«Taupaka dirauen bihotza bizirik dagoen herriaren seinale da»
400 boluntario baino gehiago, herri oso bat inplikatua, helburu bat amankomunean: euskarari bultzada berri bat ematea Aiaraldean. Itxaso Ugarte Ozaetak, Aresketa ikastolako zuzendariak, Araba Euskaraz 2026 nola sortu zen azaldu digu eta Arabako euskararen orainaz eta etorkizunaz hausnartu du.

Zer esanahi du zuen ikastolarentzat aurtengo Araba Euskaraz hartzeak?
Ilusio eta ardura handiz ekin diogu antolaketari. Honelako jai batek eskatzen duen lana ez da nolanahikoa eta muskulua erakutsi beharra dago. Gogoa eta auzolana ezinbestekoak izan dira ekimena aurrera atera ahal izateko. Ekitaldi mordoa antolatu dugu urte osoan zehar, baina, tamalez, gure hizkuntza normalizatuta ez dagoen bitartean, oso garrantzitsua da honelako elkarguneak mantentzea, euskarari eta euskal hiztunoi arnasguneak ematen dizkigutelako, gure hizkuntza eta gure kultura erdigunean jarrita. Euskarari Amurrion, Aiaraldean eta Araban sostengua ematen dion beharrezko aldarrikapen tresna da guretzat Araba Euskaraz.
Aurten herrietara itzuli da jaia, Gasteizen hainbat edizio egin ondoren. Zer sinbolizatzen du itzulera honek?
Azken lau urteotan Olarizun ospatu dugu Arabako ikastolen festa handia herrialdeko zortzi ikastolok antolatutako ekimen bateratuan. Hala erabaki genuen pandemiaren ostean egindako hausnarketa prozesu batean. Iaz, 2026ko edizioan Aresketa ikastolak lekukoa hartuko zuela erabaki zen kooperatibak urtero egiten duen ohiko bilkuran. Araba Euskaraz gure ikastolari antolatzea zegokiola ebatzi eta gero, aho batez onartu genuen ikastolako asanbladan jaiak Amurriora bueltatu behar zuela, Aiaraldean indarra eta eragina eduki zitzan.
Zer ekarpen egin diezaiokete herri txikiek Araba Euskarazi eta, oro har, euskarari?
Herri txikietan, hiri handien aldean, harreman sare estuagoak daude, eta horrexegatik euskara familia edo lagunartean, kirol talde edota elkarteetan erabiltzea errazagoa izan daiteke. Inplikazio handiagoa egon daiteke. Beraz, euskararen erabilera areagotzeko konpromiso irmoagoa ere. Herri txikiek euskara eguneroko bizitzaren hizkuntza bihur dezakete gauzak ongi eginez gero.
Noiz hasi zineten edizio hau prestatzen eta nolakoa izan da antolakuntza prozesua?
Bastida ikastolak lekukoa pasatu zigun eta, jaso bezain pronto, gure makineria mugitzen hasi ginen, gurpilari eragiten, gauzak abian jartzen, nonbait. Arestian esan bezala, lan galanta egin behar izan dugu, ez soilik egun horretan, urte osoan baizik. Hasieran, talde eragile bat sortu genuen, eta lan bakoitzaz arduratzen den batzordeak osatu dira ondoren. Komunitatearen, herritarren zein eragileen artean, auzolanean, sare osoa josi dugu eta norberak zegoen tokitik, elkartasun osoz, bere aletxoa jarri du.
Zenbat pertsonak hartu dute parte antolakuntzan eta zer eginkizun bete dute familiek eta boluntarioek?
Apurka-apurka osatzen eta betetzen joan den taldea izan da. Hamabost laguneko talde egonkor batetik hasita, pixkanaka-pixkanaka boluntarioak gehitzen joan dira, eta ospakizunaren egunean 400 pertsonak baino gehiagok lagunduko dute dena primeran irten dadin. Ikasleak ere egitasmo honen parte aktiboak izan dira, jakina. Txikienek abestian zein bideoklipean parte hartu dute, eta nagusiagoek jaiaren inguruko nondik norakoak azaltzen aritu izan dira podcastak zein bideo bildumak prestatuz.
Zer esanahi dute aurtengo leloak eta logoak, zer mezu helarazi nahi duzue?
Leloa Aresketa ikastolako komunitateak aukeratu zuen ikastolako hainbat kidek landutako proposamenen artean. Komunitatean euskararen egoera larritzat jo genuen eta, berrindartze prozesu baten beharraz oharturik, hori islatzen zuen leloa hautatu zen: geldirik dagoen bihotzaren “taupadak berpiztu” beharrean gaude.
Logoa bihotz bat da, txinparta batek zeharkatuta, elektrokardiograma batek gaixoa berpizteko duen funtzioaren erakusgarri gisa. Taupadek erritmoa markatzen dute; taupadek esaten digute bihotza martxan dugula; taupadek adierazten dute bizirik gaudela.
Araba Euskarazen abestia edizio bakoitzeko ikur ezagunenetako bat izan ohi da. Zein esanahi du aurtengoak?
Igon Olaguenagaren eta Txiki Loraren “Taupadak berpiztu!” abestiak euskararen aldeko aldarria egiten du musika estilo askotariko eta dantzagarriak erabiliz. “Taupadak berpiztu!” abestiaren letrak deiadar zuzena egiten dio euskara biziberritzeko beharrari, herriaren bihotzaren taupada kolektiboa berpizteko beharrari, alegia. Kantaren hitzek hausnarketa sakona egiten dute euskararen egoeraren inguruan. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako berpizkundetik hasita («Nondik gatoz ta nora goazen»), gaur egungo geldialdi zantzuei aurre egiteko garrasi egin arte («ez dezagun ahaztu zein den gure bidaia»). Aldi berean, abestiak euskara heriotzatik normaltasunetik baino gertuago dagoela ohartarazten digu, eta dei egiten du erakutsi behar ditugun «gogoa eta kuraia»-ri eusteko.
Aiaraldeko hamabi ikastetxek eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Hezkuntza Manifestua aurkeztu dute euskararen erabilera indartzeko. Zure ustez, zein da gaur egun euskarak Araban duen erronka nagusia?
Manifestuan hezkuntza sektoretik adierazi nahi izan dugun bezala, euskalduntzeak eta euskal hiztun aktibo izateak ez du soilik lotura izan behar hezkuntza formalarekin, bestela akats batean eroriko ginateke. Euskal hiztun aktibo izateak esan nahi du eguneroko bizitzan euskaraz aritzeko aukera eta arnasguneak izatea, aldeko giro egoki bat. Jolasteko, barrez lehertzeko, mintzatzeko, maitemintzeko… Euskarak tresnak eskaini behar dizkio jendeari. Haur edo nerabe batek ikastetxe barruan ematen dituen orduak, urte osoko ikuspegitik hartuta, oso murritzak dira. Ikastetxetik kanpo ez badago beste aldea eusten duen euskarririk, beste erakargarririk, oso zaila dugu euskalduntzearekin aurrera egitea. Modu askotan joka genezake hori bideratzeko, baina denon ardura da, gizarte osoarena, hain zuzen ere.
Askotan esaten da euskararen ezagutza handitu dela, baina erabilera ez dela neurri berean hazi. Zergatik gertatzen da hori?
Euskara “ardatz” bezala hartzen delako eta, berez, euskara oinarria da. Euskarak jatorria, oinarria eta hedatzen doan sarea izan behar du. Euskararen erabileraren beharra sortu behar da, instituzioetatik hasita eta gizartera zabalduz. Euskarak arlo guztietan egon beharko luke presente eta, horretan, erantzukizunez eta arduraz jokatu beharko lukete Euskal Herriko hiru administrazioek eta tokian tokiko instituzioek.
Zer mezu bidali nahi diezu aurten Araba Euskarazen parte hartuko duten guztiei?
Batez ere, eskerrak eman nahi dizkiegu, bihotz-bihotzetik, haien laguntzari esker aurrera jarraitzeko «gogoa eta kuraia» izango ditugulako. Eta bukatzeko, euskaraz aritu gaitezela eskatu nahi diegu, gure hizkuntzaren eta gure kulturaren taupadak berpizteko. Taupaka dirauen bihotza bizirik dagoen herriaren seinale ezin hobea delako.

Ocho detenidos por la agresión a militares del pasado 19 de julio en Berriozar

Torturaren beste zazpi biktima aitortu ditu Nafarroako Gobernuak

Una concentración ultra contra Negu Gorriak destroza el coche de una diputada ceutí

Iparragirre eta Paroten gradu-progresioen helegiteek «mendekua» dute oinarri Sareren arabera

