NAIZ

Alde Zaharreko bizilagunak terrazen labirintoan galdurik

Donostiako auzo elkarte eta eragile batzuek astelehen honetan prentsaurrekoa egin zuten, Terrazetako Ordenantzan egingo ziren aldaketan bertan behera utzi dituelako Donostiako Udalak. Udal gobernuak emandako pausuak salatu zituzten eta, bizilagunen egoera hobetzeko, hainbat eskakizun egin zituzten.

Astelehenean, Donostiako udaletxeko prentsa aretoan hainabt eragilek eta auzo elkartek egindako prentsaurrekoa.
Astelehenean, Donostiako udaletxeko prentsa aretoan hainabt eragilek eta auzo elkartek egindako prentsaurrekoa. (NAIZ)

Astelehen honetan, hilaren 15ean, Donostiako Udaletxeko prentsa aretoan hainbat gizarte eragilek eta auzo elkartek prentsaurrekoa eman zuten hiriko Terrazetako Ordenantza ardatz. Bertan, aldarrikatu zuten Udalak apirileko Osoko Bilkuran Ordenantzaren aldaketak bertan behera uztea erabaki zuela eta beraz, «hiriko bizilagunak gehiago ematen ez duen araudi batean harrapatuta utzi dituztela». 

Hiru urtez luzatu den prozesua salatzeko asmoz egindako prentsaurrekoan aipatu zuten 2023ko uztailean gobernu taldeak iragarri zuela Terrazen Ordenantza aldatzeko lanean ari zela. Hurrengo urteko urrian, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkarteak idatzi bat aurkeztu zuen, terrazak arautzearen alde, Donostian espazio publikoa eskubide kolektibo gisa zaintzea eskatuz. Beranduago, 2025eko apirilaren 8an, Gobernu Batzordea proiektu berri bat onartu zuen Ordenantza aldatzeko asmoz. 

Bi hilabeteren buruan, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean proiektua argitaratu zen, eta 30 eguneko epea eman zen Gobernu Batzordeak onartutako testuari alegazioak aurkezteko; auzo elkarteek beren alegazioak erregistratu zituzten. Aurtengo apirilaren 20an, prozesua hasi eta hiru urte beranduago, Osoko Bilkurako Udal Batzordeak aldaketa bertan behera uztea erabaki zuen. 

Gauzak horrela, astelehenean egindako prentsaurrekoan parte-hartzaileek salatu zuten «egungo ordenantzari eutsiz gero, sufritzen jarraituko dutela». Gainera, jasaten dituzten egoerak azpimarratu zituzten, horien artean espazio publikoaren pribatizazioa, irisgarritasunik eza, proportziorik eza, zarata eta ordutegiak eta baita saturazioa ere.

Azaldu zuten, «gehiegizko okupazioa ari dela gertatzen, kalea erabiltzeko interes komertzialen mende daudela eskubide kolektiboak eta beraz, terrazak oztopo fisiko izatera iritsi direla». Gehitu zuten aforoak ez direla kontuan hartzen terrazen kasuan, eta ixteko ordutegia ez denez betetzen eta zarata maila altua denez, bizilagunen osasunean kalteak eragiten ari dela egoera hau.

Bestalde, esan zuten saturazioa jasaten ari direla. Alde Zaharrean 25 biztanleko establezimendu bat dago, beste auzoetan ordea, 160 biztanleko establezimendu bat eta «alderaketa nabarmena bada ere, Alde Zaharreko egoera zabaltzen ari da beste auzoetara, jada ez da bizileku bat, parke tematiko bihurtzen ari da», aldarrikatu zuten prentsaurrekoan. 

Hauteskundeak ate joka

Egoera honen aurrean auzo elkarteek eta eragileek aldaketak beharrezkotzat badituzte ere, udal gobernuak dituen interesak beste batzuk direla akusatu zuten. «Legealdia agortzen ari da eta EAJk eta PSElk distrakzio maniobra bat aplikatu dute», azaldu dute eragileek. 

Prentsaurrekoaren egileen ustetan, ordenantza berri bat planteatzea aitzakia da legegintzaldia agortzeko. 2027ko maiatzera bitarte ordenantza berri bat martxan jartzea ezinezkotzat dute, eta beraz, «EAJk eta PSEk erabakia arazoa hurrengo hiriko gobernuak hartzea dela» azaldu dute.

Eskaerak eta atxikimenduak

Egoera honen aurrean Juan Marrero Vizcaino Hiri Proiektuen eta Espazio Publikoaren zinegotzi ordezkariarekin bilera bat egitea eskatu dute eragile eta auzo elkarteek. Batetik, aurkeztutako alegazioak ezagutu nahi dituztelako, eta bestetik, ostalaritzak espazio publikoa okupatzeko eta erabiltzeko idatziko den araudi berriaren erabakietan elkarteen parte hartzea eskatzeko.

Horrez gain, indarrean dagoen segurtasuneko araudia bete dadila eskatzeko asmoz, segurtasuneko zinegotzi ordezkariarekin eta UCOMeko arduradunarekin biltzea ere eskatu dute.

Azkenik, Martin Ibabe Eceizarekin, Segurtasuneko, Suhiltzaileetako eta Babes Zibileko zinegotzi ordezkariarekin, eta Udal Ordenantzen Kontrolerako Unitateko (UCOM) Ofizialorde Agintariarekin biltzeko eskaria ere egin dute. Batik bat, egungo Ordenantza betetzen dela ziurtatzeko eta dauden prebentzio baliabideak, bitartekoak, beharrak eta jarduketak ezagutzeko.

Salaketa eta eskakizun hauen aurrean, hainbat atxikimendu lortu dituzte: Morlanstarrak Auzo Elkartea, Manteo Bizirik Auzo Elkartea, Auzoa Eginez Groseko Auzo Elkartea, Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea, Egia Bizirik Auzo Elkartea, Begiris Elkartea, Altza XXI Auzo Elkartea, Bizilagunekin desazkunde turistikoaren aldeko plataforma, Oleta Auzo Elkartea, Erdian Bizi Auzo Elkartea, Intxaurrondo Zaharreko Bizilagunen Elkartea (IZBE), Amara Berri Auzo Elkartea, Lantxabe Aieteko Auzo Elkartea, Ekologistak Martxan eta Eguzki Talde Ekologista.