Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gipuzkoa Ekintzailea Saria; emakumeen talentua erdian

Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkarteak, Aspegik, Gipuzkoa Ekintzailea Sariak antolatu ditu. Izan ere, emakumeen talentu ekintzailea sendoa da, baina ikusgarritasun handiagoa behar du. Hiru sarituak ezagutuko ditugu: Maria Aizpuru, Andere Basterretxea eta Eneka Iribarren.

Maria Aizpuru Aierbe, Aloka plataformaren sortzaile eta zuzendaria.
Maria Aizpuru Aierbe, Aloka plataformaren sortzaile eta zuzendaria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Eneka Iribarren, Maria Aizpuru eta Andere Basterretxea dira aurtengo Aspegi sarien irabazleak. Hasierako fasean dauden ekintzaileen %41,4 emakumeak dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, beren talentua sendoa da eta inpaktua sortzen ari da. Hazten jarraitzeko ikusgarritasun handiagoa behar du, ordea. Horretan lagundu nahi dute Gipuzkoako Emakume Profesional, Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen, Aspegiren, Ekintzailea Sariek.

 

Eneka Iribarren Parra, Nexi Health-en sortzaile eta zuzendaria. (NAIZ)

 

Eneka Iribarren Parra, Nexi Health-en sortzaile eta zuzendaria:

«Ez ditugu medikuak ordezkatu nahi, osasun langileei eta pazienteei laguntzea da helburua» 

Eneka Iribarrenek (Hernani, 2002) Ekintzaile Gazteen Saria jaso du, 35 urtetik beherako emakumeei zuzendutakoa. Aitzinetik, Impulsa Startup Gipuzkoa saria ere irabazia du. 23 urterekin, Nexi Health (nexi-health.com) startuparen zuzendari nagusia da. Ekintzailetza ikasi zuen eta 2023an sortu zuen enpresa, Donostian, «osasun mentalaren arloan izandako bizipen oso pertsonal batetik».

«Nik zortea izan nuen: familia bat neukan, eta terapia pribatua ordaintzeko baliabideak. Baina ez da denen kasua. Osasun publikoko itxaron zerrendak oso luzeak dira eta pertsona asko tratamendu batzuetatik kanpo geratzen dira. Beste askotan, pilula bat hartu, etxera joan eta nolako eragina duen ikustea izaten da tratamendua. Ez dago nahiko langile, eta gero eta kasu gehiago daude», deskribatu du.

Arazo handi horri erantzun nahian sortu zuen Nexi Health. «Osasun plataforma bat da. Adimen artifizialaren bidez mediku eta espezialistei pazienteen diagnostiko, tratamendu eta jarraipenean laguntzen diegu». Pazienteek eta osasun langileek, biek erabiltzen dute tresna. «Txatbot edo ChatGPT antzeko bat daukagu, osasun mentaleko galderekin eta galdera emozionalekin entrenatua. Kontsultaren aurretik pazienteak txatbot horrekin hitz egiten du mugikorraren edo ordenagailuaren bitartez, eta erantzunak mediku baten plataforman agertzen dira. Ondoren, jarraipenerako, pazienteak beste plataforma bat izango du tratamenduarekin eta txatbotarekin hitz egiteko aukerarekin».

Enpresa Iribarrenek bakarrik sortu bazuen ere, gero bazkide bat aurkitu zuen, alde teknikoa eramaten duena. Beste bi pertsona ere badituzte lantaldean, bat marketinean eta bestea garapenean. Orain, lehenengo probak egiten ari dira ospitale batekin eta proiektu pilotu bat abiatu dute Afrikan, Liberian, buru osasuneko arazoak dituzten emakumeen talde batekin.

Ilusio handiz jaso du gazte hernaniarrak Aspegi saria. «Egunerokoan lan eta lan aritzen gara, gauza bat lortu eta hurrengora goaz, eta geratzea eta sortzen ari garen guztia ospatzea kostatzen zaigu». Sariak horretarako balio izan du, baita jarraitzeko indarrak hartzeko, ondorengoak inspiratzeko eta emakumeak ekintzailetzaren erdigunean jartzeko ere.
Eneka beti izan da ekintzailea. «Batxilergoan nengoenean armairu adimendun bat egin nuen eta ikastolan proiekturen bat egin behar bazen erdian jartzen nintzen».

21 urterekin Nexi Health sortu zuenean jende askok ez zuen sinesten eta gertatu izan zaio kalean bere lana zein den galdetzea eta berak ‘ekintzailetzan nabil’ erantzutean, ‘bai, baina zure lana zein da?’ errepikatzea. Horretaz gain, hain gazte hastean, dirua zerotik sortu behar du eta osasun arloko erregulazioa ere erronka handia da. 

Erabiltzaileen erantzuna «oso positiboa» izaten ari da. «Profesionalei alertak jasotzen laguntzen diegu –autolesio arriskuak, adibidez–, baita kontsultatik kontsultara pazienteei jarraipena egiten ere. Haien eboluzioa ikus dezakete eta berriz gaixotzen badira edo alertaren bat badago, lehenbailehen artatzen saia daitezke». 

«Oso baliagarria da, baina tresna bat da», argitu du. «Ez ditugu medikuak ordezkatu nahi; gure funtzioa osasun langileei eta pazienteei laguntzea da. Informazioa jaso eta medikuari pasatzen diogu, lana arintzeko». Haientzat funtsezkoa da pazienteen feedbacka etengabea izatea ere.


Maria Aizpuru Aierbe, Alokaren sortzailea eta zuzendaria:


«Ekipamendua lortzea erraztuz sormena demokratizatu nahi dugu»


Maria Aizpuru Aierbek Ekintzailetza Sozial eta Jasangarriaren Saria jaso du. Komunikazioan doktorea, donostiar honek 15 urtetik gora darama ikus-entzunezkoen sektorean, ekoizle, zuzendari zein irakasle. Aloka plataformaren (aloka.app) sortzailea eta zuzendari nagusia da. 

Alokaren helburu handi bat «sormena demokratizatzea» da. «Ekipamendua lortzeko izaten diren trabak kentzea edo murriztea bilatzen dugu, nahi duen orok sortzeko aukera izan dezan eta ahots gehiago eta desberdinagoak egon daitezen sormenaren munduan», adierazi du.

«Behar bat ikusi genuen. Bazegoen ekipoak alokairuan hartzeko aukera, baina oso murritza zen. Orduan, soluzio bat ematea bururatu zitzaigun eta Aloka da konponbide hori: ekipamendua daukaten profesionalak eta enpresak ekipamendua behar duten pertsonekin kontaktuan jartzen dituen plataforma».

«Eskaintzen diren alokairuak, normalean, aurrekontu handietarako dira. Lan txikiagoetarako lortzea zailagoa da. Gehienak ekoiztetxe txikiak eta ertainak gara, autonomoak, eta ekipoetan inbertitzeko gaitasuna behar dugu». Dioenez, emakumeok ez gaude ikus entzunezkoa arloan sobera ordezkatuta. «Lekua hartzen ari gara eta funtzio batzuetan oso ordezkatuta gaude, baina beste batzuetan ez hainbeste. Eta Alokak, materialak eskuratzea erraztuz, emakume eta gazteei laguntzen ahal die». 

Plataformaren funtzionamendua sinplea da: alokatzeko izena eman behar da, baina begiratu edozeinek egin dezake. Izen-ematea e-mailaren bidez egiten da eta identifikazioa egiaztatzen da dokumentu ofizial batekin. Horrek segurtasuna ematen dio gero egiten duten kontratuari. Erregistratu eta gero, behar duzun materiala aukeratzen duzu. Prezioa, zenbat egunetarako hartuko duzun eta asegurua ere zehazten dira.

«Gertuko eta zero kilometroko alokairuak eskaintzea gustatzen zaigu. Hala ere, batzuetan gertatzen da material zehatz batzuk ez ditugula hurbil lortzen eta bidaltzeko aukera ere badago». 

Alokak urtebete inguru darama martxan eta ongi funtzionatzen ari da. Erabiltzaile gehienek errepikatzea horren seinale da. «Behar bat betetzen dugula eta gustura daudela esaten digute. Malgutasuna, aukerak asko zabaltzea da nik uste gauzarik hoberena. Prezioa ere bai batzuetan, baina hori jabeen arabera da». Denetarik eskaintzen dute: kamerak, argiztapena, objektiboak, soinu ekipamendua, mikrofonoak, bozgorailuak, grabagailuak, droneak, monitoreak, platoak... 

Aloka sortzean asegurua lortzea izan zen zailena. «Urtebete pasa genuen. Aseguru berezia da, neurrira egin beharrekoa, eta aseguru etxeek ez dute asko eskaintzen. Gaizki pasa genuen; dena geneukan, eta ez genuen asegururik lortzen. Azkenean aseguru suediar batekin egin genuen!». 

Lantalde txikia dira: garatzailea, marketinekoa eta hirurak. Orain ezagutarazten, zabaltzen eta inbertsioa lortzen ari dira, taldea handitzeko asmoz. 

 

Andere Basterretxea Gorostiza, Polykey-ren sortzaile eta buruetako bat. (NAIZ)

 

Andere Basterretxea Gorostiza, Polykey-ren sortzaile eta buruetako bat:


«Garapen jasangarriaren xedeak eta plastikoen industriaren beharrak uztartzen ditugu» 


Andere Basterretxea Gorostiza Polykey Polymers-en (polykey.eu) zuzendari eta sortzaileetako bat da. Berrikuntza Teknologiko eta Digitalaren Saria jaso du. Aitzinetik, Europako Klima Itunaren enbaxadore izendatu zuen Europako Batzordeak. Biologia ikasi eta Polimeroen Kimikako doktoretza egin zuen. Hain zuzen ere, EHUren Polymat ikerketa-zentrotik jaio zen start-upa, 2020an. Donostiako Miramongo Tandem eraikinean dago, BIC Gipuzkoaren ekosistemaren barnean.

«Ikerketa asko egiten dugu, garapen jasangarriaren helburuak eta plastikoaren industriaren beharrak betetzeko. Merkatuarentzat interesgarriak diren polimeroak garatzen ditugu laborategian». Birziklapen kimikoan egiten dute lan eta plastikoaren ekoizleak eurak ere, beren hondakinak birzikla ditzaketenak, bezero objektiboak dira. Baterietarako energia biltegiratzeko materialak ere jorratzen dituzte. «Gaur egun bateriak garatzen ari direnek gure materialak txertatu ditzakete, jasangarriagoak direlako edo hobeto funtzionatzen dutelako».

Ekonomia zirkularra dute lehentasun, eta jasangarritasunaren eta funtzionaltasunaren arteko oreka bilatzen dute. Oinarrizko ikerketa azken aplikazioarekin bateratzen ere saiatzen dira. «Unibertsitatetik jaio ginen. Batzuetan, tesi bat egitean, helburua merkatuarekin bat etorri arren, ez dugu lortzen produktu hori merkaturatzea. Hortaz, prozesuaren bi alde horiek ikusten ditugu eta merkatuaren premiekin erabat bat datorren ikerketa egiten ahalegintzen gara».

Lau bazkidek sortu zuten enpresa: Basterretxearekin doktoretza egin zuen kideak, tesiaren bi zuzendariek eta laurek. Tesiaren zuzendariak aholkulari zientifikoak dira eta bi doktoreak –biak emakumeak– dira enpresaren buruak. Beste sei langile ere badituzte lantaldean, teknikariak eta ikertzaileak. 

Berrikuntza handiko sektore batean zerotik enpresa bat sortzen duzunean egokitzeko gaitasuna izan behar duzula nabarmendu du Basterretxeak. Sarri, zerbaitek ez duenean funtzionatzen, atzera egin behar duzu. Beste erronka bat mundu zientifikotik enpresa mundura aldatzea da.

«Zientzialarientzat zientzialari izateari uztea da; enpresarientzat, berriz, beti izango zara zientzialaria –dio irribarrez–. Bi gauzak gara denok, baita ekintzaileak ere».

Bezeroen zorroa eta fakturazioa handitzen ari dira lantaldearekin batera. «Industriak ez digu hainbesteko abiadarik eskatzen, baina erritmoa mantendu dugu eta ziurrago egin dugu bidea, erakunde ugariren babesarekin». 

Sariek, berarentzat, ezagutarazten, zientzia dibulgazioa egiten eta enpresa berriak eta emakume ekintzaileak plazaratzen laguntzen dute. «Guk balio handia ematen diogu dibulgazioari eta ekintza ugaritan parte hartzen dugu», nabarmendu du.