Arnaitz Gorriti

Kaixo, Alec Segaert naiz eta ‘volata’ izorratzera nator

23 urteko txirrindulari flandriarrak Novi Ligureko etapa irabazi du hiru kilometroren faltan tropela atzean utzi eta ordekan indarra eta arriskua sobera dituela erakutsiz. Afonso Eulalio liderrak tarteko helmuga bat baliatu du sailkapenean segundo gutxi batzuek ateratzeko.

Alec Segaert gaztearen euforia Giroko tropelari ziria sartu eta hamabigarren etapa eraman duenean.
Alec Segaert gaztearen euforia Giroko tropelari ziria sartu eta hamabigarren etapa eraman duenean. (Luca BETTINI | AFP PHOTO)

«Novi Ligureko etapa aproposa da Giroko esprinterrek ‘volata’ eder batekin errematea jar diezaioten Giroko hamabigarren etapari», zioten kazetarien titularrek ostegun honetako jardunari begira... Baita zera ere! Bere garaian Fabian Cancellara handiak eta beste zenbaitek egin ohi zuten moduan, Bahrain taldeko Alec Segaert txirrindulari flandriarrak ‘volata’ izorratu du, bere kirol bizitzako garaipenik bikainena erdietsiz.

Izan ere, 23 urteko flandriarra orain arte ez zen hain ezaguna, nahiz eta 23 urtez azpikoen mailan erlojuaren aurkako zenbait txapelketan oso aurrean ibili den –hiru bider Europako txapeldun, beste birritan zilarrezko domina eta beste behin brontzezkoa munduko txapelketan– eta, bada, ordekan gogor jotzen badakiela jakingo zuten honezkero tropeleko kideek. Alabaina, azken hiru kilometroetan emandako erakustaldiak mundu guzti guztia ezustean harrapatu du.

Egia da esprinterrak, tartean Paul Magnier ‘maglia ciclaminoa’, pare bat minutu atzetik zetozela ordurako, eguneko mendatetxoetan Movistar taldeak tropelean nolabaiteko bakandua eragin eta gero. Modu horretan, esaterako, Afonso Eulalio liderrak esprinterrik aurrean ez izatea baliatu du tarteko helmuga baten segundo batzuetako gainsaria lortzeko eta, bada, Bahrain taldeko portugaldarrak 33 segundo ateratzen dizkio orain Jonas Vingegaardi sailkapen nagusian.

Taldekideak inspiratuta?

Bere taldekidearen tarteko esprintak inspiratu ote du ba Alec Segaert azken hiru kilometroetan tropelari ziria sartu eta hanka egiteko? Auskalo! Esan bezala, ordurako ohiko esprint batean nagusi izateko hautagai gehienak atzean geratuta zeuden eta Visma taldea bera ari zen gurditik tiraka. Baina horrek ez du esan nahi pelotoia astiro zihoanik. Giulio Ciccone, Igor Arrieta eta Markel Beloki saiatu dira sei kilometroren faltan tropela atzean laga eta helmugara iristen, baina dela Vismaren lana, dela esprinta egin nahi izan duten horien ekina, ez diete ez tarterik ezta arnasarik eman hiru txirrindularioi.

Esan dezagun nortasun agiriak ere zerikusirik izan duela amaiera honetan. Esan bezala, Alec Segaertek 23 urte bete ditu urtarrilean eta bere orain arteko balentriarik handienak erlojuaren aurka eta 23 urtez azpiko kategorian iritsi dira. Hau da, inor gutxik hartuko zuen aintzat hanka egiten saiatu den une horretan. Baina metroek aurrera egin ahala, flandriarrak ez du bere indar etorria eten, eta esprinta bailatu nahi izan duten horiek alarma guztiak piztu dituzte, ihesean joan zaien zaldia, aurten Denaingo Sari Nagusia, Estatu frantsesean, irabazita zuen txirrindularia harrapatu nahian.

Nahi bai! Baina tropelak hain ederki erabili ohi duen «kalkulagailuak» kale egin du oraingo honetan. Segaertek itzuli handi baten etapa garaipena lortzeko aukera parez pare zabaltzen ikusi du eta bere aukeretan sinetsita egin du aurrera. Azken metroak iritsi bitarte, ez du atzera begiratzeko tarterik hartu. Bahrain taldeak ‘Victorious’ «abizena» darama atzean eta Flandriako Roeselare hirian sortu den mutilak bere burua ikusi du ‘Victorious’ abizen horren atzean. Zuzendarien autotik ere epelak botako zizkioten atzera begiratzeke aurrera jotzeko aginduz. Ez du agindu behar handirik izan, noski; tropela atzetik ez zetorkion barkatzeko eta helmugan atera dituen hiru segundo horiek urre gorria baino gehiago estimatu ditu azkenean.

Alessandria eta Verbania artean izango da Giroko hamahirugarren etapa, 189 kilometro orotara, azken kilometroetan laugarren mailako Bieno eta hirugarren mailako Ungiasca mendatetxoak izango dituztelarik. Azken mendateko tontorretik helmugara 14 kilometro baino ez dira izango eta, bada, ‘volata’ ikusi nahi duen horrek jai izango ote duen, Alec Segaert edo aldapa gora finago moldatzen den beste ausarten batek ziria sartzeko aukera ikusiko duelako orduan ere. Esaterako, adi Filippo Gannarekin, bere sorterrian amaituko baita ostiraleko jarduna.

12. Etapa:

1- Alec Segaert (Bahrain) 3h53:00

2- Toon Aerts (Lotto) 3ra

3- Thomas Silva (XDS) d.b.

4- Ethan Vernon (NSN) d.b.

5- Jasper Stuyven (Soudal) d.b.

6- Orluis Aular (Movistar) d.b.

7- Madis Mihkels (EF) d.b.

8- Jhonatan Narvaez (UAE) d.b.

9- Edoardo Zambanini (Bahrain) d.b.

10- Sakarias Koller Loland (Uno-X) d.b.

43- Markel Beloki (EF) d.b.

56- Igor Arrieta (UAE) d.b.

Sailkapen Nagusia:

1- Afonsio Eulalio (Bahrain) 48h10:38

2- Jonas Vingegaard (Visma) 33ra

3- Thymen Arensman (Ineos) 2:03ra

4- Felix Gall (Decathlon) 2:30era

5- Ben O'Connor (Jayco) 2:50era

6- Jai Hindley (Red Bull) 3:12ra

7- Michael Storer (Tudor) 3:34ra

8- Derek Gee (Lidel-Trek) 3:40ra

9- Giulio Pellizzari (Red Bull) 3:42ra

10- Chris Harper (Pinarello) 4:15era

11- Markel Beloki (EF) 4:20ra

20- Igor Arrieta (UAE) 9:14ra