
Iruindarrek sanferminetako eskaileratxoa osatzen zuten bitartean, Jokin Aranbarrik berea osatu du. Eibarreko harrobian zortzi urtez entrenatu ondoren eta azken bi denboraldietan Lezaman lan egin eta gero, azkoitiarrak bere lehen prentsaurrekoa eskaini du astelehen eguerdian Ipuruan lehen taldeko entrenatzaile bezala. Amaia Gorostiza presidenteak eta Cesar Palacios Kirol Zuzendariak lagunduta, Aranbarri hunkitu egin da Eibarrera kadete mailan entrenatzera iritsi zenetik izan duen ibilbidea eta klubak berak denbora honetan izan duen hazkundea gogoratuz.
Aranbarrik jasotako «konfiantza» eskertzen hasi du bere agerraldia. «Gaur hemen egotea ohore bat da niretzat. Lehen aldiz deitu zidatenean, barru danak mugitu zitzaizkidan. Hainbeste urtez hemen egon eta gero, gaur hemen egotea ohore handia da. Argi dago apustu garrantzitsua dela, jabetzen naiz zein une den, eta horregatik nator ilusioz beteta eta konpromiso handiarekin. Eta gauza bat argi daukat, ez dira faltako lana eta konpromisoa eta espero dut horrekin eta gure maila onarekin, eibartar eta eibarzale guztiak gutaz harro agotea taldea ikusten dutenean».
«Zortzi urte eman ditut klubean –gaineratu du–, hemen formatu naiz entrenatzaile gisa eta gauza asko bizi izan ditut. Oso garrantzitsua da niretzat eta nire familiarentzat. Oso identifikatuta sentitzen naiz klubarekin, gauzak egiteko moduarekin. Eta ilusioa, sakrifizioa eta lana oinarri hartuta, konfiantza itzuli ahal izatea besterik ez dut espero, egunetik egunera hobeak izan gaitezen», gaineratu du azkoitiarrak, Eibarrekin duen lotura ez dela klub armaginera mugatzen gogoratuz, Gorpuntz Hezkuntzako irakaslea baita eta hainbat urtez eskolak eman baitzituen hiriko ikastetxe batean.
Amaia Gorostizak entrenatzaile berriak «klubarekin duen lotura» goraipatu du, besteak beste. «Bere bide osoa hemen, pausoz pauso eta esfortzu handiarekin eraiki duen teknikaria da –azaldu du–. Oso pertsona konstantea da eta barrutik ezagutzen gaitu». Aranbarrik bere ibilbide osoa formazioko futbolean egin du, eta hau izango da bere lehen esperientzia aulki profesional batean, baina presidente gorri-urdinak azaldu duenez, «bere ibilbidea oso ingurune zorrotzetan garatu du, hazten eta erantzukizunak bere gain hartzen joan da, eta taldeak gidatzeko, testuinguru ezberdinetara egokitzeko eta jokalariei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko gaitasuna duela erakutsi du. Oso profil prestatua du, eta lehiatzeko moduaren ideia argia. Behar dugun gogoa, ilusioa, prestaketa eta energia ditu».
Cesar Palaciosen esanetan, «egun garrantzitsua da guretzat, gure harrobiko futbolarentzat. Entrenatzaile bat kadete mailatik bigarren taldera igotzen joatea eta orain lehen taldera heltzea oso garrantzitsua da eta asko esaten du harrobian pertsona askok egunero egiten duten lanaz. Jokalariek ez ezik, entrenatzaileek, prestatzaileek, analistek… gora egiten dute ere». Zentzu horretan, Kirol zuzdendariak azaldu du Carlos de Blasis filialetik igoko dala, Mikel Calvorekin batera prestakuntza fisikoaz arduratzeko. Aranbarriren bigarren entrenatzailea, berriz, berarekin Bilbao Athleticetik datorren Mikel Balenziaga futbolari ohia da.
Aranbarriren libretoa
Alderdi sentimentaletik plano pragmatikoago batera pasatuz, Aranbarrik bere futbol ideiak, lan metodoak eta nahi duen lehia maila lortzeko emango dituen urratsak ere aipatu ditu. Berarekin beheko mailetan lan egin zuten hainbat futbolari ezagutzen dituen arren –Arrillaga, Mada eta bigarren taldetik gutxienez denboraldiaurrea egiteko igoko direnak–, azaldu duenez, «lehenik eta behin jokalari horiek egunerokotasunean nolakoak diren ikusi behar dut. Eta hori ikusi eta gero, garbi daukat zer eduki behar duen taldeak. Erritmo altuan jokatzea gustatzen zait, bertikalak izatea, talde dinamikoa... Horretarako, garrantzitsua da agresibitate puntu bat izatea, baloiarekin zein baloirik gabe, partida guztietan ekimena gurea izateko. Protagonistak izatea. Eta protagonista izateko, ezinbestekoa da egoera desberdinetara egokitzeko gaitasuna izatea».
Teknikaria bera da egokitasun prozesu bati ekin beharko dion lehena. «Lehen helburua denok egokitzea da», esan du. Pozik dago taldea egina dagoela ikusten duelako eta berarekin konektatzea espero du, nahiz eta hau bere lehen esperientzia aldagela profesional batean izango den.
«Taldea asko gustatzen zait. Inoiz ez da jakiten zein den arrakastarako bidea, baina jokalari asko mantentzea positiboa da. Jokalari onak dira, eta espazioak partekatu izana, elkar ezagutzea, elkarrekin entrenatzen eta jokatzen duzunean sortzen diren lotura natural horiek oso garrantzitsuak dira futbolean, taktiketatik, egituretatik... haratago», adierazi du.
Bigarren atal hori bere ardura izango da, eta «jauzia garrantzitsua» da. «Futbol profesionala da, dakarren guztiarekin. Presioa, emaitzen beharra... Baina uste dut dena pertsonez ari dela. Orain arte jokalari gazteagoekin lan egin dut, baina jokalari ere izan naiz, errendimenduko aldageletan egon naiz, badakit aldagela batek nola funtzionatzen duen, jokalariek zer pentsatzen duten... Kudeaketari eta tratuari dagokienez, bi pertsonak egiaz hitz egiten dutenean, maitasunetik, beti daude konektatzeko eta ulertzeko zirrkitu eta bideak. Ez dut uste komunikazioan eta kudeaketan arazorik egongo dagoenik».
Bestalde, eta taldea egina dagoen arren, mugimendu batzuk egon dira dagoeneko. Jose Corpasek eta Toni Villak alde egin zuten, Marco Moreno Brasilera joan da eta Pejiño Eibarrera iritsi da. Palaciosek azaldu duenez, «gai batzuk Beñat San Joserekin planifikatuta zeuden, eta ezin duzu atzera egin», eta ez du baztertzen oraindik mugimendu gehiago egotea; «badakigulako merkatua nolakoa den».
Klubaren egoera ekonomikoak ez du aukera handirik ematen, eta horrek ederki azaltzen du harrobiaren alde egiten ari den apustu gero eta handiagoa maila guztietan. Beraz, fitxaketak behar-beharrezkoak badira eta dirua uzten duten jokalariak ateratzen badira bakarrik egingo dira, eta lehen errefortzuak bigarren taldetik iritsiko dira, denboraldiaurrea Aranbarriren aginduetara hasiko duten futbolariekin, alegia, kasu batzuetan dagoeneko Bigarren Mailan debuta egin dutenak.
Egutegia
Aranbarriren aurkezpenarekin, Eibarrek denboraldiaurreko txupinazoa bota du. Astearte eta asteazkenean, futbolariek ohiko proba medikoak egingo dituzte eta ostegunean, Areition, udako lehen entrenamendua egingo dute. Hiru lanegun izango dira, igandeko atsedenaldira arte.
Klubak, momentuz, lau lagunarteko programatu ditu: uztailaren 18an Alavesekin Guardian, uztailaren 25ean Athleticekin Zamudion, uztailaren 29an Sanserekin Zubietan eta abuztuaren 8an Real Unionekin Irunen. Stadium Galeko partida jokatu eta astebetera, armaginek Ligari ekingo diote, Tenerife Ipuruan hartuz.

Los artistas se posicionan de diferente modo ante la huelga de técnicos en Gasteiz

El jefe de Policía de Santurtzi se marcha, con la muerte de Ander y la OPE aún sin aclarar

El párroco de Uharte reclama una respuesta militar en Ceuta y llama a «reconquistar Marruecos»

El Aquavox que Barcina impuso para cargarse el gaztetxe acaba en fiasco millonario


