
Athleticek astelehen honetan iragarri duenez, Carmelo Cedrun Otxandategi (Zornotza, 1930) zendu da 95 urterekin. Iribar eta Zubizarretarekin batera, talde bizkaitarrak izan duen atezain onenetariko bat izan zen XX. mendean. Zuri-gorriekin liga bat (1955/56) eta hiru kopa (1954/55, 1955/56 eta 1957/58) lortu zituen, azkena Hamaika Abarkadunen balentriaz gogoratzen dena.
Kopa horietako bat, 1958koa, Real Madrilen aurka irabazi zuten Hamaika Abarkadunek, non eta Real Madrilen zelaian.
Atezain zornotzarrak ate zuri-gorria defendatu zuen 14 denboralditan. Orotara, 404 partida jokatu zituen. Hori dela eta, Athleticen elastikoa gehien jantzi duen jokalarietako bat da, 18. postuan dago sailkapen horretan.
1951ko apirilaren 15ean debutatu zuen San Mamesen Sevilla FC taldearen aurka. Gainera, Jose Angel Iribar klubeko beste mito handi bati eman zion lekukoa, eta hark ordezkatu zuen Rosaledan, CD Malagaren aurkako partida, 1962an.
Cedrunek Athleticekin jarraian jokatutako partiden errekorra mantendu zuen 2019ra arte. 132 izan ziren jarraian kateatu zituen neurketak, 1952 eta 1957 bitartean. Marka hori gainditzeko ahalmena Iñaki Williamsek bakarrik izan zuen, eta zaleek omenaldi hunkigarria egin zioten Cedruni San Mamesen, 2019an lehoiek Granada CF taldearen aurka jokatu zuten partidaren aurretik.
Omenaldia
Talde zuri-gorriak astelehen honetan ere iragarri du ekitaldi bereziak egingo dituztela Cedrunen omenez. Jakinarazi dutenez, hileta elizkizuna uztailaren 8an, asteazkenean, izango da, 19.00etan, Durangoko Uribarriko Santa Maria Basilikan.
Era berean, Athleticek aurreratu du taldeak besoko beltza eramango duela etxean jokatuko duen ligako lehen partidan. Bertan, athleticzaleek minutu bateko isilune eta txalo zaparradarekin agurtu ahal izango dute atezain mitikoa.

Ni «oleada» de ceros, ni capricho del corrector; claves para entender lo ocurrido en la PAU

El txupinazo sumerge a la acalorada Iruñea en sus nueve días más desenfrenados

Fallece un montañero de Urnieta cuando descendía del Pic du Midi d’Ossau

La ridícula idea de acelerar el tiempo
