Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Bazterretan’ dauden euskal antzerki konpainiak, Max sarien lehen lerroan

«Familia osorako txotxongilo ikuskizun bat helduen kategorietan sartzea eta konpainia handiekin lehiatu ahal izatea lorpen historikoa da», aitortu du Miren Larreak, Anita Maravillas-en kideak. Aurtengo Max sarietan lehiatzen den euskal ordezkaritza ‘bazterretik’ baitator. Eta harro, gainera.

Euskal antzerkiaren ordezkaritza, Campos antzokian.
Euskal antzerkiaren ordezkaritza, Campos antzokian. (Mikel MARTINEZ DE TRESPUENTES | FOKU)

Ez daukate tamaina handiko antzerki konpainia baten aterkirik, ezta haien dirua ere. Baina beraien esfortzuari esker, eta zirkuitu handien bazterretik ari direla dirudien arren, datorren ekainaren 1ean Meridako Erromatar Antzokian izango dira gure antzerkia ordezkatzen.

Bi bizkaitar dira –bat, Zornotzako Anita Maravillas & Portal 71, hiru ataletan saria jasotzeko hautagai da; bestea, Durangoko Ganso&Cia, kale antzerkia atalean– eta hirugarrena, nafarra, Las Nenas Theatre, errebelazio ikuskizun onenerako finalista dena. Txotxongiloak, clowna eta underground, ‘euskal ekuazioa’.

Eta saria ziurtatua duen beste bi euskaldun ere badaude: Irungo Ezezagunak antzerki taldea, talde amateur ataleko aurtengo sariduna, eta ibilbide luzeko Jesus Cimarro ekoizle ermuarra, Ohorezko Max saria jasoko duena. 

Estatu espainiarreko arte eszenikoetan izen handiena duten sariak dira Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak (SGAE) urtero ematen dituen Maxak. Ez da erraza finalera iristea; bidean hainbat gelditu dira. Onartutako 512 ikuskizunetik, lehenengo galbahea pasatu ondoren 174 gelditu ziren; handik 34 hautagai atera dira, 22 kategorietan lehiatuko direnak. 

Errepublikako maistrak , hiru izendapen

Bilboko Campos antzokian elkartu dira astelehenean hiru konpainia izendatuak eta Irungo Ezezagunok taldekoak. Aurkezle lanetan, Fran Lasuen musikoa, SGAEren Euskal Herriko Kontseiluaren ordezkaria eta, bide batez, ‘Andereño/La Maestra’ ikuskizunagatik finalista Musika Zuzendaritza Onenaren atalean. Anita Maravillasekin lan dezente egin du azken urteetan Oskorri eta Izukaitzen kide ohiak.

Hiru izendapen eskuratu ditu aurten Anita Maravillas & Portal 71-ren ekoizpenak: aipatutako Fran Lasuenena; Ion Chavezena, Argiztapen Diseinu Onena eta Haur, Gazte edo Familiarentzat ikuskizun onena. Ez da bi hamarkadetako ibilbidean izan duten lehen izendapena, baina hiru... hitz handiak dira.

«Guretzat aitorpen bat da, egia esan. Lan asko egin dugu eta oso modu serioan», Miren Larrearen hitzetan. «Konpainia independente legez oso konplikatua da honetara iristea, gehienetan ekoizpen handiak iristen direlako. Hautatu ohi dira antzoki handiek sostengatzen dituztenak, baina orain konpainia txiki hau, egonkorra eta hainbeste urtetako ibilbidea izanik, lortu izana luxu bat da, eta, lanbideari dagokionez, oso adierazgarria da: ‘Moko eta pala’ lanean ari diren konpainien jarduera asko duintzen dutelako horrelako izendapenak», Rocio Pindado (Portal 71) ekoizlearen hitzetan. 

Portal 71 ekoiztetxeak hamar bat urte darama Anita Maravillasekin lanean. «Su txikian lan egiteko aukera ematen digu, ekoizpenetan korrika ibiltzea ez delako ona, guretzat ez, behintzat», Larreak. Beraien artean ‘kozinatutako’ azken lana ‘Andereño/La maestra’ da,  penintsulatik mugitu dute lana, gaztelaniaz, katalanez eta euskaraz. Andaluziatik iritsi berriak dira –dagoeneko 200 emanaldi eman dituzte antzezlan honekin– eta 2027. urtea mugitua aurreikusten dute.

Errepublikako irakasle bat protagonista bihurtu dute txotxongilo ikuskizun honetan. Garai nahasietarako, memoria lanketa bat familia osoari zuzenduta. Extremaduran, PP eta Vox dira jaun eta jabe. 

Durangoko klown-ak

Oso gertu daude errotuta Ganso & Cia clownak, Durangon, zehazki. San Agustin kulturguneko talde egoiliarra da eta TontoLapiko bezalako mota desberdinetako antzerki jardunaldia antolatu ohi dute. ‘Welcome & Sorry’ kaleko antzezlanarekin izendatuak izan dira, baina Gorka Gansok y Cecilia Paganinik ez dute irabazteko esperantzarik. 

Beraien lanarekin, modu duinean, jarraitzea dute xede. Erriberri, Almagro, Sagunto... jaialdi dexentetan lan egin dute, bai eta plazetan, parketan... «Guk publiko guztientzat egiten dugu lan, horixe baita kale antzerkia guretzat, publiko guztientzako artea. Ez dugu haurrentzako lanik egiten. Gertatzen dena zera da, kale antzerkia aparkaleku bat bihurtu izan dutela: ‘Umea utziko dizut, ni tabernara noa edo azken lerrora joango naiz hitz egitera’. Eta hori are gogorragoa da, iskanbila sortzen dutelako! Zinera joan eta umea ‘Pokemon’ ikusten utziko bazenu bezala da... eta zu zineko azken lerrora joan eta berriketan hasiko bazina, zer? Ba berdina da», dio Gorka Gansok. 

Undergrounda, Nafarroan

‘Torcidxs’ lanagatik Iruñeko Las Nenas Theatre-k Errebelazio ikuskizun onenerako finalista dira. Ane Sagües eta Cristina Tomas gerturatu dira Bilbora. Pozarren egindako ibilbideagatik, areto txiki eta underground-en zirkuitoan aritu dira orain arte, ikuslego gaztea erakartzen dutelako batez ere, baina «ez gara Arriaga edo Gayarreko oholtzara igo», aitortu digute.

Ez dute esperantzarik galtzen. Orain bi aste emango dituzte Bartzelonan, apustu ikaragarria. Saria lortuz gero? Publizitate ezin hobea.