Trumpen propagandak protestak kriminalizatzen jarraitzen du
Trumpek mendeku gose asegaitza duela jakina da. Bere aurkako irain gisa ulertu dituenak, aurkakotasun txikiena, garesti ordaindu beharreko arrangura bihurtzen du.

Oso bestelakoa da jarrera mendekati hori bere oposizio politikoaren aurka erabiltzea. Minnesotan duela hilabete batzuk immigrazioaren aurkako ICE agenteei aurre egin zieten hamabost pertsona auzipetu dituzte egunotan, eta «terrorismoa» egotzi die Etxe Zuriak. Beste batzuetan bezala, Antifako kide izatea leporatu diete, eta lau haizeetara zabaldu: «Trumpen Administrazioak beste kolpe latz bat eman dio Antifa sare terroristari», argitaratu du Washingtonek.
Ez da Donald Trumpen larderiak halakorik egiten duen lehen aldia. Zorionez, gorrotoz eta amorruz beteta egotea, eta manifestariak etsaitzat hartzeak ez dakar sistematikoki Trumpek amesten eta desio lukeen zigorra.
Ez da inongo sekretua AEBko presidenteak Minnesotari dion ezinikusia. Bere politika ankerrenak agerian uzteaz gain, horiek geldiarazteko gai izan ziren joan den neguan. Zoritxarrez, ez da harritzekoa Daniel Rosen Minnesotarako AEBko fiskalak hamabost minnesotar auzipetu izana, erridikuluak eta ezin ahulagoak diren akusazioekin: konspirazioa, delituen apologia egitea, estatu arteko mehatxuak, estatu arteko jazarpena, funtzionario federal bati eraso egitea eta Gobernuaren ondasunak suntsitzea leporatuta.
Atzean dagoena ezaguna da: AEBko Gobernuko Justizia Saila inongo independentziarik gabe Trumpekiko erabat otzana den bulegoa dela. Hala, presidentearen aginduak betetzen ari da, «antifa» talde terrorista antolatu bat dela dioen ustea betez, benetan zer den ikusteko itsu edo gogorik gabe: jendeak faxismoaren aurka dagoela adierazteko erabiltzen duen terminoa. Antifaxista da ezkerra, eta antifaxistak ziren Europan borrokatu ziren soldadu zuri eta kontserbadoreak ere. Trumpek, gainera, lege federalari aurre egiten dion erresistentzia oro kriminalizatu nahi du, baita erresistentzia hori nolakoa izan behar den eztabaidatzea ere. Laburbilduz, protestarako eskubidea zapaltzeko ahalegina da. Eta beste estatu batzuetako kasuak aipatuz, kriminalizazioa maila nazionalera eramateko ahalegin ustela.
EZ DAGO ZALANTZARIK TRUMPEN ADMINISTRAZIOA
ezkerreko taldeak, manifestariak, eta diskurtsoak kriminalizatzeko ahaleginetan dabilela. Ez da orain hasi: iaz, «Antifa erakunde terrorista nazional gisa izendatzeko agindua» eman zuen AEBko presidenteak.
Sistema presidentzialista izanda ere, baditu mugak Etxe Zuriak. Eta Trumpen aginduaren arazo handienetako bat da, ezagun denez, Antifa ez dela erakunde bat. Trump ez da ñabardura zale, baina Estatu Batuek, «nazioarteko terrorismoari» buruzko lege bat izan arren -eta horren zenbait pertsona edo erakunde-, ez dute haren parekorik barrura begira. Ezin du «erakunde terrorista nazional» izendatu. Ondo daki hori Ku Klux Klan eta eskuin muturreko bere zaleez diharduenean; baina, bere kalterako, ezkerrekoen kasuan ere ezin du.
Aipatu dugu Trumpek zelan daukan Minnesota jopuntuan. Beste edozein estatu demokratari baino gehiago eraso dio, modurik anker, xenofobo eta mingarrienean.
Somaliako etorkinak gorroto ditu; tabernako koinatuen gezurrak bota ditu mugarik gabe presidenteak haien kontra. Tim Walz gobernadorea ere gorroto du. Herra handiena, alabaina, minnesotarren aurkakoa da, Trumpen eta haren agente amorratuen aurka antolatu ziren moduaren aurkakoa. Minnesotarrek elkar babesteko ekintzak antolatu zituzten, ezagutzen ez zituzten auzokideak zaintzea erabaki zuten, itsu-itsuan haiek bahitzera zetozen kaputxadunen aurrean. Minnesotak Trump eta ICEko kriminalak umiliatu zituen, ICEko agenteek Renee Good eta Alex Pretti hil ondoren ere. Eta ezin ahaztu, Good eta Pretti aipatuta, eta protesta eta herritarren antolakuntza kriminalizatu nahi duten honetan, Trumpen Administrazioak berariaz uko egin diola Gooden hilketa ikertzeari, eta FBIk ez duela Minnesotako polizia-ikertzaileekin kolaboratu nahi izan, Prettiren hilketa argitzeko.
Zorionez, Trumpek botere guztia bere agintepean hartzeko duen joera eta gogoaren gainetik, nolabaiteko orekari eusteko gai izan da herrialdea, tantaka-tantaka botere judizialean ere MAGAk bere jendea kokatu arren.
Broadview-ko seien kasua ekarri dute gogora egunotan askok. Iazko urrian Chicagon antzeko konspirazio karguengatik auzipetu zituzten sei lagun. Fiskalaren jarrera hain izan zen ustela akusazioak lortzeko, ezen kasua bertan behera erori eta maiatzean Illinoisko Iparraldeko Barrutiko AEBko fiskalak karguak baztertu behar izan zituen. Bitarte horretan, akusatuek milioi bat dolarreko gastu legalak izan zituzten. Justizia Sailari dirutza horren erantzule izatea eskatu diote. Trumpen lekaioek badakite alferrik akusatu zituzten horiek arrazoi dutela, eta are salaketa judizial gogorragoekin joko dutela ziurrenik. Minnesotan ere litekeena da berdin gertatzea, baina bitartean amesgaizto luzea prestatu die Etxe Zuriak, herritar antolatuei dien gorrotoarekin.

El Ayuntamiento de Donostia prohíbe las cenas solidarias en la calle para personas sin hogar

El Ayuntamiento de Mañueta «cubrirá» pero no retirará una inscripción franquista

Fallece Aitor Agiriano ‘Toro’, exguitarrista de Doctor Deseo y compositor de música para teatro

«Ohorea izan da Zarauzko alkatea izatea; plazera ez beti, gogorra ere izan delako»
