Andoni Arabaolaza
Kazetaria, mendian espezializatua / Periodista, especializado en información sobre la montaña

Janja Garnbretek 'Bibliographie' ibilbidea (9b+) kateatu du

Esloveniarraren aurretik soilik bost gizonek eskalatu dute Ceuseko (Estatu frantziarra) lerroa. 27 urteko eskalatzailea 9b+ maila lortu duen munduko bigarren emakumea bilakatu da. Denera, 60 bisita behar izan ditu bidea kateatzeko.

Janja Garnbret 'Bibliographie'-n; bide hori igotzen lehen neska da.
Janja Garnbret 'Bibliographie'-n; bide hori igotzen lehen neska da. (Jessica GLASSBERG | RED BULL CONTENT POOL)

«Egun perfektua izan zen. Baldintzekin, bederen, ez nuen aitzakiarik izan: haize indartsua, harkaitza hotza eta itsaspen ikaragarri ona. Eite horiek behar nituen bidea kateatu ahal izateko. Horrelako arrakasta bat lortzen denean, den-dena ondo ateratzen delako da. Dena da perfektua: ia ez duzu sentitu ere egiten zer ari zaren eskalatzen». Adierazpen horiek Janja Garnbretek egin zituen joan den hilak 6an Ceusen (Estatu frantziarra) dagoen 'Bibliographie' (9b+) bidea eskalatu eta gero. 

27 urteko eskalatzaile esloveniarrak bere ibilbide oparoa are gehiago nabarmendu du Ceuseko marra ezaguna sinatuta. 9b+ zailtasuna egiten, gainera, bigarren emakumea bihurtu da; Brooke Raboutou izan zen lehenbizikoa, 'Excalibur'-ekin (Arco, Italia). Garnbretek lortu duen jarduera gogoangarriak ertz oso adierazgarriak ditu. Denbora luzez, eskaladako lehietan erabat zentratuta egon da. Eta esloveniarraren curriculumari begiratzen badiogu, ez dugu zalantzarik esateko inoizko lehiakide onena dela. Palmares historikoa du: bi urre olinpiko (Tokion 2020an eta Parisen 2024an lortuak), Zailtasuneko Munduko Kopan eta Txapelketan makina bat titulu, eta boulderrean zein konbinatu formatuan garaipen mordoa. Hitz gutxitan esanda, azken urteotako erregina izan da.

Arrokara irten denean, berriz, Garnbret ez da kamuts ibili. Azken bi urteotan lehiak pixka bat alde batera utzi eta kirol eskaladan eta boulderrean estutzen ikusi dugu. Bikain egin ere. Alabaina, orain artean egungo maila gorenetik urrun egon da. 'Bibliographie' sinatu aurretik, 9a zen bere langa. Bistan estiloan 8c zuen eta flash eran 8c+/9a. Eta boulderrean: 8c.

Irakurri bezala, 9a-tik 9b+ mailara egin du salto; 9a+ eta 9b 'ukitu' gabe. Datu hori harrigarria izan daiteke, baina, lerrotako protagonistaren gaitasuna ikusita, inor ez du ezustean harrapatu. Garnbret bigarren neska da 9b+ mailan, eta horrek azpimarra berezia behar du egungo maila gorena 9c dela ikusirik. Zailtasun hori oraindik gizonen 'esku' dago, baina aurreratu behar dugu zailtasun hori momentuz ez dagoela baieztatuta. Proposamenak baino ez dira, baina inork ez du zalantzan jartzen Adam Ondraren, Seb Bouinen eta enparauen proposamenek maila hori ez dutenik. Hortaz, baiezta dezakegun bakarra da eskalatzaile esloveniarra baieztatuta dagoen mailara (9b+) heldu dela. Horregatik guztiagatik, askok diote Garnbretek 'Bibliographie'-en egin duena historikoa dela. Gainera, kontuan hartu behar da ibilbide hori egiten lehen emakumea izan dela. Aurretik, beste bost gizon izan dira gai marra hori kateatzeko.

Esloveniarra, pozarren, Ceuseko ibilbide horretan lortutako arrakastarekin. (Jessica GLASSBERG/RED BULL CONTENT)

Eskalatzaileak adierazi du bide batzuek katera iritsi aurretik ere markatzen dutela. Hots, 'Bibliographie' bideak lehen ekinalditik harrapatu zuen esloveniarra. Erresistentzia itzela (35 metro eta 80 mugimendu) eskatzen duen lerro hori Ethan Pringlek ekipatu zuen 2009an. Lehen igoera oso berandu heldu zen. Duela sei urte, Alex Megosek izan zuen ohore hori. Hasieran 9c bezala proposatu zuen, baina lehen errepikatzaileak, Stefano Ghisolfik, adierazi zuen 9b+ zailtasuna egokiagoa zela. Megosek italiarraren iritziarekin bat egin zuen. Ondoren, Sean Baley, Sebastien Bouin eta Jorge Diaz-Rulloren errepikapenak iritsi ziren.

Garnbretek muturreko mailara egin duen jauzia txundigarria da, batez ere kontuan hartzen badugu bere ibilbide ia guztian lehietan zentratuta egon dela. Urre olinpikoetatik 'Bibliographie'-ra, horixe izan daiteke izenburu egoki bat.

60 egun

Oro har, esan daiteke esloveniarrak ez zuela ezer demostratu beharrik arrokan, baina beti dago tartea ezustekoentzat. Zalantzarik gabe, apustu handia egin zuen 'Bibliographie' helburu gisa jarrita. Muturreko zailtasunari aurre egin behar izan dio, baita murru horrek dituen baldintza zailei ere: haizeari, tenperaturari… Eta, jakina, beste arlo batzuk ere kudeatu behar izan ditu: atseden egunak, zalantzak, metodoak aurkitzeko lana…

Horrek guztiak, lehietan ez bezala, denboraren eta porrotaren arteko dikotomia markatu du. Eta hori Garnbretentzat ezezaguna zen. Halere, ez du etsi, eta, lan eskerga egin eta gero, arrakasta itzela lortu du. 60 eguneko ekinaldiak eta hainbat bidaia behar izan ditu. Parisko Olinpiar Jokoen ostean lehen bisita egin zuen, eta katera erorikorik gabe hilak 6an iritsi zen.

Hedabideoi bidalitako oharrean adierazi du igoera arrakastatsu horretan, indar fisikoa ez ezik, pazientzia eta iraunkortasuna ere giltza izan direla. Hori guztia prozesu baten amaiera izan da: «Uste dut azken bost bidaietan asko ikasi dudala neure buruaz. Asko ikasi dut Ceusen egindako saiakeretan. Azken bidaian agian ez nengoen aurreko bidaietan bezain urduri. Indartsu sentitzen nintzen, prozesurako prest. Azken bidaiako bi asteek ordura arte ezerk ez bezala jarri ninduten proban, batez ere nire pazientzia».

Behin betiko ekinaldiari dagokionez, Garnbretek onartu du 'Bibliographie'-n lortutako arrakasta ustekabean iritsi zela: «Saiakera beroketa hutsa izango zela pentsatu genuen, baina primeran sentitu nintzen eta aurrera jarraitu nuen. Neure burbuilan nengoen, neure munduan, gehien maite dudana egiten. Beste egun batzuetan ez bezala, jende askorik ez zen hormaren oinarrian; beraz, animo hotsik ere ez zen. Haitz eskaladan nire ibilbideko unerik lasaienetako bat izan zen».

Baldintza ezin hobeak izan zituen bidaiaren azken egunean. Eta azken eguna diogu, lehiaketa zirkuitura itzultzeko erabakia hartua zuelako. Bidaia osoan baldintza epeletan lanean aritu ondoren, azkenean aurkitu zuen itxaroten egon zen leihoa: tenperatura nabarmen freskoagoak eta haize zakarra. Baldintza oso egokiak, beraz, eta, gainera, itsaspen ezin hobea aurkitu zuen bidearen sekzio ezberdinetan.

Hitz hauekin biribildu du egun berezi hori: «Lortutako igoera azken bi urteotan ikasi dudan guztiaren metaketa da. Bide honek erakutsi dit lasai eta pazientziaz jardunda edozer gerta daitekeela: zeure burua estutu gabe, gogor borrokatzen jarraitu behar da. Eta azkenean arrakasta lortzen denean, sentsazioa sinestezina da: jarri duzun lan guztia, konpromisoa, pazientzia, dena elkartzen denean, sinestezina da. Bihotza beteta daukat orain».

27 urteko eskalatzaileak mugarri berria lortu du bere ibilbidean. (Jessica GLASSBERG/RED BULL CONTENT)

Innsbruckeko Munduko Txapelketako hurrengo probara begira dela –50 garaipeneko hesia hauts dezake–, esloveniarrak Ceusen arrokan bizitako esperientzia azpimarratu nahi izan du: «Nirekin betiko geratuko den zerbait da. Etorkizuneko arrokazko proiektuetan, lehiaketetan, entrenamenduetan eta bizitzan egiten dudan edozertan lagunduko dit».

Esloveniarraren arrakastek azken hamarkadan lehien mundua birdefinitu duten bitartean, 'Bibliographie' bideak harkaitzean ere maila itzela duela erakutsi du: «Bide honek sua piztu zuen nigan. Zerbait berezia sentiarazi zidan, eta berriro ekin nion. Kirolari eta eskalatzaile hobea izaten lagundu dit».

Amaitzeko, 'Bibliographie'-k duen mailan edo alderaketetan zentratu baino gehiago, Garnbretek eskalatzeko grina azpimarratu du behin eta berriz: «Ez dut hau egiten ezer frogatzeko, eskalatzea baino ez dut maite, eta hau hasiera baino ez dela uste dut. Hurrengo belaunaldiak inspiratu nahi ditut graduari beldurrik ez izateko. Berdin dio gizon edo emakume batek zein bide egin duen, bide bat baino ez da!».