Ane Alava
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Puerto Ricon zein Euskal Herrian

San Mamesen Zetak taleak eskainitako kontzertuko irudi bat.
San Mamesen Zetak taleak eskainitako kontzertuko irudi bat. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Zetak bezalako proiektuek euskararen eta gure kulturaren aldeko aldarrikapena egiten dute, eta horrek balio politiko argia dauka. Bad Bunnyren fenomenoak ere badu antzeko osagai bat: Puerto Ricoren errealitatea, kultura eta identitatea mundu osora eraman ditu. Bere arrakasta, hein handi batean, bere jatorria aldarrikatzetik elikatzen da. Horretaz gain, biek erakutsi dute aldarri sozial indartsuak egiteko gaitasuna dutela, publiko zabalengana iritsiz.

Hala ere, horrek badu arrisku bat: kultur proposamena bera kapitalismoaren produktu bilakatzea. Aldarrikapena marka bihurtzen da; komunitatea, publiko kontsumitzaile; eta mezua, marketin estrategia.

Berriki, Instagramen Bad Bunnyren “etxetxoaren” inguruko hausnarketa arkitektoniko batek zer pentsa eman zidan honen inguruan. Etxetxo horren ataria Puerto Ricoko langile klasearen topaleku eta atsedengune izan zen garai batean; egunotan, ordea, aberats eta boteredunen erakusleiho bihurtu da. Era berean, bideoklipa grabatu zen etxea bisita masiboak jasotzen ari da, eta bertan bizi diren auzokideen ezinegona erabat ulergarria da. Antzeko sentsazioa izan zuten Altsasuko bizilagunek azken inauterietan. Adibide horiek agerian uzten dute zein mehea den kultura aldarrikatzearen eta berau komerzializatzearen arteko marra, Puerto Ricon zein Euskal Herrian.

Hori esanda, eta berriro ere halako proiektu musikalek egin dezaketen ekarpenari balioa aitortuta, haien musika biltzen duen “opari-papera” auzitan jartzea gustatuko litzaidake. Kulturak komunitatea eraikitzeko gaitasuna dauka, baina bidean zerbait galtzen ez ote gabiltzan zalantza sortzen dit. Gai izango gara kulturak duen potentzial politiko eta eraldatzailea bizirik mantentzeko, arrakastaren eta merkatuaren logikek guztiz irentsi gabe?