Asier Aiestaran
Kazetaria

Orio garaipenaren bidera itzuli da Zierbenako olatuen artean

Bilbon banderarik gabe geratu ostean, Oriok kolpea eman du mahai gainean Zierbenako estropadan. Oriotarrak bikain moldatu dira olatuak hartzen eta Ligako bigarren garaipena eskuratu dute, lidertza sendotuz. Aipagarria Getariaren bigarren postua, bigarren txandan erakustaldia emanez.

Orio bikain moldatu da itsasoko lehen estropadan.
Orio bikain moldatu da itsasoko lehen estropadan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Oriok nagusitasunez irabazi du Zierbenan jokatu den Petronor bandera, Eusko Label Ligako hirugarren jardunaldian. Oriotarrek lehen paladatik hartu dute estropadaren burua, eta ez dute inoiz utzi, nahiz eta Bermeo saiatu den bezperan Bilbon egindakoa errepikatzen. Ligako bigarren garaipenak sailkapen nagusian lidertza sendotzeko balio dio talde gipuzkoarrari.

Bazen gogoa itsasoko lehen estropada ikusteko, eta ikuskizuna bikaina izan da. Jotzeko olatu ederrak, haizetxoarekin baina gehiegi ez. Eta baldintza horietan ederki moldatu da Orio. Bigarren kaletik, lehen luzearen erdialderako hiruzpalau segundoko aldea atera dute oriotarrek, baina ziabogan Urdaibai hirura zegoen, estropadan bete-betean sartuta.

Bigarren eta hirugarren luzean ere bermeotarrak gai izan dira aukerarik gabe ez geratzeko, zazpi segundo inguruko galerarekin, baina azken luzean erasoa jo du Oriok eta zuzen-zuzen joan da banderaren bila.

«Basurde zaurituak bezala atera gara. Atzo sentsazioak ez ziren onak izan eta arantza atera nahi genuen. Pentsa, bigarren egin eta arantza. Baina sentsazioak eta gure arraunketa dira garrantzitsuena, bestela ematen duelako irabaztera derrigortuta gaudela. Gaur lehen estropada erdia oso ona egin dugu, amaiera agian luzetxo egin zaigu, baina garaipenarekin oso pozik», adierazi du Gorka Aranberri patroiak.

Atzean, Zierbenak eta Donostiarrak gehiago sufritu dute, eta gipuzkoarrak, esaterako, bederatzigarren amaitu dute, Ligan dagoen parekotasunaren adibide.

Getaria, bikain

Hala ere, aipatu beharra dago bigarren postua ez dela Urdaibairentzat izan, Getariarentzat baizik. Bigarren txandan aritu dira getariarrak, jaun eta jabe, nahiz eta laugarren kaletik arraun egin. Hasieran palada erritmo oso altuan atera dira ustezko desabantaila horri aurre egiteko, eta lehen ziabogan aurretik sartu dute muturra. Tarteka Hondarribia atzean uzten zuten traineru pare bateko aldearekin, baina lan erditan oraindik hiru segundura ziren berdeak.

Bigarren erdian, ordea, Getariak zulo handiak ireki ditu, Hondarribia 11 segundora utziz –gipuzkoarrek, hori bai, Santurtziren denbora hobetu dute–. Getariarrentzat saria handia izan da, estropadan bigarren amaitu dutelako eta sailkapen nagusian jada laugarren kokatu direlako, Ohorezko Txandan.

Eta lehen txandan Santurtzik estropada bikaina egin du, Asier Arego patro beteranoa txopan zuela. Hasieratik markatu dituzte denbora onenak, Isuntzak laugarren kale aldrebesetik ateratzeko asko sufritzen zuen bitartean. Bigarren luzean asko parekatu da borroka, eta hirugarren ziabogan oraindik Chapela eta Lekittarra gainean zituen Soterak. Baina santurtziarren azken luzea ikaragarria izan da, olatuak bata bestearen atzetik hartu dituzte, eta azkenean 7 segundora utzi dute Chapela eta 14ra Isuntza.

Santurtzik seigarren postua sinatu du, eta aldiz Ares oso atzean geratu da, azken postuan bai gaur eta bai sailkapen nagusian. Asko estutu beharko dute galizarrek zulo horretatik atera nahi badute.

XLIII. PETRONOR BANDERA
1. Orio                         20:08.38 
2. Getaria                    20:13.86 
3. Bermeo-Urdaibai     20:21.40 
4. Hondarribia              20:24.94  
5. Zierbena                  20:26.94 
6. Santurtzi                  20:27.04 
7. Chapela                   20:35.10
8. San Juan                 20:37.22
9. Donostiarra              20:38.22
10. Lekittarra               20:42.00
11. Ondarroa               20:49.32
12. Ares                       21:08.56 

EUSKO LABEL LIGA - NAGUSIA
1. Orio                         35 puntu
2. Bermeo-Urdaibai     31 p.
3. Zierbena                  29 p. 
4. Getaria                    27 p.
5. Donostiarra             23 p.
6. Hondarribia             22 p.
7. San Juan                16 p.
8. Ondarroa                14 p.
9. Santurtzi                 12 p.
10. Chapela                11 p.
11. Lekittarra               10 p.
12. Ares                         4 p.