Elkarrizketa
Balentin GABILONDO
Abeltzaina eta baso-jabea

«Baserritarrari aitortu egin behar zaio ingurumenari egiten dion ekarpena»

Balentin Gabilondo bergararrak bizitza osoa darama abeltzaintzan eta basogintzan lanean. Une honetan, klima-aldaketaren eraginez, «momentu historiko» bat bizi dugula uste du, baina abeltzaintza estentsiboa eta basoen kudeaketa egokia uztartuz, bioaniztasun handiko landa eremua lor daitekeela dio.

J.S.
J.S.

Ekainaren 5 honetan Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatuko da eta gure landa ingurunearen egoera zein den ezagutzeko, Bergarako Elosu auzoan dagoen Agerre baserrira hurbildu gara. Itsasoaren mailatik 630 metroko altueran dagoen Gipuzkoa barnealdeko eskualde ezezagun hori ongi zaindutako baso eta larre berdeez beteta aurkitu dugu. Bertan bizi da Balentin Gabilondo, hainbat urtetan Gipuzkoako EHNEko lehendakari izandakoa eta gaur egun sindikatu horretako zein Gipuzkoako Baso Elkarteko partaide dena, baita Top 10 haragi ekoizleen kooperatibako lehendakaria ere. Lanbidea izateaz gain, abeltzaintza eta basogintza dira bere pasioak, eta bioaniztasuna eta paisaia eder horiek lortzeko gakoak azaldu dizkigu.

Azkenaldian gero eta gehiago entzuten ari gara lehen sektoreak betetzen duen «funtzio ekosistemikoaren» inguruko aipamenak. Joan den hilean, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundiak eginkizun hori diruz laguntzeko egitasmoa onartu du. Nola azalduko zenuke baserritarrak ingurumenari egiten dion ekarpena?

Nekazari eta abeltzain gehienok basoak ere kudeatzen ditugu. Gipuzkoan, adibidez, azaleraren %60 basoa da eta horren %80 baso-jabe pribatuen esku dago; gainontzeko %20 publikoa da. Nik beti esaten dut publikoa den zati hori denona dela, eta pribatua denontzat dela, nahiz eta guk kudeatu. Eta ikuspegi hori gogoraraztea garrantzitsua da, jende askok uste duelako baso-jabeen eredua soilik ekoizpenera zuzenduta dagoela, baina hori ez da horrela. Basoak guztiontzat direla esaten badut, guztiok sortzen dugun CO2a xurgatzen dutelako da, gure lurraldearen paisaia mantentzeko ezinbestekoak direlako, biodibertsitatea aberasten dutelako, aisialdirako inguruneak eskaintzen dituztelako, lanpostuak sortzen dituztelako… Eta hori horrela izateko lan handia egiten dugu, ez bakarrik zuhaitzak landatzen, baizik eta urtez urte garbi mantentzen, biodibertsitatea sustatzen…

Beraz, baso-jabeek egiten duzuen ekarpena aldarrikatu nahi duzu…

Bai, nik uste dut baso-jabeok nolabaiteko errekonozimendua edo aitortza behar dugula. Gizarteari mesede egiten diogun bezala, bidezkoa da ere erakunde publikoen, gizartearen eta hiritarren errekonozimendu bat izatea eta gure iritzia kontuan hartzea. Askotan sentsazioa izaten dugu gure iritzia ez dela kontuan hartzen, nahiz eta gu izan landa eremuan lan handiena egiten ari garenak. Inork ez luke pentsatu ere egingo irakasleen edo medikuen lan-baldintzak erabakitzea beraien iritzia kontuan hartu gabe. Gainera, ez dugu ahaztu behar gaur egun ikusten ditugun baso horien atzean gurasoen eta arbasoen lana dagoela. Gure familiaren kasuan, adibidez, aitonak ikatza egiten zuen pago egurra erabiliz, baina petrolioaren iritsierarekin merkatu hori bukatu egin zen eta baso berriak landatzeari ekin zion, mota askotako espezieekin: pinuak, izeiak, alertzeak… Gure aitak jarduera horri segida eman zion mintegi txiki bat jarriz eta guk ere jarraitzen dugu gaur egun jarduera horrekin.

«Azken hamarkadan Euskal Herrian milaka hektarea baso gaixotu dira. Zalantzarik gabe, klima aldaketak dakarren arazoa da. Mundua berotzen ari da eta hori ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik ez dago»

Nolakoa da gaur egun Euskal Herriko basoen egoera?

Azken hamarkadan Euskal Herrian milaka hektarea baso gaixotu dira, batez ere intsinis pinuarekin landatutakoak, «banda marroia» izeneko gaitzak kaltetu baititu. Baina ez da pinu hori gaixo dagoen bakarra: izeiak eta itsas pinuak ere gaixorik daude, lizar batzuk ere ihartzen ari dira, batez ere gazteak, eta pago batzuetan berdina gertatzen ari ez ote den zantzuak ditugu.

Zergatik egin du okerrera batik bat azken hamarkadan?

Zalantzarik gabe, klima aldaketak dakarren arazoa da. Mundua berotzen ari da eta hori ikusi nahi ez duen itsua baino okerragorik ez dago. Mundu mailan datuak hor daude eta oso argiak dira. Hori bai, arazoa ez da hainbeste udako beroa, hemen beti ezagutu izan baititugu lehorteak eta bero boladak. Orain arazoa gehiago da neguan ez duela hozten. Lehen baserrian urtero ezagutzen genituen izotz kandela handiak orain ez ditugu ikusten. Era berean, lehen arrunta izaten zen negu batean bi elurte handi izatea, eta orain ez dago horrelakorik. Eta hotz falta hori da gero gaitzen eta izurriteen ugaltzea laguntzen duena.

Zer egin daiteke orduan? Erronkak ez dirudi erraza.

Gaixotzen den basoa sendatzea oso zaila da. Hor daukagu zumarra eta astigarrarekin gertatu dena; desagertu egin dira. Eta pinuaren gaixotasun horrek aldaketa handiak ekarriko ditu, pinudi asko botatzen ari baitira. Baldintza klimatiko berrietara egokitutako espezieak landatu beharko dira, batez ere beroari aurre egingo diotenak. Alde horretatik, oso garrantzitsua da ikerketa sakon bat egitea, jakiteko zein izango diren datozen urteetako baldintza klimatikoetara egokituko diren espezieak.

Zein dira, zure ustez, klima aldaketaren aurrean ondoen egokitu litezkeen espezieak?

Argi dago hemengo espezie autoktonoekin bakarrik ez dugula lortuko gure basoak aurrera ateratzea eta kanpoko espezieak ere beharko ditugula. Horien artean aipatzekoak dira sekuoiak eta zedroak. Mediterraneo inguruko espezieak dira eta beroari aurre egiteko prestatuta daude. Gainera, bi abantaila dituztela esango nuke; alde batetik, bioaniztasunaren aldetik aberatsak direla eta, era berean, ekoizpen aldetik ere oso emankorrak direla. Eta hori oso garrantzitsua da; alegia, uztartu egin behar dira ikuspegi ekonomikoa eta ekologikoa, bien arteko oreka lortu. Sekuoiaren kasuan, gainera, beste abantaila bat aipatu beharra dago: espezie hori bakarrik birsortzen dela eta basoa garbi mantentzeko ez dela makineriarik sartu behar.

Eta suteen aurrean, zein dira ondoen erantzuten duten espezieak?

Zalantzarik gabe, hosto-zabalak eta sekuoiak dira suteak mozten gehien laguntzen duten espezieak. Zergatik? Bi kasuetan azpiak garbi mantentzen laguntzen dutelako eta, horrekin batera, azal lodia dutenez, ez diotelako uzten suari indarra hartzen. Hori garbi ikusi genuen 1989an Euskal Herrian izan ziren sute handietan; intsinis pinuarekin landatutako hektarea asko erre ziren, baina Bizkaian zegoen sekuoia-baso bati suak ez zion kalterik egin.

«Urte gutxian, Euskal Herriko basoak mota desberdinetako espezieen puzzle bat izango dira. Eta guztien arteko konbinazio horretan aberastasun eta bioaniztasun handiko landa eremu bat izan dezakegu»

Beraz, zure iritziz, Euskal Herriko paisaia asko aldatuko da epe ertainean.

Argi dago etorkizuna ezin dela espezie bakar batean oinarritu. Urte gutxian, Euskal Herriko basoak mota desberdinetako espezieen puzzle bat izango dira: baso atlantiko autoktonoak zati bat izango du puzzle horretan, hosto-zabalek beste bat izango dute, sekuoia eta zedroa bezalako zuhaitzek beste zati bat, mendiko larreek beste bat… Eta guztien arteko konbinazio horretan aberastasun eta bioaniztasun handiko landa eremu bat izan dezakegu, Europan aitzindari izan daitekeena, gauzak ondo kudeatzen baditugu behintzat. Momentu historiko batean gaudela esango nuke, klimaren bilakaerak aldaketa sakonak ekarriko baititu.

Eta horretan guztian zer paper jokatzen du abeltzaintzak?

Hemen ere garrantzi handia dauka espezie desberdinen arteko konbinazioak. Ardiak, behiak eta behorrak batez ere ezinbestekoak dira, ez bakarrik mendiak garbi mantentzeko, baita bioaniztasuna eta gure landa eremuko paisaia mantentzeko ere. Gure lurretan, adibidez, basogintza, abeltzaintza eta belardiak uztartzen ditugu partzela berdinetan, silvopastoreo izenez ezagutzen den teknika erabiliz. Horrela, lehen pinudia genuen zenbait tokitan behientzako larreak sortu ditugu, baina bertan zeuden zuhaitz autoktonoak errespetatuz. Horrekin batera, pagadiak eta koniferoak ditugu; horien artean, izeiak. Beraz, lehen aipatu dizudan puzzle hori gure etxean ari gara praktikan jartzen.

Etorkizuneko basoari buruz ari gara, baina horretarako ezinbestekoa da belaunaldiarteko erreleboa. Ba al dago gaur egun baso-jabeen arteko erreleborik?

Gaur egun oso zaila da gazte batentzat 40 edo 60 urtera egiten den inbertsio bat erakargarri bihurtzea. Horregatik esaten dut erakundeen papera oso garrantzitsua dela; adibidez, basoko lanak egin eta egurra ateratzeko orduan erraztasunak jarriz eta ez zailtasunak, orain toki askotan gertatzen ari den bezala. Beharrezkoa da udalek ikuspegi hori aldatzea, eta aldundiak ere baso-jabe txikiei lagundu behar die, batez ere egiten dituzten landaketa berrietan %100eko laguntza emanez. Egia da azkeneko bi urteetan, bereziki Gipuzkoan, nolabaiteko aldaketa ikusi dugula, eta lehen sektorearen aldarrikapenei erantzuna ematen hasi direla, erakunde, gizarte eta baserritarren arteko elkarlana martxan jarriz. Baina orain arte urte asko galdu dira.