Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua
Elkarrizketa
Juan Garzia
Idazlea eta itzultzailea

«Lokomotorra primeran doa, baina ba ote dator bagoirik atzetik?»

Aita eta alaba, bi mundu, aurrez aurre. Belaunaldien eta kulturen arteko talka. Hitzak eztarrian katramilatuta. Esan nahi eta ezin. ‘Erbeste’ (Erein) liburua besapean hartuta dator Juan Garzia. Azken hamarkadatan itzulpengintzari emana egon ondoren narrazio luze bat dakar orain.

«Lokomotorra primeran doa, baina ba ote dator bagoirik atzetik?»

Loading player...
Juan Garzia idazle eta itzultzailea, Donostian.
Juan Garzia idazle eta itzultzailea, Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arnas luzeko bidea egina du Juan Garziak (Legazpi, 1955) euskalgintzan eta kulturgintzan. Irakasle aritua da urte askoan. EHUko Euskara Zerbitzuan ere lana egina, Zientzia Irakurle Ororentzat (ZIO) bilduma zuzendu zuen. Itzulpengintzako Euskadi Saria eman diote bi aldiz. 1999an, Jorge Luis Borgesen ‘Ipuin hautatuak’ liburuagatik, eta 2015ean, William Shakespeareren ‘Sonetoak’ disko-liburuagatik. Itzulpengintzan egindako lanez gain, gramatikari eta estiloari buruzko entsegu batzuk ere argitaratu ditu. 2013an Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen.

‘Erbeste’ (Erein) liburuarekin dator orain Garzia euskal letren plazara. Hiru hamarkada joan dira aurreko sormen lana kaleratu zuenetik.

Itzulera bezala aurkeztu dute Garziak lan berria atera izana, nobela izango balitz bezala baleko bakarra. Nahiz epe luze honetan ez den geldirik egon. Legazpiarrak ez du bereizketarik egiten sormen lanaren eta itzulpenaren artean. «Autorea zara itzultzen duzunean ere, literatura itzultzen duzunean bereziki». Badu abantailarik itzulpena izateak. «Askoz ere lasaiagoa da, ze badakizu jatorrizko produktua ona dela. Eta zeuk sortzen duzunean ez dakizu. Jende askok ez du aitortzen, baina nik uste dut sortzaile guztiek bizi dutela halako bertigo bat, ea egiten ari direna den gauza genial bat edo kakazar bat».

«Autorea zara itzultzen duzunean ere, literatura itzultzen duzunean bereziki»

Eta itzulera du ardatz liburuak ere. Urte luzez atzerrian bizi izan duen emakume bat herrira eta gurasoen etxera dator. Horrek dakarren guztiarekin. Bada hirugarren itzulera bat ere, indianoaren pertsonaiak gorpuztua. 

Talkak

Kontakizunean hainbat talkaren isla aurkituko du irakurleak. Bada belaunaldi artekoa, aita eta alaba protagonistaren artekoa. Bada kulturala ere, baserri kulturarena eta urbanoarena. Izan ere, mundu bat dago bien artean. «Baserritar euskaldunok asmatu dugu besorik gabeko besarkada ere, ez? Aita eta semea betiko despeditzera doaz besoak zintzilik dituztela», dio irribarrez euskaldunon izaeraz. 

‘Erbeste’ liburura etorriz, «aitak nahi du alaba gelditzea eta etorri denak ez daki zergatik etorri den eta zer egin nahi duen», argitu du. Eta bien arteko harremanari kontrapuntua jarriz, une askotan bien arteko zubi lanak eginez, protagonistaren anaia. «Mundu zaharreko tragedia horietako bat dago hor. Maiorazgo kuttuna hil zaio, alaba kanpora joan da ahal izan duenean eta beste semea berezia da...  Aitaren frustrazioa absolutua da», nabarmendu du.

XX. mendearen azken laurdenera egin du atzera idazleak liburuarekin. Francoren heriotzatik aurrera gertatzen da. «Politikatik oso bazter dira kontatzen direnak, nahiz atzean hori ere egon. ‘Erbeste’ izenburua ikusi duenean hainbatek pentsatu ni kanpoan egon naizen –AEBn bi egonaldi egina da– azken urte hauetako kontuak zirela eta ez du inolako loturarik horrekin», azaldu du. 

Iraganean eta orainean atzera aurrera dabil protagonista. Atzerritik Euskal Herrira etortzean bigarren erbestea biziko du alabak. «Kanpotik etorri da bere jatorrizko herrira eta, bigarren erbeste bat da. Latzagoa. Orduan, noski, kontrastea erabatekoa da», dio. 

«Kanpotik etorri da bere jatorrizko herrira eta, bigarren erbeste bat da. Latzagoa. Orduan, noski, kontrastea erabatekoa da»

«Pentsamenduen hariari jarraitzea da literatura egitea» Garziarentzat. Pertsonaiak baino beraien ikuspegia interesatzen zaio. 

Esan gabeko asko dago ‘Erbeste’n. «Isiltasunarena fundamentala da. Iristen denean ez dute elkar ezagutzen aitak eta alabak. Bueltan datorrenean pertsona zertan den azaldu nahi izan dut. Batetik, utzi duen familia ikusten du. Herrian ere aldaketak gertatu dira. Lehengo burdinaren inguruko industria orain museo bihurtuta. Gipuzkoako industria indartsu hura nola aldatu den islatu nahi nuen... Mundu zaharra irudikatzen du aitak baina hura ere erreziklatu da, industria bat jarri baitu martxan indianoarekin», kontatu du.

Liburuak argia ikusi osteko sentsazioak onak dira, nahiz «ja adin honetan ez daukat espektatiba ikaragarririk» aitortu. Nobelatzat baino narrazio luzetzat du bere azken liburua. «Saizarbitoriak eta egiten dutena da niretzat nobela eta nirea beste muturrean dago. Ez dut inoiz nobela-nobelarik egin. Ni izatekotan fabulatzailea naiz, nobelak eskatzen duen objektibismotik aldenduta. Beste egile batzuk errealitatea bere xehetasun guztiekin jasotzen dute. Bi muturrak daude eta zaila izaten da idazle bera bi alorretan ona izatea», argitu du. 

«Ez dut inoiz nobela-nobelarik egin. Ni izatekotan fabulatzailea naiz»

Mainstream-etik urrun ikusten du bere burua. «Ez naiz idazle profesionala –hemen profesional izatea eta hortatik bizitzea bi gauza dira–. Istorio bat ateratzen zaidanean ez dut kontuan hartzen merkatua edo jendeak zer eskatzen duen. Lehen ere ez. Jendeak nahi zuena zen nobela nazionala, Atxagak egiten zuenaren antzekoa, munduari ‘hau gara’ esateko. Nire interesak bestelakoak ziren eta bestelako literatura egin nuen, eta orain bai». 

Idazkera aldaketa

Urteak egin ditu literaturarik sortu gabe. Lerroetara eramateko istoriorik gabe. Behin liburu honen ideia burura etorri zitzaionean, lanari ekin zion. «Ikusten da estiloa aldatu dela noski, adinarekin eta urte hauetako irakurketekin. Idazkera bera esango nuke orain espontaneoagoa dela eta erregistroak, lehenengo pertsonan kontatzeak lagunduta, ez du zerikusirik. Garai bateko nire lan batzuekin konparatuta errazago irakurtzen dela esan didate», kontatu du.

«Ikusten da estiloa aldatu dela noski, adinarekin eta urte hauetako irakurketekin»

Adinak esperientzia dakar baina dena ez da onerako. «Gauza batzuetan txarrerako da adina. Esperientzia eta teknika hartzen dituzu baina gaztetako inozentzia edo xalotasun hori ere oso ona da sortzeko. Pixka bat ausartago edo ezjakinago izatea ere abantaila da, zeren gero hiperkritikoa jartzen zara zeure buruarekin. ‘Hau jada eginda dago’, ‘zer egingo dut nik berririk literaturan’... pentsatzen duzu. Eta frenoa jartzen diozu zure buruari. Gero, badakizu, bigarren umealdia edo etortzen da adinarekin eta beharbada horri zor diot liburu hau», aitortu du. 

Hizkuntza zaindua darabil. Ahalegina egin duen galdetuta, erantzuna, ezezkoa. «Ni natorren lekutik nator. Alegia, ez dakit munduko literaturako zenbat milaka orrialde itzuli ditudan. Nik publikatuko banu berez datorkidana askoz bihurriagoa litzateke, nik egiten ditudan zuzenketak dira leuntzeko, errazago ulertzeko eta istorioa jarraitzeko; uste dut nire erantzunkizuna hori dela. Horretan ere mainstream-etik kanpora nabil, egun ez zaio garrantziarik ematen hizkuntzari».

Gurean literatur ekoizpenaren eta irakurle kopuruaren artean dagoen desorekari erreparatu dio. «Metafora jarri nuen Anduren liburuaren aurkezpenean. Lokomotorra primeran doa, baina ba ote dator bagoirik atzetik? Eta bagoiak jendez beterik edo nola daude? Desoreka dago».

Aurrejuzguak

Garai bateko aurrejuzguak gogoratu ditu. «Lehen aurriritzia zegoen, jatortasun bila zebiltzan. ‘Nik itzulpenak ez ditut irakurtzen’, zioten. Euskarazko itzulpenez ari ziren, zeren noski, Chejov eta horrelakoak ez dut uste jatorrizko hizkuntzan irakurtzen dituztenik».

Ikusten du aurrerapenik. «Gaur egun euskaraz irakurtzen duen jende apur horrek ez du hainbeste bereizten obra itzulia den ala ez. Literatura ona nahi dute, berdin die itzulpena izan ala ez». 

Halere, «inertziak batzuren kasuan jarraitzen du euskararen diglosia dela eta», ohartarazi du. «Batzuentzat literatura irakurtzeko eta beste gauza formal eta kultuetarako beren euskara batua erdera da. Eta horretan konforme daude. Horrek mugatu egiten du neurri handi batean».

Pertsonalki ez dauka kexatzeko arrazoirik. Hala dio. «Konstatazioa egiten dut jende gutxik irakurtzen duela, nahiz irakurtzen dutenak oso literatura zaleak, irakurle finak diren. Euskaraz ateratzen dena jarraitzen dute. Ezin dugu pentsatu kolpetik jende guztia hasiko dela literatura landua irakurtzen –egin du gogoeta–. Badaukagu gure zirkuitotxoa. Kritika ere ez da hemen ikaragarria, baina nire liburuari, esaterako, berehala erantzun diote batzuk. Txikitxoak gara, beraz ez dezagun etsi. Handi izateraino ez gara iritsiko, baina gure txikian ahalik eta zabalen egon gaitezen. Nik askotan esan izan dut hobe dela bizitza guztian liburu bat ondo irakurtzea eta ez 100 liburu zertaz ari diren jakin gabe», jarraitu du.

«Ezin dugu pentsatu kolpetik jende guztia hasiko dela literatura landua irakurtzen»

«Kanpotik ikusteak bakarrik ematen dio zentzua barrukoari», dio protagonistak une batean. Berera ekarriz, bi egonaldi egin ditu Estatu Batuetan, Boisen 
eta Renon. Distantziak emandako perspektibarekin, aldatu egin al zen edo egin al da, Euskal Herriaz, euskal kultura eta bereziki literatur sistemaren gainean duzun iritzia?, galdetu diogu. «Erantzun luze bat emango dizut, ez. Aldatu zaidana da kanpokoen ikuspegia zein den ikusi dudala. Distantzia baneukan nik lehendik. Outsiderra izan naiz. Pesimista aktibista naiz ni. Eszeptikotasuna eta etsipena sentitzen dut batzutan baina ekin, ez dago beste biderik». 

«Katakonbetatik diglosiara, ez zerura»

Edalontzia erdi betea ala erdi hutsa ikusi, hauxe da gakoa askotan. Bere iritzia eman digu: «Lortu dugu katakonbetatik ateratzea. Ni hasi nintzenean, euskarari zegokionean katakunbetan geunden, baita kalean ere. Katakonbetatik atera gara diglosiara, ez zerura. Badira okerrago daudenak, Navajo-ak, esateko. Beste hainbat daude iraun ahal izateko borrokan eta gu nahiko ondo kokatuta gaude munduan dauden hizkuntza guztiak kontuan hartzen baldin baduzu». 

«Orain dela 50 urte ere, hasi nintzenean, gauza asko zegoen egiteko. Atzera begiratzen baduzu asko egin da eta egiteko ere badago. Zerotik batera pasatu zarenean baino gogorragoa egiten zaizu hurrengo pausua, pertseberantzia eskatzen du. Besteei eskatu baino eskatuiozu zeure buruari», dio.

Zertan ez dugu asmatu? «Beharbada neurri batean harrotu ere egin gara, pentsatu dugu nahi izatearekin nahi duguna izan gaitezkela. Eta gure mugak ditugu, txikiak gara, berandu hasi gara», esanez amaitu du.