Udakoak jaialdiak Arnaga euskaldunduko du uztaila amaieran

Estivales jaialdia birpentsatu eta birformulatu egin du Kanboko herriko etxeak. Euskaldundu, kanboarrei gerturatu eta mugaz bestalderako zubiak eraikitzeko asmoz izen eta izan berria izango du Udakoak jaialdiak. Uztailaren 23tik 25era bitarte ospatuko da Arnaga etxean eta musika izango da nagusi.

Donostian aurkeztu dute antolatzaileek Udakoak jaialdia
Donostian aurkeztu dute antolatzaileek Udakoak jaialdia (Maialen Andres | FOKU)

Arnagako jauregia musika doinuz blaituko da uztailaren 23tik 25era. Udakoak jaialdia Kanbon ospatzen zen Estivales festibalaren edizio berritua da eta izena ez ezik, izana ere eraldatu nahi izan dute antolatzaileek. Donostian egin dute aurkezpena Peio Etxeleku Kanboko auzapezak, Matthieu Haramboure kultura auzapez-ordeak eta Jean-Marie Ecay gitarra-joleak. Ez da kasualitatea Gipuzkoako hiriburua hautatu izana aurkezpenerako, jaialdiak emandako biraren ondorio ere bada. Izan ere, Udakoak-en helburu nagusiak jaialdia bera «euskaldundu» eta, horrekin batera, ipar eta hegoaren arteko zubiak eraikitzea dira. «Mugaz gaindiko ikuspegia eman nahi diogu, parada ezin hobea izango da gurera etorri eta anai-arreba artean momentu goxo bat elkar konpartitzeko».

Martxoaz geroztik Kanboko alkate da Etxeleku. Udalerriak Ipar Euskal Herrian «bere zentralitatea duela» azaldu du, Lapurdi barnealdean «hiri nagusi bezala jokatzen» baitu zerbitzu ikuspegitik, baina baina kultur mailan ere, «betidanik sorkuntza espresio gune zabal bat izan da». Besteak beste, Mixel Labeguerie ekarri du gogora, mediku, musikari, Kanboko alkate eta «XX. mendeko euskal kulturaren gizon handia» izandakoa. Hiriak antzerkiarekin duen lotura ere azpimarratu du auzapezak. 

Hain zuzen ere, 1989an Accords elkarteko kideek «Arnagako festibala deitzen zutena sortu zuten, bereziki antzerkiaren inguruan. Duela zenbait urte herriko etxeak bere esku hartu zuen antolaketa». Jaialdiaren programazioaren zati handi bat frantsesezko emankizunak ziren. Orain, udal-talde berriak «nahi eukan diogu eman euskal toke azkarrago bat, askotz azkarrago bat. Eta horretako ere nahi diogu eman mugaz gaindiko irudi eta itxaropen azkar bat».

Eszenatoki ezin hobea eskainiko du Udakoak-ek. «Arnaga egoitza oso berezi eta ospetsua» dela nabarmendu du Etxelekuk: «Arkitekturari dagokionez, euskaltasunarekin eta arkitektura tradizionalarekin lotura» handia duela azaldu du, Ingalaterra eta Frantziako eragina zuten garaiko estilo arkitektoniko nagusietatik at «nekazarien etxea maila gorenean» jarri baitzuen. Hala, jaialdia bera euskaldundu eta herritarrengana gerturatzearekin batera, gauza bera egin asmo dute Arnagarekin, «gehiago konektatzeko kanboarrak Arnagarekin eta Arnaga Kanborekin eta baita ere hegoaldearekin».

Musika protagonista

Matthieu Haramboure kultura auzapez-ordeak azaldutako moduan, jaialdia bereziki «antzerkiari lotua» izan da eta azken urteetan musikak geroz eta toki handiagoa izan du. Orain, are handiagoa izango da presentzia: «Gure sentsibilitatea musikarekin lotua izanik, aurten bereziki musikarekin lotua izango da».

Lehen egunean, uztailaren 23an, Kalakanen eskutik joango da gaualdia. Lehenik bikotea ariko da eta ostean, Berçaitz anaiak gehituko zaizkie «lau ahotsez» aritzeko. Amaitzeko, Kanboko Harmoniarekin batera borobilduko dute emankizuna. Ostiralean antzerkiaren txanda izango da. Ageneko ‘Les Comédiens du Chêne’ konpainiak frantses estatuko «feminista aitzindarietako bat» izandako Rosemonde Gérarden ‘Les Papillotes’ antzezlana defendatuko du. Amaitzeko, larunbatean, jazz eta world doinuak izango dira nagusi. Jean-Marie Ecay gitarra-joleak emanaldia eskainiko du, besteak beste, Marc Berthoumieux akordei-jolearekin batera. Gitarralde jaialdia zenak ere izen berria hartu du, eta hala, Guitaraldiaren geltokietako bat izango da Arnaga. Ecay bera da gitarraren moldakortasunaren lekuko den festibalaren zuzendaria eta pozez agertu da Harambourek eta Etxelekuk eskainitako aukeragatik. Sarrerak Kanboko herriko etxeko web atarian daude salgai.