«Dantza profesionalaren exijentzia ezagutu dut, baita horren edertasuna ere»
Amaia Erizek txikitatik izan du argi bere lekua oholtza gainean dagoela. Urteetako lan eta ahaleginaren ondoren, dantza profesionalean bere tokia egitea lortu du. Orain, Mexikon dabil biran, Kieveko Ballet konpainiarekin.

Amaia Erice Lagaz (Iruñea, 2001) dantzaria da, eta txikitatik izan du argi bere pasioa oholtza gainean zegoela. San Fermin Ikastola-n ikasia, bere ibilbidea ez zen zuzenean balletean hasi: lehenik gimnasia erritmikoan eman zituen urte batzuk, gorputz-adierazpena eta diziplina landuz. Zortzi urterekin ekin zion dantzari etxetik gertu zegoen eskola batean, eta hamar urterekin jauzi garrantzitsua egin zuen Marta Espuelas Dantza Eskola-ra. Han 18 urte bete arte trebatu zen, eta batxilergoa amaitzearekin batera erabaki sendoa hartu zuen: dantza izango zen bere ogibidea.
Bigarren batxilergoan, etorkizunari buruz hausnartzen hasi zenean, galdera argi bati erantzun behar izan zion: zer zen benetan betetzen zuena? Erantzuna bakarra izan zen, dantza. Irakasleen babesarekin eta bere gaitasunetan sinetsita, bide profesionalari ekitea erabaki zuen. Horretarako, Estatu espainoleko zein nazioarteko hainbat eskolatan sarbide-probak egin ondoren, Estatu frantseseko Toulousen kokatutako VM Ballet School eskolan sartzea hautatu zuen. Ospe handiko zentroa, baina zorrotza.
Europan zehar ibili zara lanean. Non ibili zara, eta zertan aritu zara?
Toulousen ikasketak amaitu nituenean, Bulgariako konpainia batera joan nintzen dantzatzera, State Opera Stara Zagora-ra. Han dantza eta arteak oso baloratuak daude, eta ohikoa da jendea maiz ikuskizunetara joatea: dantza, opera eta kontzertuetara.
Bertan dantza profesionalaren exijentzia ezagutu dut, baita horren edertasuna ere, baina etxerako itzulaldiak urriak ziren, etxetik oso urrun nengoelako. Hiru urte Bulgarian egon ondoren, pixkanaka Iruñera hurbiltzen saiatzea erabaki nuen, aldi berean esperientzia berriak eta konpainia berriak ezagutuz, errepertorio eta dantza ulertzeko modu berriekin. Hainbat proba egin ondoren, Kieveko balletean sartzea erabaki nuen. Bi konpainia handi dira, eta asko garatzen ari naiz dantzari gisa zein pertsonalki.
«Dantzariok asko gaude elkarrekin, eta garrantzitsua da harreman ona izatea. Dantzariaren bizitza oso gogorra da, eliteko atleta baten antzekoa»
Familiarentzat ere gogorra izango da…
Betidanik izan dut haien babesa; eskola garaian zein nire ibilbide profesionalean beti lagundu didate. Batzuetan gogorra egiten da hainbeste denbora etxetik kanpo egotea, baina egun, edozein unetan bideo-deiak egin ditzakegu, eta horrek hurbilago sentiarazten gaitu. Egun libreak ditugunean Iruñera joateko komunikazioa ez da erraza, eta etxera joatea zailtzen du. Nire lankideek, adibidez, errazago dute; hiri handiagoetan bizi direlako eta bidaietarako eskaintza handiagoak dituzte. Azkenean, gehien faltan botatzen dudana familiaren kontaktu fisikoa da. Gertu izateko gogoak ditut. Hori eman dit ere konpainia berriak, urritik, Kieveko balletarekin bira hasi nuen Espainian zehar.
Nolakoak dira dantza-konpainiak barrutik?
Dantza konpainiek hainbat herrialdetako eta kontinente guztietako jendez osatuta daude, beraz, kultura eta ohitura desberdinetako pertsonen arteko harremanak beti aberasgarriak dira. Egun asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta garrantzitsua da elkarren artean harreman ona izatea. Dantzariaren bizitza oso gogorra da, eliteko atleta baten antzekoa.
Nolakoa da entrenamendu-errutina bat egun arrunt batean?
Konpainiaren errutinak asko aldatzen dira. Adibidez Bulgarian nengoenean, egunero zortzi ordu egiten genuen lan, asteko bost egunetan eta emanaldi gutxi zeuden hilabetero. Orain, aldiz, Kieveko balletean, emanaldiak egunero dauzkagu bira garaian, beraz goizez bidaiatzen dugu, antzokian beroketa eta entseguak ditugu. Ondoren, emanaldirako prestatzen gara: makillatu, ilea prestatu, jantzi guztiak prestatu… Fisikoki oso exijentea da, baita mentalki ere.
Zein zailtasun edo oztopo izan dituzu zure ibilbidean?
Azpimarratzeko zailtasunetako bat mundu honetan dagoen lehia da, non lan eskaria eskaintza baino handiagoa den; baina argi daukat dantza dela betetzen nauena eta horrek aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkit.
Lesioak ere oztopo bat dira, hilabete asko gelditu behar izaten dituzulako, eta lortutako mailara berriro iristea zaila izan daiteke. Baina, azkenean, zure familia eta lagunen babesa izanik, indartsuagoa bihurtzen zara zentzu guztietan. Asko ikasten duzu.
Zein esango zenuke dela (uste okerrean) dantzarien baitan dagoen aurreiritzietako bat?
Balletaren munduan dagoen aurreiritzi handienetako bat dugun lehiakortasuna toxikoa dela pentsatzea izan daiteke. Nik Frantzian, Bulgarian eta orain Kieveko balletean ez dut halakorik bizi. Beti izan da giro ona lankide guztien artean, eta nahiz eta beti egon lehiakortasuna, ona edo osasuntsua izan da.
Zer da harro sentiarazten zaituen lorpenik handiena?
Momentuz harro nago mundu hain konplexu honetan gustatzen zaidana eginez bizitzeaz. Gero eta emanaldi gehiago prestatzeaz, bakarlari paper batzuk egiteko niregan konfiantza jartzen ari direlako, eta baita balletean zein pertsonalki izan ditudan aurrerapen guztiengatik eta lortzen ari dudan konfiantzagatik ere.
Non ikusten duzu zeure burua 5 edo 10 urte barru?
Kieveko balletean oso gustura nago; giroa bikaina da eta asko baloratzen naute, eta etorkizunean haiekin jarraitzea gustatuko litzaidake. Dantzari gisa hazten lagunduko didan konpainia finko batean audizionatzeari buruz pentsatuko dut aurrerago.
Dantzari baten bizitza laburra da, fisikoki duzun garapenaren mende dago. Hemendik hamar urtera hitz egitea luze samar da, baina bost urte barru, nire helburua dantzatzen jarraitzea da eta esperientzia gehiago bizitzea, nire ibilbide profesionalean hazteko. Orainean pentsatzea gustatzen zait.
«Balletak aitortza handia du Europako erdialdean eta iparraldean, eta zer esanik ez mendebaldeko herrialdeetan, dantzari bat Europako futbol jokalari on baten moduan baloratzen da»
Nola eragin dizu atzerrian bizitzeak pertsona gisa?
Atzerrian bizitzeak aukera eman dit munduko hainbat herrialdetako jendea ezagutzeko; horietako batzuekin adiskidetasun handia sortu dut. Beste kultura batzuk ezagutzea oso aberasgarria da ere. Hizkuntzak ikasi ditut baita, frantsesa eta ingelesa adibidez. Halaber, gure kulturaz eta Euskal Herrian bizitzearen zorteaz konturatu naiz.
Euskara edo zure jatorria presente izaten saiatzen al zara zure egunerokoan?
Egia esan, euskara balletaren munduan oso gutxi erabiltzen dut; hemen, adibidez, Kieveko balletean, erabiltzen ditugun hizkuntzak errusiera eta ingelesa dira. Zortea dut Espainiako bira antolatzen duen promotoreren bat euskalduna delako eta gure artean euskaraz hitz egin dugu. Bestela, familia eta ikastolako lagunekin euskara erabiltzen jarraitzen dut.
Euskal Herrian dantza mundua nolakoa dela esango zenuke?
Balletaren mundua, tamalez, Espainian guztiz abandonatuta dago. Compañía Nacional de Danza bakarrik ari da modu egonkorrean lanean, dantzariek baldintza onargarriak dituztelarik. Estatu frantseseko mugara iristea besterik ez dago egoera oso desberdin bat ikusteko. Balletak aitortza handia du Europako erdialdean eta iparraldean, eta zer esanik ez mendebaldeko herrialdeetan, dantzari bat Europako futbol jokalari on baten moduan baloratzen da.
Euskal Herrian, dantza egoera antzekoa da. Dantza garaikidea apur bat hobeto dago, baina dantza klasikoak ez du aitortza handirik. Egia esan, asko du eraldatu eta hazteko, norabide anitzetan gainera.
Zer aholku emango zenioke balletean hasi nahi duen gazte bati?
Nik gomendatuko nioke ilusioz hartu dezala, baina itxaropen handirik gabe, helburu handiak lortzen ez baditu frustraziorik ez izateko. Emaitzak etorriko dira, eta orduan ikusiko da etorkizunean dantzara dediaktzeko apustua egin ahalko duen, hainbat faktoreren mende baitago hau. Dena dela, apustua egin dezala, joan dadila guztia ematera, mundu oso polita eta asebetegarria da, baina baita exijentea ere.

Eraso sexistengatik Jon Maya dantzariaren aurkako salaketak argitara atera dira

La respuesta ciudadana aborta otra actuación de Desokupa, ahora en Irun

Iñigo Cabacasen plakari eta Indautxuko Kirruli Herriko Tabernari eraso egin diete Bilbon
Errenteriako Xenpelar bertso-eskolako irakasle batek egindako eraso matxistak salatu dituzte

