Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

‘Lamiak’, Lurdes Iriondoren ipuin kantatuari Joserra Senperenak sortutako bertsioa

Lurdes Iriondoren ‘Lamiñak’ ipuin kantatuaren bertsioa (‘Lamiak’) sortu du Joserra Senperenak, Mikel Laboa Katedraren ekimenez. Bideoklipa grabatu dute Inge Mendiorozen zuzendaritzapean. Itziar Ituñok jarri dio ahotsa eta Imanol Elizasuk zuzendutako Zariatxo haur abesbatzak ere parte hartu du.

Joserra Senperena eta Itziar Ituño, ostegun honetan, grabaketan.
Joserra Senperena eta Itziar Ituño, ostegun honetan, grabaketan. (Jon URBE | FOKU)

‘Laminen farrak tximistak dira/ eta haien ileak sua/ erreka ondoko itzal bustian/ esnatzen dira pago adarrak/ ‘Etorri lamiñak, diote pagoek/ etorri gu besarkatzera’. Horrela hasten da ‘Lamiñak’ abestia. ‘Ortzadarra eta haurrentzat beste kanta asko’ diskoan eman zuen argitara Lurdes Iriondok. 1978. urtea zen. Herri Gogoa disketxe historikoaren –Jose Angel Irigarai, Iñaki Beobidek eta Axen Egañak bultzatua– eskutik kaleratu zuen. 

48 urte beranduago bizi berria hartu du ‘Lamiñak’ abestiak Joserra Senperenaren eskutik. Bertsio berriaren bideokliparen grabaketa egin dute bi egunez Andoaingo Garate Estudioan. Inge Mendiorozek zuzendu du eta ahotsa ipiniko duen interprete-aktore nagusia Itziar Ituño da. Imanol Elizasuk zuzendutako Zariatxo haur abesbatzak ere parte hartu du proiektuan. 

Bada datu aipagarria. «Berreskuratu eta mantendu dugu Lurdes Iriondoren ahotsa zati batzuetan. Hasieran eta bukaeran errezitatu egiten du pixka bat eta finean kantu bat da», esan du Senperenak.

Mikel Laboa Katedraren enkarguz ondu du bertsioa. «Bertsio eguneratua egin dut nik, pop doinuetara ekarriz», kontatu dio NAIZi. 

Antton Valverde pianoan zuela grabatu zuen Lourdes Iriondok. «Sugerentea eta dibertigarria, oso gauza polita» bezala deskribatu du donostiar musikariak Iriondoren pieza. Lamiez gain, naturako hainbat elementu ageri dira, animaliak zein zuhaitzak. Pagoek eta hontzek hitz egiten dute, bizitza hartzen dute». 

Sugerentzia horretaz baliatu da Senperena bera ere bertsio berritua ontzerakoan. «Lurdesek kontatzen dituen gauza sugerente horiek musikara ekarri eta kantu polit bat egiten saiatu gara».

Bideokliparen ideiari dagokionez, «aspalditik edozein kantuk bere ikus-entzunezko euskarria izan behar du», dio Senperenak. Andoaingo Garate Estudioa aukeratu dute horretarako. «Mendi tontor batean kokatuta dagoen baserria da. Basoa dago bertan eta estudioa egurrezko ganbara da. Oso egokia da kanta honetarako».

Senperenak –teklatuak eta ahotsak– ondoan ditu bideoklipean Rafa Rueda gitarran, Fernando Neira baxuan eta Karlos Arancegui baterian. «Zuzenean grabatu dugu», zehaztu du. Asteazken goiza eman zuten laurek grabaketan eta arratsaldean abesbatzako kideen txanda izan zen. Ostegun honetan, berriz, Itziar Ituñok hartu du lekukoa. 

Errekonozimendua

Iriondok diskogintzan eta zuzeneko kontzertuetan egindako ibilbidea ezaguna da. Ez hainbeste hezkuntza alorrean garatutakoa. «Nik uste horrelako figura batek merezi duela orain jasotzen ari den errekonozimendua. Letek eta Laboak kontzertuak ematen jarraitu zuten, beste batzuek, aldiz, ez. Lurdesek ipuinak egiten segitu zuen ikastoletan. Eta hori ez genekien. Ingeren dokumentala ikustean konturatu nintzen kontu asko ez nekizkiela», aitortu du Senperenak.  

Berak ezustekoa hartu du. «Gure etxean bazeuden disko zaharrak, Xabier Lete eta Lurdes Iriondorenak, baina nik ez nituen ezagutzen haurrentzako egindako disko hauek. Sorpresa izan da. Gauza bat da kantuak ezagutzea eta beste bat behintzat existitzen direla jakitea, ez?».

«Mendiorozen dokumentalean nabarmentzen denez, Iriondo aski abeslari garrantzitsua izan zen arren bera izan zen luzaroan Ez Dok Amairu taldeko kide ezezagunetakoa, maiz Xabier Leteren itzalean geratu ohi zena. Urte batzuetatik hona zenbait ikerlan argitaratu da agerian uzten duena Iriondo emakume bide-urratzailea izan zela euskal testuinguru musikalean. Eszena albo batera utzi eta hezkuntzaren esparruan murgiltzea erabaki zuenean ere, euskarazko hezkuntzarako materialen sorreran aritu zen, horietako asko musikatuak», gogoratu du Amaia Elizaldek, EHUko Mikel Laboa Katedraren zuzendariak. 

«Literaturaren esparruan gertatzen den moduan, esan genezake haurrentzako materialgintza musikatua bigarren mailako jarduera gisa geratu dela Iriondoren ibilbidean. Helduentzako disketan kaleratu zituan abestiak ezagunagoak dira besteen aldean. Alabaina, haurtzarorako euskarazko materialgintza ezinbestekoa zen garaian berebiziko garrantzia izan du Iriondok egindako lanak», gaineratu du.

Inge Mendioroz berak eta Idoia Garzesek iazko Zinemaldian aurkeztutako ‘Lurdes Iriondo, ez gera alferrik pasako’ filma –hura ere Mikel Laboak sustatu eta finantzatua– eta beste hainbat proiektu Lourdes Iriondoren figura osatzera eta justizia egitera datoz.

«Iriondok haurrentzako materialgintzaren arloan egindakoa ikusgarri egin nahi da, haren lana lehengaitzat hartutak moldaketak egin eta erabateko gaurkotasuna duen pieza berri bat sortuz. Uste dugu hori dela omenaldirik onena: hark sortutakoak arnasberritu eta berriz ere egungo haur zein helduen ahotan erabil dadin zabaltzea», esan du Elizaldek.

Honela zioen Inge Mendiorozek NAIZi eskainitako elkarrizketan, iazko Zinemaldian. «Lurdesen lana osorik hartu dugu. Ez bakarrik oholtza gainean egin zituenak, baizik eta kultur lan guztia jaso nahi izan dugu. Euskararen eta kultura berpiztu edo kultura berria sortzearen alde egin zituenak. Euskal kulturaren transmisioaren alde egin zuen, ikusi zuen frankismoaren pean transmisioaren alde era askotara egin zitekeela eta berak aukeratu zuen haur eta gazteen inguruan lan egitea, beraiek direlako lehenengo kate-begia. Hori aitortu nahi genion, ez zen izan abeslari bezalako lana bakarrik, oholtzatik jaitsi ondoren ere lanean jarraitu zuen, hainbesteko distirarik ez daukaten zereginetan. Bere lana ezinbestekoa izan zen euskal kulturaren alde. Hori aitortu eta eskertu nahi genion», kontatu dute. Izan ere, literatura eta antzerkia ere jorratu zituen donostiarra.

Haurrentzako hiru lan

Hiru dira Iriondok etxeko txikienei zuzendutako lanak. ‘Ortzadarra eta haurrentzat beste kanta asko’ lanaren aurretik ‘Aur kantak’ (1969, EP formatuan) eta ‘Ipuiak’ (1975, LP formatuan) kaleratu zituen. Hirurek Herri Gogoa disketxearekin ikusi zuten argia. 

Idazteko zuen ironia aipatuko luke Iriondoren ezaugarri bat eskatuz gero. Bereziki umeen abestietan. «Mezu ezkutuak aurki daitezke nonahi. Lamia pertsonaiaren erromantizismoaren aurrean ironiz ‘esaten da, esaten dute, hainbeste gauza esaten da’ abestu zuen. Bere buruari ere berdina esango ziola imaginatzen dut». Nagore Ezeiza eta Eider Eibar gonbidatu ditu bideokliparen zuzendariak egitasmora.