Familia barnetegiak, udako arnasgune

Maddalen Markaidak, udako barnetegietako bigarren arduradunak; Lizar Begoñak, AEK-ko irakasleak, eta Estibaliz Castillerok, hirugarren urtez familia barnetegiko erabiltzailea izango denak, bat egin dute NAIZ Irratian barnetegi horiek euskararen arnasgune direnaren ideian.

Familia barnetegiak, udako arnasgune

Loading player...
Lizar Begoña, Maddalen Markaida eta Estibaliz Castillero gaur Naiz Irratiko Bilboko estudioan.
Lizar Begoña, Maddalen Markaida eta Estibaliz Castillero gaur Naiz Irratiko Bilboko estudioan. (NAIZ)

Udaren atarian udaleku zein barnetegietan izena emateko unea iristen da, horien artean, AEK-k duen eskaintzan izen emateko aukera. Udako hilabeteetan, euskaltegietatik at, euskara ikasten eta erabiltzen jarraitzeko beste arnasgune batzuk dira barnetegi hauek.

Zortzi aukera ezberdin eskaintzen dituztela azaldu du Maddalen Markaida, udako barnetegietako bigarren arduradunak: «Zortzitik bi familia barnetegiak dira, beste bost euskalduntze barnetegiak, eta azkena, barnetegi ibiltaria». Euskalduntze barnetegietan 18 urtetik gorakoek parte hartu dezakete eta helburua euskara ikasi edota hobetzea da klaseen bitartez. Barnetegi ibiltarian ez dira eskolak ematen, aldiz, Orduñatik Forura bizikletan egingo duten bidean zehar praktikan jarriko dute. Azkenik, familia barnetegietan eredu ezberdinetako familiak elkartzen dira hamabi egunez familia arteko harremanak euskalduntzeko, eta baita mailak hobetu eta agiriak eskuratzeko ere. 

Azken ereduaren erabiltzaile izan da pasa diren bi urteetan Estibaliz Castillero, eta esan du aurten hirugarrenez izango dela alabarekin familia barnetegian. «Duela hiru urte itzuli ginen AEB-etatik Santurtzira, euskaltegiko ikasturtea amaituta ez nekien udan non aritu euskaraz eta familia barnetegien berri izan nuen», kontatu du. Gaineratu du alabak, D ereduan ikasteko, euskara hobetu behar zuela eta beraz, elkarrekin eman zutela izena. 

«Lehen urtean nik agiria behar nuelako eta berak euskara ondo ikastea behar zuelako joan ginen; bigarren urterako alabak eskatu zidan berriro joateko»

Adunan egiten diren barnetegi horiek bi atal izaten dituztela azaldu du Lizar Begoña AEK-ko irakasleak: «Hamabi egunetan zehar, goizetan eskolak ematen dizkiegu helduei eta bitartean haurrak begiraleekin egoten dira, eta arratsaldean ekintza ludikoak egiten ditugu». Goizetik gauera euskaraz aritzeak teoria ikasteaz gain praktikara eramateko aukera ematen diela nabarmendu du irakasleak. 

Barnetegi eredu honetan heldu zein haurrek gozatzen dutela azpimarratu du Estibalizek, eta bertaratzeko helburuak aldatzen joaten direla urtetik urtera: «Lehen urtean nik agiria behar nuelako eta berak euskara ondo ikastea behar zuelako joan ginen; bigarren urterako alabak eskatu zidan berriro joateko, eta nik mintzamena garatzeko aukera izan nuen. Aurten hirugarrenez goaz, gure oporraldia bihurtu da, eta gogoz gaude». 

Arrazoiak arrazoi, familia ezberdinak elkartzen dira Adunan eta Lizar Begoñak kontatu du irakasle bezala bertaratzea ere gustura egiten duen zerbait dela, euskara beste toki batetik erakusteko aukera ematen diola. «Era afektiboago eta praktikoagoan irakasten da, eta haien hobekuntzak asko nabari dira, uneoro gure hizkuntza erabiltzen ari baitira», dio irakasleak, eta gaineratu du harreman estuak sortzen direla bizikidetza horretan. 

Herritarren errietak, baliogarri

Erabiltzaileek haien artean euskaraz egiteaz gain ingurune euskaldun batean egoteak ere laguntzen duela aitortu du Estibalizek. «Adunan herrikoekin erabilera praktikatzen dugu, eta egoera ezberdinak bizitzen ditugu euskaraz», esan du erabiltzaileak, eta barre artean kontatu du iaz herritar batzuek haurrei errieta egin zietela euskaraz, eta hori agian haien herrian ez litzatekeela gertatuko. 

Uda honetan familia barnetegiek bi data ezberdin dituzte, lehena uztailaren 20tik 31ra izango da, eta bigarrena abuztuaren 3tik 14ra. Oraindik bada izen emateko aukera eta Maddalen Markaidak dei egin die familia ezberdinei parte hartzera: «Beste toki batetik bizitzen da euskara eta gozatu egiten da esperientzia honetan». Azpimarratu du familia eredu ezberdin guztiak direla onartuak. 

Castillerok bat egin du Markaidaren deiarekin eta gehitu du hasieran lotsa eman badezake ere harreman estuak sortzen direla, barnetegiak arnasgune bihurtzen direla eta erabat beharrezkotzat du Adunan bizitakoa bere euskararen hobekuntzarako: «Barnetegira joaten garenok euskara jarri dugu erdigunean, eta garrantzitsua da gure haurrei hori erakustea. Beraz, zalantzan dagoen oro gonbidatuko nuke behin proba egitera».