Mikel Zubimendi
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Marruskadurarik gabeko zepoak: Bulkadaren ekonomiaz

Klik bakar batekin ordaintzetik «erosi orain eta ordaindu gero» zerbitzuetaraino, sistema digital modernoak helburu argi batekin diseinatzen dira: gastatzea azkarragoa eta errazagoa izan dadila, eta horri kontra egitea, zailagoa. 

Indonesiako kafetegi batean tarjetarik gabeko ordainketa bat egiten.
Indonesiako kafetegi batean tarjetarik gabeko ordainketa bat egiten. (SUTANTA ADITYA / NURPHOTO / | AFP)

Ekonomia digitalaren joera da: kontsumoa gero eta azkarragoa, errazagoa eta eteteko zailagoa bihurtzen ari da. Research and Markets merkatuaren ikerketen munduko plataforma handienak 2026ko urtarrileko txostenean esan bezala, “erosi orain eta ordaindu gero” salerosketa moduak errekorrak hautsi ditu merkatu globalean, gastatzea azkarragoa eta errazagoa egiten duten finantzaketa sistemen gorakadaren erakusgarri.

Era berean, erosteko erabakia moteltzen zuten etenaldi txikiak ezabatzeko teknologietan inbertitzen ari dira; izan ere, zenbait funtzionalitatek, hala nola klik batean ordaintzeak, gomendatze algoritmikoak eta baimentze biometrikoak, posible egiten dute, istant batean, desira erosketa bihurtzea.

Azkartze hori garrantzitsua da, portaeraren ekonomistek aipatzen dutenez, “marruskadurak” autokontrolean duen zereginagatik. Izan ere, oztopo txikiek, hala nola ordainketarako datuak sartu beharrak edo denda batera joan eta erosketa baino lehen itxaron beharrak, erabakia birplanteatzea eragin dezakete.

Eta «marruskadurarik gabeko kontsumo» berri honen ondorioak erosotasunetik harago doaz. Ekonomistak eta kontsumitzaileen psikologoak familien zorpetzea, erosketa konpultsiboak eta epe luzera begira erabakiak hartzeko ahalmen txikiagoa bultzatzen ote dituen aztertzen ari dira.

Plataforma horiek, beren zerbitzuak erabiltzen direnez erosteko, jateko eta dirua gastatzeko, informazioa dute ohitura horien gainean; hala, bulkadaren ekonomia funtsezko osagai bilakatu da ekonomia digital modernoan.

Zorra klik baten abiadan

Merkataritza digital modernoa esfortzua minimizatzean eta kontsumitzaileen ahultasun kognitiboak ustiatzean oinarritzen da, gomendioak egiten dituzten algoritmoen bidez eta banakoen portaeren datuekin produktuak eta promozioak pertsonalizatuz.

Eta atzean pizgarri ekonomiko handiak daude. Plataforma digitalen irabaziak handitu egiten dira erabiltzailea gero eta konprometituago mantentzen bada, maiztasun handiagoz erosten badu eta gastatzeko erabakiak birplanteatzeko aukera gutxiago badu. Beraz, komenentzia ez da bezeroari erosketa prozesua erraztea: diru sarrerak handitzeko estrategia da.

Marruskadurarik gabeko kontsumoaren adibide garbiena etxeko finantzetan «erosi orain eta ordaindu gero» zerbitzuek izan duten gorakada da. Erosleak ordaindu ahal izan arte erosketa atzeratu ordez, sistemok transakzioak kuota txikiagotan zatitzen dituzte, eta psikologikoki maneiagarriagoak dirudite askotan.

Epeka ordaintzeko aukerak salmentak handitzen ditu, eta ikerketa ugariren arabera, ez ordaintzeko arrisku handiena duten kontsumitzaileek arrisku txikiagoa dutenek baino bi aldiz sarriago hartzen dute aukera.

Eta horrek iradokitzen du finantza mailan zaurgarriak diren populazioetan eragin handiagoa dutela. 

Epeka pagatzeak portaeraren ekonomistek «ordaintzearen mina» deiturikoa arintzen du, diru gabe geratzeak eragiten duen deserosotasun psikologikoa. Zati txikiagotan kostuak banatuz, finantzen ikuspuntutik erosketak ez dira hain esanguratsuak, baina gastu orokorrak gora egiten du.

Eredu horren arriskuak agerikoak dira. Kezka orokorra ez da bakarrik kontsumitzaileen zorra handitzea, zorra metatzeko abiada eta erraztasuna baizik.

Etengabeko kontsumoa hedatu Marruskadurak ezabatzea online egiten diren erosketetatik askoz harago doa. Streaming zerbitzuek ikusleek gero zer eduki ikusiko duten erabaki aurretik erreproduzitzen dute proposamena, automatikoki; etxez etxeko janarien banaketa zerbitzuek jatearen inguruko erabakiak segundo gutxira mugatzen dituzte.

Autokontrola ahultzen da. Bereziki, gazteena. Kontsumo digital konpultsiboko patroiak autorregulazio txikiagoarekin eta emozionalki erreaktiboa den gastuarekin lotzen dituzten ebidentziak gero eta ugariagoak dira. 

Guztiz digitalak diren erosketa ekosistemetan jaio diren gazteek finantza mailako erabakiak, ondo pentsatuta eta hausnartuta baino, erosotasunaren eta pertsonalizazioaren bueltan eraiki diren interfazeen bidez hartzen dituzte.

Sistema digital asko pazientziarik ezaz, zerbait galtzeko beldurraz eta erabakiak hartzeko nekeaz aprobetxatzen dira. Eta ahultasun horiek ustiatu egiten dira, are indartsuago, kontsumitzaileak zein momentutan dauden eta emozionalki eta inpultsiboki noiz jokatzen duten identifikatzen duen pertsonalizazio algoritmikoarekin.

Marruskadura berriz sartu

Era berean, kontsumitzaile askok erresistentzia egiten dute kontsumo hiperoptimizatuen aurrean. Aurrekontuen aplikazioak, gastu intentzionalen mugimenduak eta desintoxikazio digitalerako joerak ezinegon baten berri ematen digute. Tentsio horrek ekonomia digitalaren fase berria defini dezake.

Transakzioak azkartzeko eta sinplifikatzeko lehia hor da, baina baita kontsumitzaile askok gogoeta eta beren bizitzaren kontrola berreskuratzeko egiten duten bilaketa ere.

Beraz, eztabaida ez da erosotasunaren inguruan ardazten. Kontua da berehalakotasun eta kontsumo jarraituaren inguruan optimizatu den ekonomiak koexistitu ahal duen epe luzeko finantzen egonkortasun eta kontsumitzailearen autonomia esanguratsu batekin.

Sistema digitalak prediktiboagoak eta pertsonalizatuagoak bilakatzen diren heinean, politikariek eta kontsumitzaileek galdera berari erantzun beharko liokete: zenbat marruskadura behar du benetan ekonomia sano batek?