexio berrietarako gaitasunik, eta eskaeren %10 soilik onartzen direla.

Ekimenak dioenez, horrek eragiten du sorkuntza berriztagarriko, industrializazioko, baterien fabrikazioko, hidrogenoko, elektromugikortasuneko eta industria aurreratuko proiektutan, sarean gaitasunik ez dagoelako, 60.000 milioi eurotik gorako inpaktuarekin.

Horregatik, ezkerreko alderdiek proposamen bat erroldatu dute Kongresuko Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, banaketa-sarearen titulartasun publikoa bermatzeko, sare horrek egungo sarea eta sare-garapen berriak barne har ditzan.

Autonomi erkidegoen eskumenak

Era berean, Espainiako Gobernuari eskatzen diote esparru juridikoa gaitzeko, hala eskatzen duten autonomia-erkidegoek beren lurralde-eremuko banaketa-sareen titulartasuna bere gain har dezaten, eta aukera ematea toki-erakundeek titulartasun hori beren gain har dezaten. Halaber, eskatzen dute, energia-erkidegoek beren jarduera-eremuan banaketa-sareak kudea ditzaten.

Trantsizio ordenatu bat proposatzen dute, segurtasun juridikoa bermatuz. Eta banaketa-sarean inbertitzeko plan zuzentzaile lotesleak onartzeko eskaera jasotzen da ekimenean.Plan horiek administrazio publikoek definituko dituzte, eta administrazio bakoitzak bere jarduera-eremuan dituen lurralde- eta sektore-lehentasunak beteko dira.

Asmoa da plan horiek urtero eguneratzeko gaitasuna izatea eta administrazio guztiek datu tekniko, ekonomiko eta operatiboetarako sarbidea izatea bermatzea, datu horiek beharrezkoak baitira planak egiteko, haien jarraipena egiteko eta zerbitzua ematen dela kontrolatzeko.