
Kale edo bale. Kosner Baskoniak irabazi beharra dauka igande honetan Buesa Arenan 19.00etan hasita Badalonako Joventut taldearen aurka neurtuko duen partida ACB Ligako finalerdietan egon nahi badu. Asteazkenean etxean garaipen eroso samarra lortu ostean (85-71), ostiral gauean aitzakiarik gabeko porrota jaso zuen talde kataluniarraren pistan: 82-63. Denboraldi osoan puntu gutxien sartu dituen partida arabarrentzat, noiz eta lehiaketaren une erabakigarria hurbildu denean.
«Taldea oso ahul aritu da defentsa lanetan», onartu zuen ahobizarrik gabe Paolo Galbiati entrenatzaile italiarrak Badalonako demaren ostean. «Ziurrenik denboraldiko gure partidarik txarrena izan da», gehitu zuen. Baina aurkariak egindako lanari ere bere garrantzia eman nahi izan zion: «Joventuten meritua, oso ongi eta gogor defendatu dute».
«Bigarren aukerak ez ditugu batere baliatu, ez dugu punturik sartu jokaldi horietan eta esango nuke orain arte hori gertatu zaigun lehen aldia dela. Badakigu zaila dela Badalonan irabaztea, oso talde gutxik lortu dute. Beraien jarraitzaileek asko estutzen dute», gaineratu zuen entrenatzaileak.
Gauzak horrela, finalerdietara sailkatuko den taldea igande honetan erabakiko da Zurbaon, eta Gasteizko saskibaloi taldeak deialdi berezia egin du pabiloia bete eta zaleek jokalariei beharrezkoa izango duten bultzada eman diezaieten. Sarrerak ere ohi baino merkeago ipini dituzte eta sarrera bikaina espero da.
Paolo Galbiati bera ere deialdira batu zen ostiraleko neurketa amaitu bezain pronto. «Partida erabakigarria etxean jokatuko dugu eta zaleen laguntza beharko dugu bultzada gehigarri bat eman eta finalerdietara sartzeko aukera emango ligukeen garaipen hori lortzeko».
Aurrekariek ere baikor izateko bide ematen dute. Liga erregularreko partidetan talde bakoitzak bere etxean garaipena erdietsi zuen, eta behin play-off hauetara iritsita berdin gertatu da. Gasteiztarrek pauta horri jarraipena eman nahi diete, baina horretarako ezinbestekoa izango da Ricky Rubio, Cameron Hunt eta Jabari Parkerren ekarpena mugatzea, horiek izan baitziren ostiralean ‘Penya’-ren jokalari arriskutsuenak.
Norbere jokalariei begira jarrita, aldiz, Baskonian Spagnolo eta Diakite izan ziren bere mailara gerturatu ziren bakarrak. Forrest eta Simmonsek urrats bat aurrera eman beharra dute, eta zer esanik ez Luwawu-Cabarroten kasuan, bere puntuak beharrezkoak baititu talde gasteiztarrak aurkariak estuasunetan jartzeko.
Garaipena lortuz gero, Baskoniak Valencia Basket izango du zain finalerdietan, Bilbao Basket 2-0 kanporatu ondoren, baina hobe oraindik horretan ez pentsatzea.
Real Madril, kanporatua
Koadroaren beste aldean ezustekoa eman du La Laguna Tenerife taldeak, Real Madril kanporatuta. Txus Vidorreta bilbotarrak gidatzen duen taldeak 95-107 irabazi du hirugarren partida erabakigarria eta madrildarrak finalerdietatik kanpo utzi ditu.
Marcelinho Huertas ikusgarri batek gidatuta –Bilbao Basket eta Baskoniako jokalari ohiak 23 puntu sartu ditu–, kanariarrek azken laurdenean apurtu dute ordura arte oso parekatuta joan den neurketa.

‘Helmuga, denak etxera’, la manifestación de enero de 2027 para sellar una realidad dolorosa

La Diputación de Araba sanciona a Sarrea e impide realizar campamentos en Bernedo

Macrorredada en Iruñea con 28 detenidos por las protestas ante el acto de Vito Quiles

Quedan en libertad los 28 detenidos en la macrorredada relacionada con el acto de Vito Quiles

